Edukira zuzenean joan

Olafur Eliasson: Bizitza errealean

katalogoa

Hiriak aldarrikatuz

Olafur Eliasson

Izenburua:
Hiriak aldarrikatuz
Egilea:
Olafur Eliasson
Argitalpena:
Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
Neurriak:
25,5 x 19,5 cm
Orrialdeak:
237
ISBN:
978-84-95216-90-8
Lege gordailua:
BI-02613-2019
Erakusketa:
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Arkitektura | Hirigintza | Espazio publikoa | Artea eta gizartea | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Ekonomia | Elemental | Studio Other Spaces | Kultura | Medellín | Santiago | Alejandro Aravena | Sebastian Behmann | Jamal Khashoggi | Joan Clos | Giza harremanak | Berdintasuna | Bizi-kalitatea | Immigrazioa eta emigrazioa | Indarkeria
Aipatutako artistak:
Eliasson, Olafur

ALEJANDRO ARAVENA arkitekto txiletar bat da, Elemental arkitektura-enpresako zuzendaria. Ezaguna da bere konpromiso sozialagatik, eta hainbat interes partekatzen ditu Eliasson-ekin: jasangarritasuna, argindarrik gabeko eremuetarako irtenbideak eta espazio publikoaren aktibazioa. 2016an arkitekturako Pritzker saria eman zioten Aravenari; urte horretan bertan Veneziako Arkitektura Bienaleko komisarioa izan zen.

 

Olafur Eliasson: Benetan baloratzen dut era askotako alorrak ukitzen dituen elkarrizketa, eta liburu hau horren lekukoa da. Komeni da egiaztatzea ea testuinguru jakin batean ona dirudien ideia bat baliozkoa ote den beste eremu batera transferitzen denean ere.

Alejandro Aravena: Jakina. Zentzuzkoa da elkarrizketa zabaltzea eta zure lankideekin hitz egitera ez mugatzea. Arriskutsua ere izan daiteke, eta hori, printzipioz, asko gustatzen zait. Azken finean, egiten dudan lana ez da beste arkitektoentzat edo beste artista batzuentzat, gizartearekiko elkarrizketa da.

 

[OE:] Oso ondo. Zure obratik gustatzen zaidana, Alejandro, zera da: argitasun teoriko handia duen arren, oso fisikoa ere badela; ingurune lokaletan txertatzen da. Ideia bati gorputza ematearen proposamen hori interesatzen zait, teoriatik haratago joan eta ekintza bihur dadin. Nola egiten duzu lana gorputzarekin?

[AA:] Gogoan dut nola behin, teknologiari eta etorkizunari buruzko hitzaldi batean, parte-hartzaile batek adierazi zidan XXI. mendeko softwarea erabiltzen ari ginela historiaurreko hardwarearekin: gure gorputzak. Giza gorputza ez da milaka urtetan aldatu. Erromatarrek eraikitako eskailera bat erosoa da gaur egun ere, oinetako behatzak ez direlako aldatu. Beraz, bai, gorputza datu bat da, arkitekto gisa egiten dudan lanean kontuan hartzen dudan datuetako bat. Indar unibertsal batzuek eragiten digute, grabitateak esate baterako. Eta, gainera, ez da ahaztu behar “esfortzurik txikienaren legea”, pertsona bat beti bidezidor bat hartu eta soro bat diagonalean zeharkatzen tematzen denean bezala, horrela energia aurrezten duelako. Kultura desberdinetan ere, gauza batzuk unibertsalak dira. Giza gorputzak unibertsala izateko gaitasun hori du. Etiopiako pertsona bat Islandiako edo Txileko beste batekin lotzen duen zerbait da, eta ezin da baztertu.

Badira guztiok lotzen gaituzten oinarrizko ekintzak ere; adibidez, ahoz gora lurrean etzatea. Zaila da horrelako gauzak definitzeko termino bat aurkitzea: esan dezagun “ziurtasun adierazezinak” direla. Zerbait gertatzen da laurogeita hamar gradu horietatik, lurrean eserita zaudenetik eta gora begira etzanda egotera pasatzen zarenean. Erabat aldatu da begira egon zaren zuhaitz hori. Zerura begiratzen duzu, eta ez naiz honekin poetikoa jartzen ari; gertatzen ari den funtsezko zerbait deskribatzen saiatzen ari naiz; gorantz begiratzen duzunean, zu baino askoz handiagoa den zerbaiti lotuta zaudela konturatzen zara.

 

[OE:] Arrazoia duzu. Badira funtsezko gauza batzuk denok partekatzen ditugunak. Uste dut hori aitortzeak balio komunen pertzepzio biziago bat sortzen lagunduko ligukeela. Espazioaren balioak ere aipatu nahi nituen. Espazio publikoa garatzen aritu naiz, edo, termino orokorragoetan, publikoa denaren ideia, elkarrizketa hauetako batzuetan. Orokorrean ari naiz esaten dudanean honek globalki agintzen duela, baina gaur egun ematen du gehiago baloratzen direla kontsumo-espazio pribatizatuak eta espazio oso pribatuak, hala nola etxeko espazio intimoa, espazio publikoa baino. Baina espazio publikoa ez da aurreko haien tarteetan geratzen dena, besterik gabe. Borrokan ari naiz jendea horretan benetan zentra dadin, espazio publikoa beretzat erreibindika dezan eta pertsonak espazio horren koproduktoreak direla onar dezan. Zer da zuretzat espazio publikoa?

[AA:] Nik uste dut albiste onen bat egongo dela ziurrenik fronte horretan. Habitat III [Nazio Batuen Erakundeak etxebizitzari eta hiri-garapen jasangarriari buruz egindako konferentzia, hogei urtean behin izaten dena] Quiton bildu zenean, 2016an, espazio publikoaren defentsa izan zen ondorio nagusietako bat. Gizateriak aurre egin behar dion erronkarik handienetako bat jendea hirietara masiboki etortzea da. Horrek eragin izugarria izango du eraikitako ingurunean. 2035. urtean, bi mila milioi pertsona izango dira mundu osoan hirietara joandakoak, lanaren, hezkuntza hobe baten, osasun-zerbitzuak eskura izateko aukeren eta baita aisialdirako aukeren bila ere; hori astean milioi bat inguru da, batez beste! Habitat IIIn entzun nuena laburbildu ahal izango banu, bereziki haren zuzendariak, Joan Clos-ek, esan zuena, esango nuke eraikiko ez dugun horretan datzala etorkizuneko hirientzat baliorik handiena; hau da, espazio publikoan. Intuizioak esaten digunaren kontrakoa dirudi, baina hiriak albiste ona dira. Kexatuko gara agian pertsonen kontzentrazioaz, baina edonola ere begiratuta, onuragarriagoa eta eraginkorragoa da hirietan bizitzea. Arazoa da hirietaranzko migrazio azkarrak kontrolik gabeko giza kokalekuak sortzen dituela, kalitatezko espazio publikoa sortzeko gaitasunik gabe. Iritsi berriak egokitzeko modua aurkitu behar dugu. Bestela, jendeak ez dio hirietara iristeari utziko, etortzen jarraituko dute, baina baldintza izugarrietan biziko dira!

Hiri-garapen eraginkorrak pribatua eta publikoa orekatzen ditu. Manhattan adibide ona da; espazio publiko eta pribatuaren proportzioa, gutxi gorabehera, bat-bat da. Beraz, espazio pribatu urbanizagarriko metro koadro bakoitzeko, espazio publikoko metro koadro bat dago, kaleak, espaloiak, plazak eta, jakina, parkeak barne hartzen dituena. Baina kontrolik gabeko kokaleku batean, txabola-auzo batean, proportzio hori kalkulatzen denean, hamar-bat baino gutxiagora jaisten da. Niretzat, ondasun komunaren adierazpen fisikorik erradikalena da espazio publikoa. Jarduera partikularrek, oso asmo zintzokoak izanda ere, ezin dute guztien ongia bermatu, baina espazio publikoak bai.

Espazio publikoak birbanatze-gaitasun izugarria du, oso indartsua: ez diru-sarrerei dagokienez, bizi-kalitateari dagokionez baizik. Hirietako bizikidetza-arazo asko, pobreziari ezik, desberdintasunari zor zaie: “Zergatik haiek bai eta nik ez?”, sentsazio horri. Hiri bat neurtzeko modu bat da ikustea zer egin daitekeen bertan doan. Hiriek berdintasunerako bide labur bat eskaintzen dute, bizi-kalitatea hobetu baitezakete bakoitzaren diru-sarreren mende erabat ez dauden moduetan. Alde horretatik, funtsezkoa da espazio publikoa, birbanaketarako gaitasun handia baitu eguneroko bizitzaren esparruan. Nire hiria, Santiago, ez da munduko pobreena, baina bertako biztanleen erdiak ezin dira oporretan joan. Zer gertatuko litzateke pertsona horiei ahalik eta parkerik onena emango bagenie etxebizitza sozial batzuen aurrean, baita kontrolik gabeko kokaleku batetik gertu ere? Zer gertatuko litzateke ibaira joan eta primeran pasatuko balute naturaz gozatuz? Espazio publiko on batek lagundu dezake beste modu batera erloju-bonba bat izatera irits daitekeena desegiten.

 

[OE:] Uste dut ez dagoela espazio publikoaren eginkizuna aitortzen duen pertsona asko. New York aipatu duzu —asko maite dudan hiri bat, noski, jende gehienak bezala—, baina iruditzen zait bidezkoa dela esatea bertako espazio publikoaren zati handi bat, berez, pribatizatu egin dela; ez dena, baina bai zati handi bat. Nire ustez, —eskandinaviarra naizen aldetik—, indartsuagoa da sare ekonomikoa nik sare zibikoa deituko nukeena baino. Baina jendea ez da halabeharrez konturatzen espazio publikoak bere alde jokatzen duela, komunitatearen mesedetan funtzionatzen duela, ez komunitatearen lepotik. Espazio publikoa zerbait gehiago da unitate pribatu positiboen arteko espazio negatiboak baino. Gehituko al zenioke beste zerbait espazio publikoaren jabetzaz pentsatzen duzunari?

[AA:] Tira, esperientzia pertsonal guztiz prosaiko batekin has naiteke. Duela gutxi Londresen izan nintzen, laneko kontuengatik. Eta Londres oso hiri garestia denez hegoamerikar batentzat, han dohainik zenaz gozatu behar izan nuen. Londresko parkeak zoragarriak dira. Inork ez dizu sarrera kobratzen, ez duzu baimenik eskatu behar. Beste herritar bat zara, hiriko kalitatezko espazioez gozatzen. Gauza bera gertatzen da New Yorkeko Central Park-ekin. Hiriek aukera-kontzentrazio bat eskaintzen dute, baina aukera horiek kostu handia dakarte, eta espazio publikoak kostu hori orekatzen laguntzen du. Beraz, nola susta dezakegu espazio publikoaren sorrera gaur egun? Nahiago nuke saihestu ahal izango banu merkatuko hizkuntzaren erabilera, baina, antza denez, merkatuaren laguntza behar dugu ondasun publikoa sortzeko. Kalitate handiko ingurune publikoek ere beharko dute merkatuak beren intereseko zerbait egitea.

Berri ona da —Habitat konferentziara itzuliz— higiezinen sustatzaileak, merkatuak eta merkatua, oro har, aro berri batean sartzen ari direla, eta konturatzen hasi direla publikoaren eta pribatuaren arteko bat-bat proportzioak benetako balioa sortzen duela. Merkatuak hobetu egin beharko du etekinik atera nahi badu. Lurra erabiltzeko planteamendu zaharra—metro koadro salgarri bakoitza maximizatzen saiatuz, espazio bizigarria konprimituz, bertikalki eraikiz eta dena salduz— ez da jada estimatzen. Sustatzaileak konturatzen ari dira —eta hau ere intuizioaren kontrakoa da— merkaturatu daitekeen lurraren balio ekonomikoa handitu egin daitekeela saltzen ez denari esker. Behin modu pribatuan okupatuta, espazio horiek ezingo dira inoiz berriro publikoak izan.

Baina uste dut hobe dela jokoan dagoen sektore bakoitzaren DNA ulertzea eta bakoitzarentzat naturala denaren arabera kokatzea eragiketa. Adibidez: garapen-bidean dauden herrialdeetako hiriek lurzoruaren ehuneko hogei gorde ohi dute espazio publikorako, gutxi gorabehera. Udalerri pobre batean ere, ehuneko hogeikoa da, kaleak, espaloiak eta parke bat batzen dituzunean, hemendik edo handik. Horrez gainera, sustatzaileek eta higiezinen merkatuak espazio bera uzten dute gutxi gorabehera garatu gabe. Beraz, bi kantitateak gehituz gero, espazioaren ehuneko berrogei inguruko eremua dugu eraiki gabea. Baina ez dira gauza bera eraiki gabeko espazioa eta espazio publikoa. Merkatu pribatuak jendearentzat guztiz eskuragarri jarri beharko lituzke bere espazio eraiki gabeak, eta ez besterik gabe orube gisa utzi. Eta udalerri pobre batek bere jabetzako lursaila partzelatu beharko luke, eta nik korridore zibikoak deitzen ditudanak —korridore ekologiko gisa— etorkizuneko espazio publikoetarako gorde beharko lituzke, berehala horretarako erabili ezin badituzte. Hori guztia gehituz gero, ia heldu gara bat-bat proportziora, eta horrek frogatzen du etorkizunean nolabaiteko errebalorizazioa sortuko duela.

Hala ere, norbaitek tankeratu behar du orube hori. Eta hor sartzen da arkitektoa edo, zure kasuan, artista. Zure parkea ikusten egon nintzen Addis Abeban [Meles Zenawi Memorial Park; Eliassonek eta Sebastian Behmann-ek elkarrekin duten Studio Other Spaces arte- eta arkitektura-kabineteak diseinaturikoa]. Gure ekarpena, funtsezkoa nahiz eta apala izan, portzentaje hori forma, espazio bihurtzean datza. Aukeratzen dugun formak ezberdintasun erabakigarria ekar dezake jendearen bizi-kalitatean.

 

[OE:] Ikusten dut zer esan nahi duzun bizi-kalitateaz eta horren atzean dagoen logikaz. Baina badakigu higiezinen interesek kontrolatzen dutenean espazio publikoa, espazio horiek jendea atsegintzeko eta iragartzen errazak diren jarduera-motetarako plataforma bihurtzen direla, konpromiso kritikoa bultzatzeko guneak izan beharrean; hori baita, nire ustez, espazio publikoarekin egin beharko litzatekeena. Horregatik galdetu nahi dizut nork duen espazio publikoari buruzko eskumena. Nork laguntzen du gure gizartean harremana, elkarrekintza, adierazpen-askatasuna eta autokonfiantza egon daitezkeen espazio fisikoko —eta are espazio psikologikoko— poltsa horiek diseinatzen? Izan ere, funtsean, auzia ez da espazio publikoa, baizik eta gure kolektibitate-sena, gure esperientzia edo ezagutza partekatuak. Nik uste dut espazio publikoak interkonexio-gaitasun horren gakoak eman beharko lizkigukeela. Horregatik interesatzen zaizkit Santiagon deskribatzen dituzun jokamolde-mikrosistema horiek; adibidez, jendeak nola erabiltzen dituen parkeak oporretan joan ezin denean. Londresko parkeak fantastikoak direla uste dut nik ere, baina ez nuke esango iraultzaileak direnik; elitistak ziren, neurri handi batean, parke horiek eratu zituztenen planteamendua eta balio erromantikoak. Beste leku batzuk aurkitu behar ditugu eremu zibikoan, haietan esan ahal izateko: “Hauxe da gure espazioa, gurea da”.

[AA:] Erabat ados nago. Eta hor ere badugu albiste onen bat. Hiriaren planteamendu sofistikatuago bat ari da sortzen. Eta oso garrantzitsua da espazioren bat gordetzea eraiki gabea, ideia-mota hau garatzen eta korronte nagusian integratzen den bitartean. Jakina, merkatuak ez badu ideia hori bereganatzen, erakunde publikoek arautu beharko dute higiezinen jabetza, eta sustatzaileak arau horien arabera jokatzera behartu beharko dituzte; izan ere, orain lekurik erreserbatzen ez badugu, oso zaila izango da jabetza publikoa zena pribatizatu ondoren berriz publikoa izatera itzultzea.

Kolonbian berriki egin den plangintzak zenbait gako eskaintzen ditu ikuspegi zabaleko hirigintza-plangintzak izango duen itxuraz. Medellin eta Bogotako hirietan, bereziki, oso kalitate handiko proiektuak bideratu dira, bertan dauden erronkak gorabehera. Espazio publiko berriak konektibitatea bultzatzen du, eta aukerak helmenean jartzen laguntzen du. Gizartearen erresumina gutxitzen eta eguneroko bizi-kalitatea hobetzen ari da, argiteria publiko hobea eskaintzea eta oinarrizko segurtasuna bermatzea bezalako funtsezko gauzak ez aipatzeagatik. Hiririk gehienetan, askotan ez da dirua baliabiderik urriena, koordinazioa baizik; hau da, sektore ezberdinak lankidetzan aritzea lortzea: etxebizitza publikoak obra publikoekin, garraioa azpiegiturekin eta abar. Baina Medellingo Hiri-Garapenerako Enpresak [EDU] garraioa, azpiegiturak, gasa eta elektrizitatea kontrolatzen ditu. Koordinazio-kostua ia hutsa da. Medellinen, hiriko lekurik arriskutsuenak ur-biltegien inguruko eremuak zirela deskubritu zen. Hesituak zeuden, eta oso leku ilunak ziren gauez. Alkateak irtenbide drastiko baten alde egin zuen: hesiak kentzea eta uraren oinarrizko azpiegitura-eremu batzuk espazio publiko bihurtzea agindu zuen. Lehen ez zegoen ia metro koadro bat ere eraiki gabe.

 

[OE:] Eta hilketa-tasa gutxitzen ari da?

[AA:] Ikaragarri, duela hamarkada bat bisitatzera ausartuko ez nintzatekeen lekuetan. Modu horretan, espazio publikoa azpiegiturekin uztartzen ari dira Kolonbiako planifikatzaileak, erakunde kulturalak eta parkeak euskarri gisa erabiliz. Hau guztiz berria da! Normalean azpiegiturak edo parkeak edo museoak aurkitzen ditugu hirietan. Proiektu hauetan aldi berean koordinatzen dira hirurak. Azpiegiturak —ura, estolderia eta gas-hornidurako instalazioak—, eta garraioa, espazio berdea eta kultura konbinatzen dituzte. Medellingo “parke-liburutegiek” izugarrizko arrakasta izan dute, eta ereduzkoak gertatu dira Kolonbia eta Hego Amerika osoan. Liburutegi horietako gizarte-gune garrantzitsuenak ez dira irakurketa-gelak, baizik eta horiek itxita dauden tarteetan erabiltzen diren topaguneak, lehen espazio publikorik ez zegoen lekuetan. Estrategia horiek izugarri murriztu dute indarkeria, eta bizi-kalitatea hobetu dute. Horretan guztian politena da ez direla bata edo bestea egiten ari, bata eta bestea baizik. Eta nik esango nuke horrek nolabaiteko itxaropena ematen digula gainerako guztioi. Era guztietako eragozpenak gaindituz lortu badute, besteok ez dugu aitzakiarik gauza bera ez egiteko.

 

[OE:] Hori dela-eta, beste gauza bat nahi nizun komentatu. Dakizun bezala, nik sektore kulturala deiturikoan egiten dut lana. Eta “kulturaz” ari naiz, zentzurik zabalenean: ez bakarrik gogoan hartuz antzerkia, arte bisualak, literatura, musika eta abar, baizik eta beste guztia, baita auzo-elkarteak eta tokian tokiko kirol-klubak ere. Gaur egun, sektore honek herritarren parte-hartze handia du leku askotan; herritarren konfiantzaz ere hitz egin liteke. Zenbait faktore ekonomikoren garrantzia baztertu gabe hala ere, enpleguarena adibidez, “gizartearen makina” gisa ikusten dut kulturaren sektorea: gizartearen muinean dagoen indar bat da, ez periferian. Pertsonen tolerantziari eta integrazio-zentzuari heltzeko balio duen indar bat da; pertenentziari eta nortasunari buruzko galderak planteatzeko; zer garen eta zergatik gauden hemen eta non gauden jakiteko, eta abar. Baina uste dut kulturaren sektoreak ez duela bere garrantzia aldarrikatzea lortu.

[AA:] Bai, kultura funtsezkoa da, nahiz eta askotan kulturaren sektorea “estra” moduko bat dela pentsatzen den, eta ez funtsezko gauza. Politikariak eta sektore publikoa giza premietan zentratu ohi dira: “Auzi sozial, erreal eta zailetan aritzen gara”, kontatzen digute. Baina kulturak —izan eraikin bat, artelan bat edo futbol-zelai bat— isilik geratu eta bizitza esperimentatzen duzun uneetara eramaten gaitu. Janaria elikatzea baino zerbait gehiago den bezala, bizitza ez da premiak asetzea bakarrik! Bestalde, kulturaren sektoreak gizakiaren desira lantzen duela pentsatu ohi du bere buruaz; badakizu: “Gizakia gizaki egiten duenaz arduratzen gara”. Baina, azken finean, bizitza desiretan zein oinarrizko premietan datza. Kontua ez da gauza bat ala bestea aukeratzea; biak dira, aldi berean. Kulturaren sektorea oso modu sakonean konektatzen da jendearekin, aintzat hartzen badu gizakien premien eta gizakien desiren sintesi erabakigarria.

 

[OE:] Hori oso interesgarria da. Eta premia horiek eta desira horiek indibidualak zein kolektiboak dira. Uste dut espazio kulturalak, terminologia espaziala erabiltzeagatik, aukerak ematen dizkigula elkarturik egoteko ados egoteko beharrik gabe. Horregatik interesatzen zait hainbeste kulturak bere gune propioei uko egitea eta hiriak antolatzeko mekanikan inplikatzea, espazio publikoa antolatzea, baita jarduerak eta bake-konferentziak ere!

[AA:] Ez da harritzekoa galeriak bisitatzen dituztenen kopuruak urtero-urtero gora egitea. Bada beste gauza bat buruan bueltaka dabilkidana, bereziki Jamal Khashoggi [kazetari saudiarabiarra] hil zutenetik. Pentsatzen aritu naiz, eguzki-energia sustatuko balitz, adibidez, arduraz erabiltzen ez dakitenen boterea murriztuko litzatekeela. Eguzki-energiak ez dakar soilik jasangarritasuna, ez du klima-aldaketa geldiarazten bakarrik; sare elektrikotik deskonektatzeak nolabaiteko ahalmen demokratiko bat du, injustiziak zuzentzen ditu. Hiriek bidezidorrak eskaintzen dituztenez berdintasuna lortzeko, funtsezko elementua da, gizartearen zapalkuntza konpontzeko, ingurune eraikiaren kalitatea hobetzea. Ondo diseinatutako hiriek pertsonak ahaldundu ditzakete. Eta kasu horretan planetako erasotzaileak ez lirateke hain ahaltsuak izango.

 

[OE:] Erabat ados nago. Arkitekto gisa, zure lanetan egin dezakezu hori. Zu agente zibikoa zara. Balio jakin batzuk dituzula iristen zara, eta ekintza bihurtuz adierazten dituzu.

[AA:] Horregatik definitzen dugu gure praktika “ekintza-laborategi” gisa, eta ez “ideien laborategi” gisa!

2018ko urria

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]