Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Natura gara

Olafur Eliasson

Izenburua:
Natura gara
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Gizakia | Artea eta paisaia | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Hezkuntza | Ingurunea eta natura | Kultura | Danimarka | Islandia | Literatura | Günther Vogt | Josefine Klougart | Emozioa | Pertzepzioa | Sentimenduak
Artelan motak:
Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

JOSEFINE KLOUGART daniar eleberrigilea da, Den Blå Port literatura-aldizkariko erredaktorea eta Gladiator argitaletxe independentearen sortzailea. Zure glaziar-itxaropenak (Your glacial expectations, 2012) lana zela-eta oroimenari eta barneko paisaiei buruz antolatutako solasaldi batean gurutzatu ziren lehen aldiz Eliasson-en eta Klougarten bideak. Obra hori Eliassonek eta Günther Vogt paisaia-arkitektoak sortu zuten kanpoko kokapen zehatzeko instalazioa da. Sorkari hark sakon ukitu zuen Klougart, zeina obra kokatu zuten Danimarkako landa-eremu berean hazi baitzen.

 

Olafur Eliasson: Josefine, zu gai zara hitzez adierazteko artikulatzen zailak diren gauzak: ahotsa ematen diezu neurri handi batean zentzumenen bidez esperimentatzen diren gauzei. Duela hilabete Amager-eko erreserba naturalaren defentsan eman zenuen hitzaldi batetik ateratako gai batetik hasi nahi nuke. Danimarkako Politiken egunkarian argitaratu zen hitzaldi hura gero. Ikaragarria izan zen! Bertan, naturarekin lotutako balioak azpimarratzen zenituen, guztiona delakoan hartzen dugunean: ez duzu subjektuaren eta objektuaren arteko banaketa tradizionalera jotzen, ezta gizakientzat natura kanpoko zerbait dela eta kultura, berriz, barnekoa defendatzen duen ideiara ere. Erreserba natural hori Kopenhageko gune berde handi bat da, oraindik urbanizatu gabea; eta, harritzekoa ez den gauza, inbertitzaileek eta politikariek denbora luzea daramate urbanizatzeko ahaleginean. Flora- eta fauna-barietate handia dago bertan, eta bada gizakiaren presentzia ere landare- eta animalia-bizitzaren erdian. Kopenhagetarrek beren buruaren luzapen gisa erabiltzen dute erreserba natural hori, eta zoragarria iruditzen zait, nik Islandia horrela erabili izan baitut beti. Agian naturaz duzun kontzeptuaz hitz eginez has gintezke.

Josefine Klougart: Hitzaldiak aipatzen zuen zergatik uste dudan ideia txarra dela Amager erreserba bezalako espazio natural komun batean eraikinak altxatzea. Falazia bat deskribatzea izan zen hitzaldiaren abiapuntua, iruditzen baitzait, bai indibidualki, bai gizarte edo kultura mailan, bai tokian-tokian, bai globalki, gaur egun aurrez aurre ditugun arazoetan funtsezkoa dela falazia hori: alegia, zentzuzkoa dela pertsonak eta natura bereiztea guztiz beste bat balira bezala, “hor kanpoan” dagoen zerbait bezala, behatu eta ikertu dezakegun zerbait bezala. Nik uste dut hori ameskeria bat dela; ameskeria bat, geure burua bizirik dagoen guztiarekin lotura estuan existitzen diren izaki gisa ikustea galarazten diguna, hau da, bizirik dagoen guztiaren parte garela ikustea galarazten diguna; ameskeria bat da, gure barruko eta gure inguruko naturarekin harreman instrumentala izateko oinarriak ipintzen dituena.

Jakina, historian atzera begiratu eta naturaren bereizketa eta bazterketa nola sortu zen ikus dezakezu, nola eboluzionatu zuen, nolako ondorioak izan dituen garai batean eta bestean: nola naturak begirada itzuli digun, aurpegi ezberdinekin. Eta imajina dezakegu nola begiratuko digun aurpegi horrek etorkizunean, tenperaturak igotzen direnean eta naturak ematen diogun tratu gero eta bortitzagoaren aurrean erreakzionatzen duenean. Bereziki bitxia iruditzen zait Ilustrazioaren adibidea, esperientziaren forma ezberdinen hierarkizazioak erradikaltasun berria lortu zuenekoa. Jendeak ilunpetatik irten nahi zuen, baina agian ez zen konturatu munduan islatzen den argi bakoitzak itzal berriak sortzen dituela, eta, beraz, azkenean zerbait iluntasunean murgildua geratzen dela. Natura —mundu material osoa, ia— baliabide gisa ikusi zen azkenean, eta ez eskubide osoko entitate gisa.

Nik defendatzen dudana da sentimen-esperientziak —nolakotasun zirkularra eta pertzepzio sentsorialaren eta hausnarketaren arteko elkarrekintza izan ohi dutenak ezaugarri nagusi— oso onuragarriak direla, gure funtsezko izaera eta pertsona bakoitzak besteekin eta naturarekin duen lotura deskubritzeko aukera ematen digutelako. Munduan gauden izaki bizidunak garenez, ez gara soilik ibaien, zuhaitzen eta intsektuen ziklo berberen parte: natura gara, besterik gabe. Poesia, filosofia, matematika eta zientzia naturatik bereizten gaituzten gauza bezala ikusi beharrean, naturak naturaz beraz hausnarketa egiteko duen modu gisa ikusi behar ditugu.

Pentsatzen duen naturaren beraren historia da gure historia kulturala, mundua ulertu nahian ari den naturaren beraren historia; Inger Christensen poetaren hitzetan, “Naturak bere burua ulertzeko egiten duen ahalegina”. Kultura gizakiaren eta naturaren arteko desberdintasunaren adierazpen gisa ikusi beharrean, haien arteko lotura estuaren adierazpen gisa ikusi behar dugu. Hitz egiten dugunean, natura hiztuna gara; pentsatzen dugunean, natura pentsatzailea gara; natura gugandik kanpo kontrolatzen dugunean, bere baitan zerbait kontrolatzen ari den natura gara.

 

[OE:] Adierazteko modu polita da.

[JK:] Uste dut Ilustrazioa bereziki interesgarria dela guretzat artista gisa, zeren mistizismoaren eta erlijioaren aurkako iraultzak ahuldu egin baitzuen nolabait ere artea esperimentatzeko dugun gaitasuna. Esperientzia estetikoek eta esperientzia mistiko esaten zitzaienek badute zerbait komunean. Esperientzia estetikoak badu esperientzia erlijiosotik zerbait. Horregatik, erlijioa baztertzen denean, erraza da, eta arriskutsua, mundua estetikoki esperimentatzeko gaitasuna ere baztertzea. Alabaina, esperientzia estetikoa bide bikaina da zentzumenak eta gogoetak orekatzen dituen ulermen guztiz aberasgarrira iristeko, halako moldez non aukera ematen baitigu oso konplikatuak diren ereduak osotasun baten gisa ikusteko, horrela, begiratu bakarrean, gutaz eta munduaz gauza berriak ulertzeko aukera eskainiz.

 

[OE:] Arrazoi duzu diozunean emozio-, esperientzia- eta ulermen-ahalmena baztertu egin zela arrazionaltasunaren mesedetan. Hori oraindik horrela dela uste duzu?

[JK:] Bai, neurri batean bai. Niri iruditzen zait irekitasun-faltarekin heltzen diegula sorkari estetikoei, eta, neurri bateraino, formaren zentzu-falta batekin: ez gara gai obrari behatu eta materialaren antolamendu gisa ikusteko. Egia esan, ez dugu ikasten artelan bati begiratzen edo liburu bat irakurtzen. Gure hezkuntza-sistemak instrumentalizatu egiten ditu artea eta literatura, eta maniobra intelektual baten bidez beste hizkuntza batera itzuli behar omen ditugun zeinu-sistema zail bat balira bezala aurkezten dizkigu; ebatzi beharreko hieroglifo moduko zerbait dira, kontzeptuetara itzuli behar den zeinu-pilaketa bat. Zentzu horretan, murriztu egiten ditugu gure gaitasun kognitiboak; elkarrekintza askea deuseztatu egiten da —eta, elkarrekintza horren bidez, aldi berean gogoeta egiten eta hautematen dugu, sentitzen eta behatzen dugu— zerbait ulertzeko gai izango ez ote garen beldurrez.

 

[OE:] Aktibismo literario antzeko batekin konprometituta zaudela da horretan guztian niretzat zirraragarriena.

[JK:] Gaur egun, politikoki konprometitua dagoen artearen zati handi batek ez du bere burua arte gisa onartzen. Beti pentsatu izan dut nire obrak atzean konpromiso bat duela, baina ez modu esplizituan. Sentiberatasunera eta sentimen-esperientziara zabaltzen den hizkera batean idazten saiatzen naiz, bete-betean harrapatuta gaituzten krisi nazional eta globaletako batzuetara eraman gaituzten instrumentalizazioaren eta pentsamolde-zurruntasunaren zuzengarri erradikala izan daitekeela iruditzen zaidan hizkeran.

 

[OE:] Uste dut guztiz bidezkoa dela aktibismoa deitzea horri, kultura gizartearen parte delako, eta ez gizartetik irtenda praktikatzen den zerbait. Kultura gauza periferiko gisa ikusten denean, zaila gerta daiteke daukan potentzial politikoa ulertzea, baina kultura funtsezkoa da gizarteak gogoeta egiteko eta, beraz, bere burua berrasmatzeko. Emozioei buruz hitz egin dugu; esan duzu aldi berean sentsibilizatzen eta jardutera bultzatzen gaituen hura dela zera politikoa. Garatuko duzu gehixeago ideia hori?

[JK:] Uste dut batzuetan arrakasta duela eta beste batzuetan ez. Ez du arrakastarik, adibidez, nobela bat irakurtzen ari zarenean eta kontzeptuetara bideratzen zaituenean, analisira: liburua hieroglifo bat edo alegoria bat balitz bezala irakurtzera bultzatzen zaituenean. Orduan zure adimena aktibatzen da, eta hori oso atsegina izan daiteke, atsegina baita kapaza izatea zeinuak ikusi eta ideietara itzultzeko; baina bada beste bide bat, zuk gogoan duzun hori uste dut. Beste bide hori ematen da literaturak lortzen duenean irakurtzen ari den pertsona zabaltzea, literaturak biziarazten duen mundu independente horretara lehenik, eta existitzen garen mundu honetara gero. Poesia eta artea beti ari dira hizkuntza berri bat sortzen ezagutzen dugunaren zatietatik abiatuta. Hizkera berri honek zabaltzen gaitu eta zabaltzen du artearen espazioa; eta horixe da mundura itzultzen garenean gurekin dakarguna. Hizkuntza berriak gauza berri eta ezezagunak erakusten dizkigu, aukera ematen dio gure kontzientziari gure oinarrizko izaeraren eta gure konexio gorenaren esperientzia berria bizitzeko. Eta, egia esan, zenbat aldiz ematen da hori?

 

[OE:] Suposatzen dut irakurleek beren premia emozionalak islatzen direla sentitzen dutenean gertatzen dela: liburuak artikulatzen duenean irakurleek, konturatu gabe beharbada, adierazi beharra sentitzen zuten zerbait, liburuak entzungo balie bezala. Iruditzen zait horrela duela arrakasta artelan batek, konexio horri esker; konexio horrek esan nahi du nire botoak oihartzuna duela sentitzea, manifestazio batean parte hartzen badut oihartzuna duela sentitzea; besteengatik kezkatzeak zerbaitetarako balio duela sentitzea.

[JK:] Nik uste dut arteak berak ireki egiten gaituela, prestatu egiten gaituela erabaki kolektibo hobeak hartzeko, soil-soilik sentiberatasuna garatzen dugulako, eta sentiberatasun hori erabil dezakegulako guztiarekiko dugun interkonexioa esperimentatzeko: beste pertsona batzuekiko, lurrarekiko, naturarekiko. Esperientzia-mota horren benetako premia dago; nire ustez, premia hori oinaze gisa sartu da gure kulturan, sufrimendu handia dakarren oinaze gisa: erasoa, depresioa, era guztietako mendekotasunak, nahasmendu arruntak, asoziazio konplikatuak hautemateko eta modu konplexuan pentsatzeko dugun gaitasunaren murrizketa. Gero eta gehiago uzten dugu geure burua besteek entreteni dezaten, eta alfertu egiten gara emozionalki eta intelektualki, edo, hobeto esanda, anestesiatu egiten gara. Eta hori, modu argian eta ñabardurak kontuan hartuta pentsatzeko gai izan beharko genukeen garaian, harreman abstraktuak ulertu beharko genituzkeen garaian. Bizitza modernoaren oinarrizko baldintza bat da ezin ditugula gure ekintzen ondorioak berehala ikusi. Lehen errazagoa izaten zen; izan ere, aintzira batean pozoia botatzen bazenuen, eta gero hara joaten bazinen arrantza egitera, gaixotu egiten zinen; ondorioak zuzenagoak ziren. Gaur egun, ondorioak, hasieran behintzat, hirugarren munduko herrialdeetara esportatzen dira, eta han ez ditugu berehala ikusten. Artistek ez dute beste pertsonek baino erantzukizun handiagorik, baina uste dut gaitasun garrantzitsua dugula ireki gaitzaketen esperientziak ahalbidetzeko.

 

[OE:] Nola ikusten duzu kultur arloan lan egiteko duzun modua? Argitaletxe bat sortzen ere lagundu duzu, ezta?

[JK:] Maila desberdinetan planteatu beharreko kontua da. Zuk diozun bezala, pertsona batek artelan edo liburu baten aurrean duen esperientzia indibiduala dago; eta artelan edo liburu horrek duen iraultza-potentziala zera da, pertsona bat trebatzen duela bere izaera existentziala, bere garaia eta aukerak modu osoagoan, konplexutasun eta ñabardura handiagoz esperimentatzeko gai dena; abiapuntu berritzaile bat eskaintzen die, bertatik irten eta gizartea eta mundua aldatzeko. Esan liteke bere denbora arteari eskaintzen dion edonor, izatez, aktibista dela. Artea, definizioz, erresistentziazko hizkera da, geure burua eta mundua ulertzeko modu berriak garatzeko ahalegina, errealitate berri bat eta elkarrekin egin beharko genukeenari buruzko ikuspegi berri bat tankeratu dezaketen ideia berriak garatzeko laborategi bat. Baina, aldi berean, bada arteaz kanpoko sistema bat arteak baliatzen duen hizkera normalizatzen duena, eta horrek artearen hizkeraren potentzial iraultzailea moteltzen du. Gure sentiberatasuna halako indar boteretsuen aurka dago: kapitalismoaren aurka, adibidez, zeinak bere baitan baitauzka gure sentsibilitateari hainbat eratan aurka egiten dioten mekanismoak; eta gure beldurrari zuzentzen zaizkion indar politiko boteretsuen aurka, zeinek bultzatzen baikaituzte besteekiko harremanak saihestera eta munduaz ikus dezakeguna murriztera.

Filosofoek, artistek eta herritarrek bat egin behar dute esperientzia-esparru horri buruz hitz egiten saiatzeko. Horrexetarako sortu genuen, besteak beste, Gladiator, ez baita argitaletxe bat bakarrik, kultura-hezkuntzaz arduratzen den erakunde bat ere bada. Horrela ikusten dugu geure burua, jendeari literaturaz hitz egiteko aukera ematen dion espazio gisa, literatura hori sortzen ari den bitartean. Argitaletxea mundura zabaltzen ari gara hainbat eratako ikastaroen bitartez, jendeak gainontzeko ikasleekin eta irakasleekin hitz egiteko aukera izan dezan, zeinak, funtsean, idazleak, artistak, editoreak eta musikariak baitira.

 

[OE:] Ni islandiarra naiz jatorriz, eta, hortaz, Danimarkan naturarik ez dagoela sinetsita hazi nintzen. Baina antza denez badago erreserba natural txiki bat, Mols-eko morrena-paisaia, eta hortik zatoz zu. Asko idatzi duzu paisaia horri buruz, eta zure obrak irakurtzeak Islandiarekin dudan harremana ulertzen lagundu dit.

[JK:] Argi dago gurekiko harreman estua duten paisaiak gure praktika artistikoetan txertatzen ditugula, modu desberdinetan txertatu ere. Artea sortzea, funtsean, natura bihurtzea da; natura energia sortzaile gisa ulertuta, formak sortzeko gai den energia gisa. Nola lortzen da hori? Zure inguruan ikusten dituzun formei entzunez, bereziki, oso ondo ezagutzen dituzulako zugan nolabaiteko eragina duten horiei; zugan sustraitutako formei, alegia. Haurtzaroan badugu gerora oharkabean pasatzen zaizkigun formetan edertasunaren potentziala ikustea ahalbidetzen digun irekitasun estetiko bat.

 

[OE:] Ni Danimarkan hazi nintzen hein batean, eta Islandian beste hein batean. Islandiako paisaia naturalari erreparatzen nionean, ez nengoen ziur zer ikusten ari nintzen, eta hura deskubritzeko modu bakarra fisikoki bertan sartzea zela pentsatzen nuen: oinez zeharkatu behar nuen, gainera igo, haren aldapetan behera joan, bere baitan igeri egin. Gorputzekoa zen dena, gorputzekoa soil-soilik. Paisaian ibiltzea nire gorputzarekin hura neurtzea bihurtu zen. Beraz, Islandiara itzultzen naizenean, paisaia baino gehiago, neure burua deskubritzen dut berriz, eta gauzak nola hautematen ditudan.

[JK:] Nire lehen liburua idatzi nuenean [Stigninger og fald (Goraldia eta erorikoa), 2010], ez nintzen jabetzen zenbateraino zen hura naturari eta naturaren, hizkuntzaren eta adimenaren arteko harremanei buruzko liburu bat. Argitaratu zenean, eztabaida handia egon zen problematikoa ote zen halako edertasun natural handia zuen liburu bat 2010ean argitaratzea, politikan mugimendu nazionalistak, erromantikoak sortzen ari ziren une batean, alegia. Arazo bat al zen Danimarkako paisaiaren edertasuna deskribatzea, baita liburuan naturaren alderdirik ilunena, basatiena ere islatzen denean ere?

 

[OE:] Baliteke horrela izatea.

[JK:] Baina, aldi berean, uste dut era guztietako arazoak daudela paisaia horien deskribapen zehatza saihesten dugunean, horiexek baitira, azken finean, inguratzen gaituen munduarekin ditugun loturei buruzko gure ikerketen abiapuntua. Giza izaera da, partez, ez gatzaizkiola inoiz paisaia jakin bati lotzen, ezta familia jakin bati ere, bidenabar esanda. Gure jaioterriak identifikazio-puntuak dira beti, munduarekiko batasuna adierazten duten esperientzia-guneak, baita guztiz kontrakoa ere: naturarekiko eta parte garen familiarekiko dugun alienazioa adierazten duten puntuak dira. Botere handia dute guretzat, zalantzarik gabe, etxean sentitzearen eta kanpotarra sentitzearen arteko orekak edozein asmo estetikoren oinarrizko baldintzetako bat islatzen duelako berez; hau da, sortzen dugunean, egoera jakin batean murgiltzen gara, non, alde batetik, ulertzen ez dugun baina intuizioz hautematen dugun forma bat taxutzen baitugu eta, bestetik, egunkari bateko orrietatik edo eraikitako ur-jauzi handi batek argia nola islatzen duen ikustetik sortzen zaigun zera guztiz arrotzari aurre egiten baitiogu.

 

[OE:] Gauza bat ederra iruditzen bazaizu, erreibindikatu egin behar duzu, bestela zure aurkariek bereganatuko dute-eta. Horrela idazten duzu, ezta? Ahalegin dekonstruktibo moduko bat dago zure narratiban.

[JK:] Benetan artea bihurtzen den zerbait sortzea lortzen baduzu, obra bera erromantizismoaren aurka armatua dago, barnean antidotoa duela jaio da, obraren lekuren batean erresistentziaren bat egon behar delako, besterik gabe. Eskuineko nazionalisten joera berria kontrako poloa da. Naturaz egiten duten interpretazioak, nire ustez, ez du zerikusi handirik naturarekin berarekin; sinbolo aldaezin gisa baino ez dute erabiltzen. Arteak naturarekin duen konpromisoak, ordea, garrantzi guztiz ezberdina du. Arteak natura ikertzen du, ez sinbolo gisa erabiltzeko, baizik eta formen inspirazio-iturri gisa edo munduari argi berria ematen dion irudi gisa, halako eran non mundua bera, paisaia bera, konplexutasun handiagoz agertzen baitzaigu. Bizi garen eta bizi gaituzten paisaiekiko interesa mantentzen dugun bitartean, irekitzen eta sentikorrago bihurtzen laguntzen diguten obretan sartzen uzten diegun bitartean, zuzentzaileak izan daitezke pentsamendu instrumental dogmatikoaren aurrean, baita beste pertsonekikoa den horrena ere. Uzten badiegu eskuineko politikari nazionalistei beren herrialdeetako paisaiak eta ingurune naturalak kudeatzeko monopolioa bideratzen, gure paisaiak entregatzeaz gain, uko egingo diogu politikari horiek naturarekiko sortzen ari diren harreman gero eta instrumentalagoa indargabetzeko aukerari.

2018ko urria

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]