Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Gorputza

Olafur Eliasson

Izenburua:
Gorputza
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Giza gorputza | Arkitektura | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Mugimendua | Eszenografia | Erakusketak | Lankidetza artistikoa | Pariseko Operako Balleta | Dantza | Balleta | Break dance | Hip hop | Luc Bruyère | Marie-Agnès Gillot | Simon Rattle | Slim Boogie | Wayne McGregor | Zentzumenak | Espetxea
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

MARIE-AGNÈS GILLOT dantzaria eta koreografoa da, eta lanean aritu da ballet klasikoko eta dantza garaikideko koreograforik ospetsuenekin, nola diren William Forsythe, Rudolf Nureyev, Wayne McGregor eta Pina Bausch. 2004an Pariseko Operako Balleteko “étoile” izendatu zuten, hau da, lehen dantzaria, eta postu horretan egon zen 2018an erretiratu zen arte. Gillot elkarlanean aritu da beste dantzari eta artistekin, ballet klasikoaren mundutik aparte garatu dituen proiektu askotan. McGregorrek sorturiko Kodeen zuhaitza balletaren protagonista izan zenean ezagutu zuen Gillotek Eliasson, ballet haren dekoratua diseinatu baitzuen honek.

 

Olafur Eliasson: Marie-Agnès, argi dago, dantzari gisa, zure gorputzaren presentziaren kontzientzia ikaragarria duzula; hiperkonektatua zaude zure gorputzarekin. Zuk beti dakizu, zehaztasun osoz, non dagoen zure gorputzaren atal bakoitza, baina une honexetan, esate baterako, nire garunak nire eskua non dagoen besterik ez daki, eta gutxi gorabehera gainera: hemen gertu dago, telefono bati eutsiz. Zuk uste duzu hori gertatzen zaiela dantza klasikoko eta modernoko interpreteei?

Marie-Agnès Gillot: Bai, noski. Baina nik uste dut nire gorputzaz dudan kontzientzia, nerabea nintzela, aldi luze batez, desgaitasun bat pairatu izanari ere zor zaiola. Hamaika urte nuenetik hamazazpi urte izateraino gerruntze ortopediko bat eraman behar izan nuen —Frida Kahlo-k bezala— eskoliosi bat zuzentzeko. Egunean ordu gutxi batzuetan baino ezin nuen kendu. Gainerakoan, denbora guztian geldi-geldi egoten nintzen, paralizatua. Nire askatasun-une baliotsuetan, gorputzari eusten niolako sentsazioa izaten nuen. Dena sentitzen nuen, gainerakoan, denbora guztian gerruntze hark blokatzen baininduen. Hori dela-eta, nik uste dut, nire prestakuntzaren ondoriozkoa baino areago, nire desgaitasunaren ondoriozkoa dela nire gorputzaz dudan pertzepzio ikaragarria.

 

[OE:] Ez nekien. Harrigarria da. Nik gorputzaz dudan ezagutzak arkitekturan eta espazioan dudan interes handian ditu sustraiak, espazio publikoan bereziki, eta nerabezaroan, kaleko dantzari izan nintzen garaian. Zeure gorputzaz kontzientzia handia duzula esatean, ez dut bakarrik esan nahi harekin primeran adierazten duzula nahi duzuna, gehiago ere esan nahi dut. Espazioan pentsatzen duzunean, zeure gorputzaren bitartez pentsatzen duzu.

[MAG:] Wayne McGregorren Kodeen zuhaitza (Tree of Codes, 2015) balletean elkarlanean aritu ginenean, gogoan dut, bizitzan aurrenekoz, dekoratua beste dantzari bat bezalakoa izan zela, oso mugikorra eta konplexua. Nire lehen esperientzia izan zen zure artearekin nire espazioan, eta zirrara handia eragin zidan. Irudipena dut dekoratua dantzari bat bezala mugitzen zela. Ez dakit zut sentipen bera izan zenuen.

 

[OE:] Egia esan nik ez nuen behin ere horrela ikusi. Lehen pausoa zen hura niretzat. 2007an, Hans Werner Henze-ren Phaedra lanerako dekoratuak egin nituen Berlingo Staatsoper-en, baina hura dekoratu-diseinu konbentzionalagoa izan zen, eta aski estatikoa. Udazken honetan, han nire bigarren opera lantzen ari nintzela —Jean- Philippe Rameau-ren Hippolyte et Aricie opera barrokoa, Simon Rattle-k zuzendua— konturatu nintzen Kodeen zuhaitzako elkarlanak aukera eman zidala egiaz konturatzeko gorputzaren eta espazioaren artean dauden erlazioez, eta dantzariek beren gorputzaz duten kontzientziaz. Inspiratu egiten nau zure gorputzaren mugimenduen eta denboraren eta espazioaren mugimenduaren artean dagoen lotura indartsuak. Nolabait ere, ez zara agertoki batean dantzan ari, agertokiarekin dantzan ari zara. Fusio antzeko bat da. Muga horiek lausotzeko modua ari naiz oraindik esploratzen.

[MAG:] Nik uste dut gorputza dela adimenik handiena duen materia, buruak berak baino handiagoa ere bai. Kontua ez da “Pentsatzen dut, beraz, dantza egiten dut”, baizik eta, areago, “Dantza egiten dut, eta ondoren, pentsatzen dut”. Dimentsio fisikoaren bitartez ikertzen dut nik espazioa, ez buruaren bitartez.

 

[OE:] Asko gustatzen zait hori. Dimentsioz inguratuak gaudela esan ohi dugu —badakizu, hiru dimentsioak eta denboraren dimentsioa— baina dimentsio horiek gure lotura fisikoarekin daude erlazionatuak. Ez dut esan nahi gorputza erabiliz dimentsioak erabat alda genitzakeenik, baizik eta negozia genezakeela zer gradutan kontrolatzen gaituzten dimentsio horiek. Eta aurre egin geniezaieke, eta geure burua askatu. Zuri ere iruditzen zaizu horrek ez duela profesionalki trebaturiko gorputz bat behar nahitaez? Dantzatzen den edonor izan liteke, baldin onartzen bada hor gorputz bat dagoela.

[MAG:] Jakina baietz!

 

[OE:] Badakit lan asko egin duzula profesionalak ez direnekin.

[MAG:] Bai! Jende guztiak daki dantzan. Ikaragarri gustatzen zait jendea horretaz konturatzen denean. Nire ustez, dantza izan zen arteetan lehena. Handik gutxira musika etorri zen, baina lehengoa dantza izan zen. Gorputzaren oroimena unibertsala da. Hizkuntza oztopoa izaten da batzuetan, eta ezin gara beste pertsonekin mintzatu. Baina sentsazioa —ukimena— berdina da denontzat, eta dantzak errespetatu egiten du. Denek daukagu espazioaren sentsazio hori, airearena, airearen pisuarena gorputzaren gainean, soinuaren aurreko erreakzioarena. Sentitzeko gaitasun bera daukagu denok; sentiberatasun-auzia da, besterik ez.

 

[OE:] Jakin-min handia daukat jakiteko nola bultzatzen gaituzun gure gorputz fisikoa era horretan sentitzera. Izan ere, batzuetan zaila gertatzen da burua atzean uztea.

[MAG:] Ukimenaren bidez lortu ohi dut jendeak sentitzea. Ni pertsona gor edo itsuekin dantzatzen saiatzen naiz. Batzuetan nabaritzen dut gorrek eta itsuek askoz ere kontzientzia handiagoa dutela beren zentzuez, eta sentiberatasun handiagoz erantzuten dutela bost zentzuak akasgabeak dituzten pertsonek baino.

 

[OE:] Eta kartzelan dauden pertsonekin era aritu zara lanean, ezta?

[MAG:] Bai. Kartzeletako diziplina eta errutina oso kaltegarria izan daitezke gorputz naturalarentzat, badakizu? Presoei eskatzen nien azaltzeko zer gauza errepikatu behar zuten egunean zehar: guardiek egunero miatzen zituzten; behin eta berriz egiten zizkieten miaketak eta kontrolak; ariketa fisikoa mugatua zuten. Egunero, gelatik ateratzen direnean, miaketa horretan, mugimendu berberak egiten dituzte. Argi dago egoera horrek ez duela batere antzik dantzarekin, baina diziplina da, keinuaren tradizioaren parte bat, beti modu berean errepikatzen den mugimendu bat. Eta jakin nahi nuen nolako ondorioak zituen horrek haien gorputzetan.

 

[OE:] Kartzeletan arkitektura, boterea, muga fisikoak, errepikapen fisikoak nahasten dira. Kartzela “erakunde zentzagarria” omen da, baina argi dago beldurra eragiten duen erakunde bat ere badela. Errepikapen fisiko etengabe horrek, argi eta garbi, oroimen fisiko bat dakar, gorputzeko trauma baten modukoa.

[MAG:] Kalte egiten dio gorputzaren askatasunari, eta hori niri ikaragarri interesatzen zait, zeren, musikan eta dantzan, diziplinak, errepikapenak eta errutinak ematen baitigute azkenean askatasuna. Errepikatzen dugu —praktika-saioak eta praktika-saioak eta praktika-saioak egiten ditugu—, gauza naturala bihurtzen den arte. Nik jakin nahi nuen nolako efektua zeukan presoengan era horretako mugimenduak. Egunero egiten dituzte keinu errepikatu horiek, eta hori askatasunaren kontrakoa da. Baina konturatu nintzen halaber izugarrizko kontzientzia zutela beren gorputzaren gainean. Hilko ziren beharbada haien ametsak, baina gorputzak bizirik daude oso. Hortaz, oso argi antzematen diote beren fisikotasunari.

 

[OE:] Egin al duzu inoiz kartzeletako ikerketetan oinarrituriko obraren baten koreografiarik?

[MAG:] Bai. Pieza bat egin nuen Pariseko Nuit Blanche jaialdirako [gau osoan luzatzen diren ekitaldi artistikoak dira], Maurice Ravel-en Boleroaren gainean. Errepikapenean oinarritzen den musika-konposizio bat da Boleroa. Bost bider dantzatu nuen jaialdian gau osoan zehar. Kartzelan ere interpretatu nuen, kartzelako gimnasioan, zeren, jakina, kartzeletan ez baitago antzokirik. Boleroa, niretzat, munduko konposizio musikalik garrantzitsuena da, musika klasikoan gehiena entzuten dena da-eta: milioika pertsonak entzuten dute egunero. Orain guztiona da. Horregatik erabaki nuen kartzelako pertsonentzat ere interpretatzea.

 

[OE:] Irrika handia dut halaber zure erosotasun-gunetik, zure espaziotik ateratzen zaren une horien berri jakiteko, dantza modernoan, esparru publikoan, eta gorputz arruntaren nozioan sartzen zarenean, denok daukagun gorputz horretan. Eta dantzan ikusten zaitudanean, dantzan ari naiz neure barruan ere. Dantza bat ikusten dudanean, dantzaren beraren esperientzia fisikoa sentitzen dut kasik.

[MAG:] Bai, hori egia da. Gorputz osoan irakur zenezake. Profesionala ez den dantzari batekin ere, gauza asko irakur ditzakezu gorputzean, ez aurpegian ez gogoan ez daudenak. Kartzelako pertsonekin lanean aritu nintzenean, mugimendu errepikakor haiek presoengan zituzten efektuak aztertu nahi izan nituen. Gorputzak gogoratzen du trauma, gordetzen ditu orbainak, baina naturan gertatzen den gauza bera da; gauza bat galtzen baduzu, berreskuratu egiten duzu, berriz hazten da. Materia berberaz egina da gorputza: oinazea edo galera senti dezake, baina gero natura nagusitzen da berriz.

 

[OE:] Bai, asko interesatzen zait ideia hori. Nik absentziaren presentzia deitzen dudanarekin lotzen da. Duela gutxi Suitzan egin nuen erakusketa batera etorri zinen [Objects defined by activity, Espace Muraille, Geneva, 2018], eta Luc Bruyère-rekin batera interpretazio bikain bat egin zenuten erakusketaren baitan. Lucek beso bat falta du, ezkerra. Zuen saioa ikusgarria izan zen. Sarritan haren atzean jartzen zinen, ezkerreko besoa harenak egon behar zuen tokian ipinita —eta ez zenioten elkarri begiratzen— eta zure besoa haren besoa zen, guztiz.

[MAG:] Bai, nire besoa eman nion.

 

[OE:] Uste duguna baino askoz ere konektatuagoak daude gure gorputzak. Lanean aritzen zara oraindik Lucekin?

[MAG:] Ikerlanean jarraitu dut berarekin. Obra berri bat hasi gara lantzen; obra horretan bere beso ortopedikoa jartzeko eskatzen diot Luci, eta nik nire gerruntzea janzten dut. Hortaz, bakoitzak bere gailua daramala, zein bere desgaitasunarekin hasten gara biok. Gero kendu egiten ditugu. Bi gorputz hautsirekin hasten gara, nolabait esateko [barreak].

 

[OE:] Oso interesgarria da. Gustatzen zait gailu ortopedikoen ideia hori; gorputzaren arkitektura moduko bat eraikitzen laguntzen dute, eta koreografiaren bitartez aurrera egin ahala aldatzen da gero. Haien erlazioaren kalitatean datza dantzariek niri eragiten didaten lilura. Horregatik interesatzen zait break dance-a ere. Dantza horrek, jakina, bere historia kultural propioa du, baina, hala eta guztiz ere, ikusten dudanean, oso estu lotua sentitzen naiz espazioarekin ere. Dantzariak inguratzen dituen espazioa ulertarazten didan hizkera bat bezalakoa da break dance-a. Antzeko moduan, zure mugitzeko ahalmena dela medio, inguratzen zaituen espazioa uler dezaket. Alegia, kanal moduko bat zara, nik hartatik gainerako guztia ikusi ahal izateko balio duena. Espazioan pentsatzen dudanean, hori nola erabili jakin nahian aritzen naiz beti. Uneotan Instagramen ikusten dut gehienbat hip-hop-a.

[MAG:] Egiatan? Nik ere bai!

 

[OE:] Hego Koreako neska gazte bati jarraitzen diot, Keumsae Pae [@keumsae_pae]. Nire lagun Slim Boogie-k [Anthony Armstrong – @slimboogie777] jarraitzen diolako hasi nintzen neska hori ikusten, eta Slimek dantzari gazte eta talentudunen sare handi bat dauka. Gustatzen zaidana da neskaren errobot-mugimenduak oso ondo adosten direla asiar hiri-kulturarekin. Instagramen ikusteak kaleko kultura ez formala jartzen dit eskura. Oso konbinazio interesgarria iruditzen zait, dantzaren, espazioaren eta arkitekturaren identitatea.

Begira, ondo dakizun bezala, Marie-Agnès, asko gustatuko litzaidake zurekin esperimentu batzuk egitea. Buruaren eta gorputzaren arteko mugak ezabatzen saia gaitezke, hori landu, gorputzaren eta espazioaren arteko mugak, gorputzaren eta denboraren arteko mugak nola ezabatu: espazioa eta denbora. “Dimentsionaltasuna ezabatzea” deituko diogu. Zeren, hori argi dago, arkitekturak ere dantza egin lezake, eta gorputza ere arkitektura da, hortaz, zer esploratu asko geratzen da oraindik eremu horretan. Denbora pixka bat behar dugu martxan jartzeko. Ikerketaren antza du: esperimentuak egingo ditugu, eta ikusiko dugu zer egin genezakeen elkarrekin.

[MAG:] Izugarri gustatuko litzaidake!

2018ko azaroa

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]