Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Istorioak kontatzen

Olafur Eliasson

Izenburua:
Istorioak kontatzen
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Arkitektura | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta politika | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Barjeel Art Foundation | Sharjah Art Foundation | Historia | Ingurunea | Kultura | Zentsura | Etiopia | Sharjah | Poesia | Hoor Al-Qasimi | Sultan Sooud Al-Qassemi | Adierazpen-askatasuna | Giza eskubideak | Ahozko tradizioa
Artelan motak:
Grafitia
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

SULTAN SOOUD AL-QASSEMI komentarista politikoa eta arte-bildumagilea da. Barjeel Art Foundation sortu du Sharjah-en, Arabiar Emirerri Batuetan, mundu arabiarrean artea erakusteko eta sustatzeko xedeaz. Asko idazten du, baita sare sozialetan ere, Golkoko estatuetako eta beste eskualde batzuetako gai sozial, politiko eta kulturalei buruz. 2011z geroztik, Arabiar Udaberriaren ondorioz, albiste- eta iruzkin-iturri garrantzitsua gertatu da sare sozialetan. Al-Qassemiri bekak eta egoitza-ikastaroak eman dizkiote MIT Media Lab-en (2014–16) eta New Yorkeko Unibertsitateko Ekialde Hurbilari buruzko Ikasketen Hagop Kevorkian Zentroan (2017ko udaberria), besteak beste.

 

Olafur Eliasson: Sultan, artearekiko duzun interesari esker ezagutu genuen elkar guk biok, eta badakit arte-fundazio bat sortu duzula (Barjeel Art Foundation). Bi aldiz jarri dira nire lanak erakusgai Hoor Al-Qasimi zure lehengusinak zuzentzen duen Sharjah Art Foundation-en. Harrigarria gertatu zitzaidan leku horretan —nahiko txikia da— bi adiskide nituela jakitea. Zergatik ematen zaio babes hori arteari bereziki Sharjah eskualdean, beste Emirerrietan ez bezala, areago, arabiar eremuan oro har ez bezala?

Sultan Sooud Al Qassemi: Begira, Arabiar Emirerri Batuak osatzen dituzten zazpi emirerrietako bat da Sharjah. Emirerri bakoitzak bere hiriburua du, beste hiri batzuez gain. Kuwaitekin eta Kuwait hiriekin, edo New York hiriarekin eta New York estatuarekin gertatzen den bezala, Sharjah hiria eta eremu zabalagoa hartzen duen Sharjah emirerria dauzkagu guk. Zuk Sharjahen bi pertsona ezagutzeko arrazoia izan liteke Sharjah, orokorrean, behe Golkoan garapenik handiena zuen hiria edo emirerria zela. Agintean dagoen familiak 1727an du jatorria. 1820an, Sharjaheko gobernadoreak, Sultan bin Saqr Al Qasimi xekeak, itun bat sinatu zuen Britainia Handiarekin, 1971ra arte indarrean egon zena, zeinaren bidez eremua britainiar protektoratua bihurtu baitzen. 1932an aireportu bat inauguratu zen, eta, hala, halako inbertsio bat egin zen azpiegituretan, nahiko goiz. Era berean, Sharjahen eraiki ziren Arabiar Emirerri Batuetako lehen hezkuntza-zentroak, eskolak eta klinika batzuk. Gainera, nolabaiteko aktibismo ezkertiar bat izan zen Sharjahen —adibidez, emakumeak eskolara joan zitezkeen—, eskualdeko beste alderdi batzuetan baino lehenago. Sharjahek populazio guztiz eskolatua izan zuen behe Golkoko beste alderdi batzuek baino belaunaldi bat lehenago. Interes handia dago kulturan, identitatean eta tradizioan; interes hori hezkuntzaren eskutik doa.

 

[OE:] Eta zuk eta zure lehengusinak, biek nahi duzue arabiar kulturaren —historia horren— hainbat alderdi nazioarteko kulturaren panoramarekin eta, bereziki, arte bisualekin lotu. Identitateaz dihardu kulturak funtsean. Noiz onartu zenuen lehen aldiz kultura hizkuntza moduko bat dela, bestela eraikitzen oso zailak izango liratekeen zubiak jartzeko gauza dena?

[SSAQ:] Bueno, istorio-kontalaritzat hartzen dut nik neure burua. Egunkari bat idazten dut, adibidez, 1993. urteaz geroztik. Kontakizun laburrak idatzi ditut, eta txikitatik hasi nintzen antzezlanetan jokatzen, eskolako antzokian eta telebistan. Beraz, beti ikusi dut neure burua horrela. Irakaskuntzan, hitzaldiak ematen, idazten eta antzezten aritzen naiz, baina, horrez gain, artea istorio bat kontatzeko modu bat dela iruditu zitzaidan, Ekialde Hurbilean eta mundu arabiarrean zure historia kontatzeko modu bat bai behintzat, non oraindik ere, nire ustez, gauza asko baitago ulertzeko. Pertsona batzuk ez dira konturatzen zeinen urrutitik datorren kultura artistikoa munduko alderdi honetan. Niretzat garrantzitsua da eskualdea holistikoki gogoan hartzea, osorik: Golkoko estatuetatik Afrika iparralderaino —horixe da nik sakontasunik handienaz aztertzen dudan eskualdea—, baina baita Asia hegoaldeko eta Afrika ekialdeko zenbait eremu ere.

 

[OE:] Kultura arabiarraren historiak eratu duela, besteak beste, zure nortasunaren kontzeptua esango duzu noski, ezta?

[SSAQ:] Jakina. Gogora ezazu eskualde honen historia ahozko tradizio baten bidez sortu zela, ez zela sortu erlijiotik soilik, Koranaren errezitaziotik adibidez, baizik eta abestietatik, jendeak arrantzan edo perla bila uretan murgiltzera zihoanean abesten zituenetatik esate baterako. Eta poesiaren historia ere hortxe dago: Golkoan duela ehunka urte egin dira poesia-lehiaketak, eta duela mila urte baino gehiago ere bai batzuk. Jendeak inprobisatu egiten du lehiaketa horietan. Bertsotan hitz egiten eta eztabaidatzen dute elkarrekin. Ahozko tradizio horri esker, kultura eskualde osoan zabaldu da. Horregatik aurkitzen dituzu Sharjah eta Kuwaiteko pertsonak, baita Persiako hegoaldekoak eta Irak eta Jordaniako eremu batzuetakoak ere, Yemeneraino, kulturaren elementu asko partekatzen dituztenak. Izan ere, isuri bat zen kultura inguru horietan, ez zegoen gauza konkretu batean errotua. Erraza zen buruz ikasten: ikasi, zurekin hartu eta beste hiri batera eramaten duzu, kostaldearen hegoaldeko ehunka kilometrora, adibidez. Horri esker, nortasun kulturaleko isuri ia bakar bat eratu ahal izan genuen eskualde osoan.

 

[OE:] Ekialdeko Afrikan ahozko kultura eta poesia ere garrantzitsuak dira gazte jendearentzat. Etiopian bada poesia-tradizio bat ia rapa dena, agertokiko emanaldi moduko bat, oso publiko zabala eta inprobisazio-maila altua izan ohi dituena. Ia-ia poesia-lehiaketa bat da. Etiopian “argizari- eta urre-” printzipioa deitzen da, eta bertan gai politiko bat sar daiteke poesiaren babespean, edo kulturaren esparruan. Horren bidez, elkarrizketa bat bultza daiteke beste modu batera adierazten zailak izango liratekeen erronkei buruzkoa. Ahozko tradizioak ba al du Golkoan tankera horretako eginkizunik?

[SSAQ:] Bai, noski. Adibidez, jendea poesiaz baliatzen zen tribuko buruarekin zuen desadostasuna adierazteko. Eta orduko hartan, zure poesia oso ona bazen, berehala errepikatzen zen, eta sua bezala zabaltzen zen. Agintariak, adibidez, kontu handiz ibiltzen ziren poeta ospetsu bat ernegarazi gabe. Eta horregatik, poeta haiek, intelektual haiek, kausa jakin batzuen aitzindariak izaten ziren. Justizian, adibidez: poeta batek erabakitzen bazuen tribu bateko buruzagi bat ez zela zuzena, eta buruzagi bidegabeari buruzko poema bat idazten bazuen, poema zabaldu egiten zen eta nagusi hori erorarazi ere egin zezakeen. Arte-mota bat da hori: adierazpen artistikoren baten bidez kausak defendatzea.

 

[OE:] Hori interesatzen zait; izan ere, nire lanetan, azpiegitura zibikoaren kontzeptuak esploratzen ditut, konfiantza zibikoa sortzen duen harenak. “Zibikoa” esaten dudanean, herritartasun-sentimenduaz ari naiz, gizabanakoaren, gizartearen eta politikaren arteko harremanaz. Eta konfiantza zibikoak balioak partekatzea esan nahi du, nolabaiteko kohesio soziala izatea, hau da, gizabanako guztiak konfiantzazko egitura baten barruan biltzea, gutxi gorabehera. Eta ikusten dut, baita gero eta polarizatuago dagoen mundu honetan ere, handitzen ari dela kulturaren sektorearekiko konfiantza zibikoa, ni mugitzen naizen munduko eremuetan behintzat. Kulturak espazio bat eskaintzen du batzuen eta besteen arteko konfiantza adierazteko. Zuk esango zenuke gaur egungo belaunaldi gazteenek garrantzia ematen diotela kulturaren sektoreari?

[SSAQ:] Nik uste dut ematen zaiola kulturari nolabaiteko garrantzia. Baina kezkatzen nau Golkoko gizartearen eliteari baino ez diogula eragiten. Kezkatu egiten nau kultura gauza elitista gisa, inportatutako zerbaiten gisa ikusteak. Uste dut ez garela sustatzen ari eskualdeko jende gazteak ekitea, dena goitik behera enfokatzen dela, eta gobernuak kontrolatzen duela. Erronka horrixe, besteak beste, aurre egin behar diete Golkoko estatuek. Eta agian hori berariaz egina izango da, ez kasualitate hutsez gertatzen den zerbait. Litekeena da Golkoko estatuek nahi ez izatea gizarte zibila kulturaren munduaz elikatzea, kulturak gobernua kritikatu dezake-eta. Golkoko herrialde batzuetan ikusten dugu hori, Saudi Arabian adibidez. Gizarte zibileko aktibista asko atxilotu dituzte, eta batzuk inplikatuak daude kulturaren munduan ere. Baina Kuwaiten, adibidez, han baitago Golko osoko gizarte zibilik aurreratuena, askatasun handia dago, eta niri iruditzen zait han asko garatu litekeela bizitza kulturala: askoz ere kritikoagoa eta askoz ere interesgarriagoa izan daiteke. Horregatik uste dut honek eredugarria izan behar lukeela Golkoko herrialde guztientzat: gazteriarengan konfiantza izatea, eta gizarte-gaiak kulturaren bidez kritikatzen ere uztea. Bestela, geldirik geratuko dira kulturaren sorkariak, eta gizarte zibila hil egingo da. Hori guztiontzat izango litzateke arriskutsua.

 

[OE:] Ahozko tradizioa forma eta estilo berriak hartzen ari da? Nola dago poesia garaikidearen panorama? Bada Golkoan hitz idatziaren historian harrigarria den alde bat ere; kaligrafiaren tradizioa, zeina guztiz garaikidea eta sofistikatua gertatzen baita. Ba al da kulturaren ahalmen garaikideaz hornituriko poesia- eta idazketa-adar herrikoi edo garaikideren bat, ez grafitiak nahitaez?

[SSAQ:] Adibide bat jarriko dizut. 2007an, poesia-lehiaketa bat antolatu zen Abu Dhabiko telebistan, Milioiaren poeta. Halako ospea eskuratu zuen, non milioika jarraitzaile baitzituen Golkoan eta arabiar penintsulan. Oso ezaguna zen eskualde osoan. Saria milioi bat dolarretik gorakoa da. Emakumeen eskubideen aldeko aktibista batzuek lortu zuten lehiaketan parte hartzea, baina programa —gobernuak finantzatzen eta babesten duenez— gobernuaren menpe dago neurri handi batean. Alde horretatik, ezin dira eztabaida gehiegi piztu, ezin da kritikoegia izan. Eta uste dut hori alferrik galdutako aukera bat dela. Beste poesia-lehiaketa bat ere bada Arabiako penintsulan, Souk Okaz izenekoa, eta, pertsona batzuen arabera, duela ehunka edo milaka urte hasi zen. Poesia-merkatu bat da —Saudi Arabiako merkatu libre bat—, eta jendea hara joaten da, eta poesia-lehiaketak egiten ditu. Eta handik ateratzen den poesia askoz interesgarriagoa da, niretzat behintzat, Milioiaren poetakoa baino.

Orain Golkoan grafiti deituak ugaltzen ari direla ere ikusten dugu. Saudi Arabian aurkitzen dituzu, eta Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarren… Golkoko edozein lekutan. Baina “grafiti” horiek guztiek Estatuaren oniritzia dute. Ez dira benetako grafitiak. Grafitiek nolabaiteko disidentzia-osagai bat dute, arrisku-dosi txiki bat. Baina hemen agintariengana jotzen duzu, baimen bat ateratzen duzu, margotuko duzun irudia erakusten diezu, baimentzen dute —edo ez—, erakunderen batek babesten du, horma-irudiaren inaugurazio ofiziala antolatzen da… Dibertigarria da, eta grazia du, baina ez da grafitia. Kaleko artea da.

 

[OE:] Noski. Ekialde Hurbileko herri-kulturaren adierazpen kulturalen bila hasita, gehiago al dago diasporan? Golkoan bizi ez diren pertsonen lanak dira? Zer eragin du horrek Golkoko gazteengan?

[SSAQ:] Bai, Ekialde Ertaineko diasporatik datorren arte interesgarri asko dago, eskualdearen kanpotik datorrena. Baina adierazpen-askatasunik handiena dagoen hiriei behatuz gero, Beiruti bereziki, ikusten duzu han arte asko sortzen dela oso interesgarria, boterea kritikatzen duen artea barne, dron militarrak bezalako gaiak planteatzen dituen artea, edota LGBT eskubideak, emakumeen eskubideak esaterako; askatasun gehiago ematen duten hirietatik datozen mugimenduak dira. Golkoan, gai horiek jorratzen dituzten artistek, adibidez, sarritan estudioan bakarrik erakusten dituzte beren lanak, eta ez dituzte erakusketetan azaltzen. Edo agian beren eskualdean sortzen dituzte, iruzkingile arabiarrak behar dituztelako, edo talentu lokala behar dutelako beren obrak sortzeko, baina azkenean nazioarteko merkatuan saltzen dituzte. Argi dago aukera hori galtzen ari garela. Eta kasu honetan ere, nik uste dut eskualde honetako gobernuek askatasuna eman beharko lieketela artistei; izan ere, artistek beren obrak in situ sortzen ez badituzte, alde egingo dute, eta Mendebaldean edo munduko beste edozein lekutan sortuko dituzte, eta, kasu horretan, azkenean asko galduko dugu. Talentua galtzen dugu, sormena galtzen dugu. Adituen ihesa beste industria batzuei eragiten dien gauza da, eta ezin dugu onartu artearen industriari ere eragitea.

 

[OE:] Kulturaren sektoreak etorkizunean eragina izango duela gizarte zibilaren gainean iruditzen zaizu? Nire ustez, eragin egonkortzailea da, jendeari balio- eta nortasun-sentsazioa ematen diona, pertsonak harro sentiarazten dituena bizi diren tokiaz eta datozen tokiaz, haren iraganaz eta haren etorkizunaz. Egonkortzailea da, espazio horretan konfiantza izan dezakegulako batzuek besteengan. Eztabaida bat edo debate bat zuzen dezakezu kulturaren bidez. Modu landuagoan eta inklusiboagoan ekin diezaiokezu gatazka bati, ez hain modu polarizatuan, lege-sistema baten barruan bezala, adibidez. Badakit sinplifikatzen ari naizela, baina sinetsita nago horixe dela printzipioa. Zer iruditzen zaizu, zuk elitetzat jotzen duzun sektore hori pixkanaka hori onartuz joango dela?

[SSAQ:] Bai, ados nago zurekin. Nik uste dut kulturaren munduak zeregin garrantzitsua duela giza eskubideen funtsezko gaiak modu orokorragoan gizarteratzeko orduan. Ikusi ditugu Golkoko artistak lan-eskubideei, giza eskubideei, haurren eskubideei, peoiak eta langile etorkinak bezalako pertsona ikusezinen eskubideei dagozkien lanak sortzen. Badut hori egiten duten eta gai horiek argi publikora ateratzen dituzten artisten berri. Horregatik, oso eginkizun garrantzitsua dela hori artistentzat uste dut. Baina atzerritik datorren zerbait bezala ikusten denean, Olafur, orduan gobernuak erabat baztertzen du. Adibidez, badakit artista eta ekintzaileen koalizio bat izan zela, Gulf Labour izenekoa, New Yorken kokatua, Abu Dhabi giza eskubideen eta etorkinen eskubideen inguruko erreformak egitera behartzen saiatu zena, baina agintariek erabat baztertu zuten hura. Nazioarteko komunitateak aitortu behar luke bertako jendeak ere baduela ekimen-ahalmena. Eta zenbait gaitan, beharrezkoa da gai izatea herrialdearen barruan aurrera egiteko, barne-eztabaida bat bultzatzeko, kanpotik inposatua izan beharrean. Nire ustez, nazioarteko babesa behar da, baina kanpotik zuzendua izan gabe. Horrela ez bada, oso litekeena da babes hori atzerriko interferentziatzat kontsideratzea, eta horrek eragin negatiboa izan dezake guztiongan.

 

[OE:] Ikusten duzu joera jakinik eskualde honetan? Okerrera ala hobera doaz gauzak oro har?

[SSAQ:] Bai, ikusten dut joera bat. Baikorra naiz eta horregatik ikusten dut hoberako joera bat. Baina ulertu behar duzu eskubide ez politikoak partekatuz ari direla Golkoan gauzak hobetzen, hori dela hango modua. Hau da, eskubide ekonomiko gehiago dago, eskubide sozial gehiago: lana izateko eskubidea eta emakumeek gidatzeko duten eskubidea, zinemara joateko eskubidea. Sormenaren munduan ere badira eskubideak, modako desfileak adibidez: gauza horiek ikusten ari gara. Saudi Arabian zinemak inauguratzen ari direla ikusten dugu. Baina, zalantzarik gabe, eskubide politikoak gutxitzen ari dira. Zalantzarik gabe, adierazpen-askatasun handiagoa genuen lehen, baina orain ia desagertu egin da Golkoan. Elkarrizketa gehiago izaten genuen, eta askatasun handiagoa eztabaidatzeko. Hori ezabatu egin da, edo oso gertutik kontrolatzen da. Itsasoko olatuak bezala da, itsasbehera eta itsasgora, hara eta hona. Espero dut gobernuak konturatzea ezin dela sektore artistiko loretsu bat eduki adierazpen-askatasunaren maila altua ez bada. Ulertzen dut erlijioaz edo Jainkoaz edo agintariaz edo liderraz hitz egitea galarazten diguten kultura-auzi jakinak izatea, baina beste gai batzuk jorra daitezke. Gai horiez hitz egiteko askatasun handiagoa izateak aberastu egiten du, kulturaren mundua ez ezik, baita gizarte osoa ere.

 

[OE:] Pasa gaitezen horrekin lotutako alderdi batera: badakit oso inplikatuta zaudela Golkoko hainbat kontu arkitektonikotan. Arkitekturaz ari naizenean, askotan espazioaz ari naiz zehazki. Espazioa funtsezkoa da jendearentzat. Zergatik jarraitzen diozu gertutik Golkoko arkitektura garaikideari?

[SSAQ:] Uneotan, Sharjaheko lehen garaietako arkitektura modernoari buruzko liburu bat idazten ari naiz; arkitektura hori bere eskualdean aztertzen dut, baina, batez ere, Sharjahen. Lehen askoz ere begirune handiagoa zion arkitekturak ingurumenari, adibidez; eraikin haiek ez ziren kristalezko dorreak, jasangarriagoak ziren. Espazioa kontuan hartzen zen, baita giza eskubideak ere: adibidez, zerbitzarien eremuek pertsona bat bertan eroso egoteko moduko neurriak zituzten. Baina azken hogei urteotan egin diren eraikinetan, zerbitzarien gelak oso-oso txikiak dira, leihorik gabeak. Olafur, Golkoan barna mugitu, eta [ikusten duzu] dorre horiek munduko edozein hiritan egon litezkeela. Gero eta eragin lokal gutxiago dago, ingurumenarekiko errespetu gutxiago. Badira kristalezko dorreak, baina kristalezko dorreek negutegi gisa funtzionatzen dute, eta horrek esan nahi du elektrizitate gehiago behar dela eraikina hozteko. Beraz, arkitektura Golkoaren garapen azkarraren metafora bat dela iruditzen zait, garapen horretan kapitalismoaren gero eta muturreko forma gehiago hartzen genituen neurrian, gure gizatasunaren zati bat galdu baitugu. 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan Golkoan gertatu denaren dokumentazio garrantzitsu gisa ere ikusten dut hau. Nortzuk ziren Europatik, Asia hegoaldetik eta Afrikatik hona etorri ziren arkitektoak, eta zergatik etorri ziren? Zer estilo ekarri zuten, eta nola egokitu zituzten klima gogor honetara? Gure historiaren zati hau artxibatzen, dokumentatzen eta zaintzen saiatzen naiz, oso azkar ari baita desegiten. Historiaren ikertzaile bat naiz oro har. Azken hirurogei urteetan Golko osoan gertatu denaren metafora dela arkitektura iruditzen zait.

 

[OE:] Desiratzen nago irakurtzeko!

2018ko abuztua

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]