Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Usainaren forma

Olafur Eliasson

Izenburua:
Usainaren forma
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Artea eta musika | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lankidetza artistikoa | Alex Somers | Jónsi | Emozioa | Pertzepzioa | Lurrinak | Usainak
Artelan motak:
Arkitektura | Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

JÓNSI (JÓN THÓR BIRGISSON) Islandiako Sigur Rós post-rock taldeko musikaria eta abeslaria da. Ezaguna da bere faltsete bereziagatik eta instrumentu-sorta zabala jotzen duelako, pianotik hasita eta banjoraino. Baina, beharbada, bere gitarra, “The Bird”, arkuarekin jotzen duela du ezaugarririk nabarmenena. Hainbat ekimen osagarri egin ditu Jónsik urteetan zehar, hala nola, musika elektronikoko hiru disko grabatu ditu bere bakarkako Frakkur proiektuan, eta Jónsi & Alex egin du, Alex Somers-ekin lankidetzan bideratu duen arte-proiektu bat. Dagoeneko hainbat urte daramatza usainen sorrerarekin eta pertzepzioarekin esperimentuak egiten. 2018an, Eliasson-ekin elkarlanean aritu zen Errealitate-proiektorea (Reality projector) proiektuaren soinu-bandan, zeina Eliassonen kokapen zehatzeko argi-instalazio bat baita, Los Angelesko Marciano Art Foundation-entzat egina.

 

Olafur Eliasson: Jónsi, gustatzen zait perfumeak maskor edo armadura gisa, edo ia-ia zure gorputzaren inguruko arkitektura gisa ikus ditzakezulako ideia. Esadazu, nola sartu zinen perfumeen eta usainen munduan?

Jónsi (Jón Thór Birgisson): Urte asko dira usainek obsesionatzen nautela. Gustatzen zaidan gauza da: olio esentzialak erosten hasten zara eta nahasketekin esperimentatzen duzu, konbinazio ezberdinak sortuz, eta gero poliki-poliki konturatzen zara lurrin-molekulen mundu oso bat dagoela, eta badirela gauza batzuk existitzen zirenik ere ez zenekienak. Gero, pixkanaka, jakintza hori zabaltzen duzu. Interesgarria da. Lurrinaren mundua oso hermetikoa da. Egia esan, ikasi egin nahi dut, baina zaila da jakintza hori eskuratzea. Ezin duzu perfumegintzari buruzko liburuetan ikasi, norbaitengandik ikasi behar duzu, maisu batengandik.

 

[OE:] Eta lurrinen munduko jendeak usainei buruz hitz egiten duenean, dimentsio bat balitz bezala hitz egiten al du, edo jantzi bat balitz bezala, edo beste zerbait balitz bezala? Zein da usainaren forma profesional horientzat?

[J:] Musika bezalakoa da, ikusezina da. Gustatzen zait ikusezina den zerbaitekin lan egitea: ezin duzu ikusi, eta, hala ere, modu ikusezinean eragiten dizu. Ezin da azaldu musikak nola hunkitzen zaituen edo zergatik hunkitzen zaituen, eta antzeko gauza gertatzen da usainekin. Agian ez intentsitate berarekin, baina argi dago emozio benetan biziak eragin ditzaketela.

 

[OE:] Usainen mundu profesionalean, ba al dago denboran oinarritutako elementurik, musikan gertatzen den bezala? Lehenengo nota bat dago, eta gero hurrengoa eta azkena...

[J:] Musikaren antza du: badira oinarrizko notak, badira erdikoak, edo “bihotzekoak”, eta badira nota altuak. Abestean entzumena hezi dezakezun bezala, usaimena ere hezi dezakezu, esentziekiko eta lurrinekiko sentikorragoa izan dadin. Zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta usaimen hobea izango duzu. Sukaldean aritzea bezalakoa da, dena bezalakoa.

 

[OE:] Zein da gorputzaren geografia usainari dagokionez? Badago gorputzeko topografiarik usainentzat, badakizu, eskukoak, aurpegikoak, beste bizkarrekoak?

[J:] Bai, denak dira ezberdinak. Pertsona batzuek arropa lurrintzen dute; arropan ia-ia usain garbia dago. Baina azalean bestelakoa da beti. Zure azalaren araberakoa da, zure azaleko olioen konposizioaren araberakoa, horrelako gauzak. Perfume desberdinak desberdinak gertatzen dira pertsona desberdinetan.

 

[OE:] Usaina, niretzat, gauza ia espaziala da: pertsona baten usainaren kalitatearen edo intentsitatearen arabera, haren eta zure arteko distantzia intimoari antz ematen diozu, baina aldi berean esplizitua egiten da bien arteko tartea. Gogoan dut Islandian ezagutu genuela elkar, negu honetan, festa batean. Zuregana hurbiltzen ari nintzela, urruti samarretik konturatu nintzen perfume berezi bat zeneramala. Ohikoa dena baino askoz ere espazio handiagoa hartzen zenuen. Zure inguruan etxe bat bazenu bezala. Eta zuregana hurbildu nintzenean, konturatu nintzen zure atmosferan sartu nintzela, zure arkitekturan, zure auran. Gero, nire bisitaldia zure usainean hartzen ari bazina bezala izan zen, eta berehala bihurtu zinen nire bisitaldia hartzen zuen pertsona. Seguru aski nik usain txarra neukan, eta, orduan, oso modu atseginean, esan zenidan egin berria zenuela hantxe eskuan zeneukan lurrina, eta galdetu zenidan: “Axola dizu tanta batzuk jartzen badizkizut? Lurrin bizi bat da, oso gozoa”. Eta nik, nire apaltasuna adieraziz eta zu arbuiatu nahi izan gabe, baietz esan nuen berehala. Tanta batzuk jarri zenizkidan garondoaren bi aldeetan, eta esan nion neure buruari: “Iruditzen zait orain zuk bezalako usaina izango dudala”. Eta pentsatu nuen: “Orain ez naiz gonbidatu bat zure etxean, benetan etxea egiten ari naiz zurekin”. Etxea elkarrekin eraikitzen ari bagina bezala zen, harik eta konturatu nintzen arte nire usaina, izan, ez zela zurea bezalakoa. Eta horretaz konturatzeaz gainera, izugarri usain bizia nuela ere sumatu nuen! [Barreak]. Kontzientzia handia hartu nuen nire sudurraz. Baina usain zoragarria zen. Gogoratzen zara?

[J:] Ez.

 

[OE:] Larru-usaina zen... ke-usaina gehiago. Sarkorra zen, oso bizia zelako. Kolore bat balitz, kolore ilun bat izango zen. Espazio bat balitz, hutsune bat izango zen, bolumen bat baino gehiago. Gero, nire hotelera itzuli nintzenean, konturatu nintzen nola betetzen zuen usainak hoteleko espazio anonimo hura, eta nire usainarekin pertsonalizatzen nuela, zeina une hartan, bistan denez, oraindik ez baitzen guztiz nirea, zure usaina izaten jarraitzen baitzuen neurri handi batean. Eta pentsatu nuen: “Ene, nolako indarra duen”. Gero oheratu egin nintzen, oso egun luzea izan baitzen, eta baita oso gau luzea ere.

Goizean esnatu nintzen, eta hantxe segitzen zuen usainak, bezperan bezain sarkorra! Usain hura egun batzuetan eduki nuen. Kalitate handiko lurrina zen, seguru, eta gure topaketaren arrasto hori utzi zidan.

[J:] Bai, oroitzapen berezia.

 

[OE:] Oroitzapen ederra, oihartzuna bezalakoa. Asko gustatu zitzaidan. Ez nuen zehazki perfume gisa sailkatuko, baina lurrinean oinarritutako espazio-asoziazio batzuk sortu zizkidan. Dimentsioari dagokionez, usainak kolorea duela iruditzen zaizu? Bat al dator kolorearekin edo soinuarekin edo espazioarekin? Baduzu bigarren hizkuntza bat usainarentzat?

[J:] Ez. Ez…

 

[OE:] Nola hitz egiten duzu perfumeari buruz, deskribatzeko modurik ez baduzu?

[J:] Zaila da. Perfumeen fabrikazioa oso banakako ahalegina da. Usain eta aroma ezberdinetan murgiltzen zara. Azken batean, oso lanbide bakartia dela uste dut. Baina egin nuen perfumea, zuk usaindu zenuen hura, esentzia hutsa izango zen agian. Normalean alkoholean diluitzen da, eta horrekin ehuneko hamar edo ehuneko hogeiko intentsitatea izaten du. Seguru aski esentzia hutsa zen, horregatik zen hain bizia. Nik ez dut normalean perfumerik ematen, gehienak oso-oso txarrak direla iruditzen zait. Oso hau edo oso bestea izaten dira, lore-lurrin gehiegi dute edo gozoegiak dira.

 

[OE:] Zuk zeure perfumeak ematen dituzu?

[J:] Bai, baina ematen dudan bakarra da. Gizon egozentrikoa! Nik neure gauzak bakarrik erabiltzen ditut [barreak]. Etxetxo bat daukat Stokkseyri-n, eta sua egiten ere ibili naiz han. Ke- eta larru- usainaz aritu gara… gauza erreak dira. Eta neure olio propioak ere egin ditut, urki-alkaternaren olioa adibidez, zeina nagusiki beltza baita. Azala kentzen zaie zuhaitzei, sartzen da albo batera jarritako ontzi trinko batean, sua egiten da inguruan, azala sugarrik gabe erretzen da eta azaletik olio guztia askatzen da. Beste ontzi bat jartzen dut azpian, olioa jasotzeko. Zure bizitzan usainduko zenuen erre-usainik biziena da. Egiaz usain ona da. Batzuetan perfumeetan erabiltzen dut erre-usain egiazkoa emateko.

 

[OE:] Interesgarria da. Nik uste dut neurtu ezin diren gauzak gutxiesteko joera dugula, adibidez giro edo nolakotasun etereoak, nahiz eta estresatuta edo pozik sentitzea ere giro jakin bati zor zaion askotan. Gure umorea eta presentzia-sentsazioa, ongietorriak garelako sentsazioa, edo beste batzuk eskuzabaltasunez hartzen ditugulakoa, giro-kontuak dira, neurri handi batean. Elementu bisualen, akustikoen eta oinarrizkoen konbinazioa da: tenperaturen, materialen eta baita usainen konbinazioa ere. Uste dut bidezkoa dela esatea usaina dela kontuan hartzen ez den alderdi bakarra. Oraintxe amaitu dugu Fjordenhus eraikina, Vejle-n, Danimarkan. Diseinatu genuenean, lan handia egin genuen argiaren eta soinuaren kalitatean, lanerako ingurunea baita; airearen kalitatea ere zaindu genuen, tenperatura eta klima ere bai, baita beroa eta hezetasuna ere. Usainaz bakarrik ez ginen arduratu. Usaina ez da garrantzitsua arkitekturan. Zergatik?

[J:] Uste dut ahaztu egin zaigula, zeren, jendeak ez badu gauzetan pentsatzen, ahaztu egiten zaizkio.

 

[OE:] Dimentsio arkitektoniko gisa? Usainen erakusketa bat antola zenezakeela uste duzu?

[J:] Usainena bakarrik?

 

[OE:] Bueno, agian usainena bakarrik ez…

[J:] Bai, baina antolatu nahi nuke, hori da nire alorra. Egia esan, soinua, eskultura eta usaina nahastu nahi ditut. Uste dut zentzumenak engainatu nahi ditudala, artea —zuk arteaz hitz egiten duzu— aspergarria suerta daitekeelako, inolako emoziorik gabea. Nik uste dut mundu honetan gauden bitartean, ona izan litekeela jendea hunkitzen saiatzea, nolabait, onerako edo txarrerako. Beraz, bai, uste dut zentzumen gehiago eransten baduzu sentsazio gehiago sortzen hasiko zarela, eta hori ona da.

 

[OE:] Erabat ados nago. Baina jendea estresatuta dagoenean edo beldurrez dagoenean, bestelako usain bat izaten du.

[J:] Izerdi garratzarena.

 

[OE:] Esan nahi dut usain-gama edo -paleta bat dugula, eta, maiteminduta edo erotikoki kitzikatuta gaudenean, bistan denez, beste usain batzuk dauzkagu.

[J:] Bai, zalantzarik gabe.

 

[OE:] Zuk uste duzu perfume batek anplifikadore positiboa izan behar duela beti?

[J:] Ez dakit. Niri erre-usaina asko gustatzen zait, baina jende askori ez zaio gustatzen. Trinkoegia gertatzen zaie, desatsegina… Niri kanpalekuetako suak ekartzen dizkit gogora, halako gauzak. Sustraiekin eta instintuarekin dago lotuta, baita automatikoki konektatzen duzun zerbait eragiten duten elementuekin ere. Baina pertsona guztiak desberdinak dira.

Usaina pixka bat degradatu dela uste dut. Xanpuak usaintzen dituzunean bezala; arrosa-usaina hartzen diezu, eta usain hori ez zaizu batere gustatzen; baina lorategi batean arrosa usaintzen duzunean, sinestezina gertatzen da. Hori guztia, nolabait, urratu egin dute.

2018ko ekaina

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]