katalogoa
Klima-justizia
Olafur Eliasson
- Izenburua:
- Klima-justizia
- Egilea:
- Olafur Eliasson
- Argitalpena:
- Bilbo: Tate Enterprises Ltd eta GBMF Guggenheim Bilbao Museoa, 2020
- Neurriak:
- 25,5 x 19,5 cm
- Orrialdeak:
- 237
- ISBN:
- 978-84-95216-90-8
- Lege gordailua:
- BI-02613-2019
- Erakusketa:
- Olafur Eliasson: Bizitza errealean
- Gaiak:
- Nazio Batuen Erakundea | The B Team | The Elders | Berotze globala | Energia berriztagarriak | Eguzki-energia | Klima-aldaketa | Kultura | Desmond Tutu | Maeve Higgins | Mary Robinson | Justizia
- Aipatutako artistak:
- Eliasson, Olafur
MARY ROBINSON Irlandako presidentea izan zen 1990–1997 urteetan, eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako goi mandataria 1997–2002 urteetan. The Elders erakundeko kidea da (mundu osoko agintariak biltzen dituen talde independentea, Nelson Mandelak sortua), baita American Philosophical Society erakundekoa ere. 2017an, Robinson Eliasson-en estudioan izan zen, kulturaren eta politikaren mundutik etorritako talde zabal bat klima-aldaketaren ondorioez hitz egiteko bildu zuen afari baten kariaz. 2018an itzuli zen estudiora, bere Climate Justice liburu berria kaleratzeko.
Olafur Eliasson: Mary, argitaratu berria da zure Climate Justice liburua. Nola definituko zenuke klima-justizia?
Mary Robinson: Klima-justizia giza eskubideen, garapenaren eta klima-aldaketaren arteko lotura da. Klimari buruz hitz egiten edo pentsatzen dugunean pertsonengan zentratuta egitea esan nahi du horrek, jendeari nola eragiten dion gogoetatzea. Horrek, gero, justiziaren gaira garamatza; izan ere, klima-aldaketak neurriz kanpo eragiten die berotegi-efektuko gasen emisioetan errurik gutxiena duten pertsonei: autorik gidatzen ez dutenei, fabrika handirik ez dutenei, berogailu zentralik ez dutenei, etab. Eta, hala ere, urteak daramatzate dagoeneko ondorio larriak pairatzen —elikagaiak eta ura eskuratzeko arazoak, adibidez, edo beren etxeetatik alde egin behar izatea uholde edo lehorte handien erruz—. Hori oso nekez ulertarazten zaie klima moderatuagoetan bizi direnei, Europan eta Estatu Batuetan adibidez. Gero eta gorabehera gehiago ikusten dugun arren, oraindik ere ez dugu gai hau behar bezain serio hartzen.
Klima-justiziaren beste alderdi bat zera da, bidegabekeria eta ekitate-falta horri aurre egin ahal izateko, lehentasuna eman beharko geniokeela elektrizitaterik ez duten milioika eta milioika pertsonari sare elektrikoaren menpekoa ez den energia garbi eta berriztagarria helarazteari.
2011 hasieran, lehen garaietan alegia, nire fundazioak “klima-justizia” esapidea erabiltzen zuen pertsona talde bat bildu zuen. Klima-justiziaren printzipioak proposatu genituen giza eskubideen eta genero-berdintasunaren alderdirik funtsezkoenei lotuta. Ageri-agerikoak dira, oso argiak eta identifikatzeko errazak. Gero eta gehiago ikusten dut enpresek —bereziki The B Team izenekoak, negozioek gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-onuraren aldeko indar bultzatzailea izan beharko luketela uste duten enpresa-liderrak biltzen dituen irabazi-asmorik gabeko ekimenak— berotegi-efektuko gasen zero isurketara heldu nahi dutela 2050. urterako, klima-justiziarekin bateragarria den modu batean egin ere. Horrek bidezko trantsizio bat eskatzen du, kontuan hartuko dituena, adibidez, erregai fosilen industriako langileen kezkak, langile horiek ez baitute zertan ordaindu energia garbietara aldatzearen prezioa. Haientzako bidezkoa izango den trantsizioa diseinatu behar dugu. Hori guztia klima-justiziaren parte da.
[OE:] Iruditzen zait mundu guztia etor daitekeela bat zure liburuaren ikuspegiarekin, pertsonengan eta haien benetako esperientzietan jartzen baitu arreta. Klimaren erronka hain abstraktua da batzuetan, non zaila baita imajinatzea zer egin dezakegun maila indibidualean; zure planteamendua garrantzitsua da, zera galdetzen duelako: “Nola eragiten dit horrek niri? Nola aitortuko dut nik, gizarteko kidea naizen aldetik, botere indibiduala dudala eta ez dudala itxaron behar sistemak konponbideak eman arte?”. Ez da sistemikoa denaren aurkakoa, sistemikoa denaren bertsio finagoa, zehatzagoa baizik.
[MR:] Bai, hori da neurri batean. Egoera jakin batzuei aurre egitean pertsonek erakusten dituzten erresilientzia-modu ezberdinak irudikatzen dituzten istorioak aukeratu ditut nahita. Berariaz sartu ditut Estatu Batuetako bi kontakizun. Bata Sharon Hanshaw-ri buruzkoa da, zeinak ile-apaindegi bat baitzeukan East Biloxi hirian, Mississippin, Katrina urakanaren aurretik. Besteak bere herrikideen bizimodua desagertzen doala ikusten duen Alaskako emakume zientzialari bat deskribatzen du. Estatuburu bat ere aukeratu dut, Anote Tong, Kiribatiko Errepublikako presidente ohia. Eta, gainera, Australiako Natalie Isaacs ere aukeratu dut: emakume profesional arrunta, adin ertainekoa, zerbait egin behar zuela sentitu eta 1 Million Women mugimendua sortu zuena [mugimendu horren xedea da “klima-aldaketaren aurka borrokatzea eguneroko bizitzaren bidez”].
Dena dela, lotura handia dago nire liburuaren eta Mothers of Invention izenarekin egiten dudan podcast-aren artean. Emakumeak elkarrizketatzen ditugu batez ere, era askotakoak, tankera horretako gauza pila bat egiten ari direnak ikuspegirik berritzaileenetik. Azken finean, enpatia eta elkartasuna sustatzen saiatzen naiz sufritzen ari diren baina biktimak bailiran zain geratzen ez diren pertsonekiko; gauzak aldatzen ari dira, borrokatzen, eta beren buruak erresiliente egiten. Egiten dutena miretsi beharko genuke, babestu egin beharko genituzke, eta ulertu beharko genuke guztiok egoera berean amaituko dugula, baldin solidarioagoak ez bagara eta estrategian zentratzen ez bagara. Baina, jakina, ekintza indibidual hutsek, berez, ez dute arazoa konponduko. Jendeari ulertarazi behar diogu beren ahotsak eta botoak, beren adierazpenak eta jarduerak ezinbestekoak direla gobernu-politiketan aldaketak eragiteko; ikatzaren prezioa, dirulaguntzak kentzea… horrelako gaietan.
[OE:] Uharte-estatu txikien gaia planteatzearen garrantzia ere azpimarratu duzu. Liburuan diozun bezala, herrialdeok neurri egokiak hartu zituzten hasiera-hasieratik, eta ezarri zuten lurrazalaren batez besteko tenperaturak gehienez 1,5 ºC-ko igoera izan zezakeela industrializazio aurreko mailarekin alderatuz.
[MR:] Parisen, 2015eko Klima-Aldaketari buruzko Nazio Batuen Goi Bileran, hasieran ez genuen ulertzen zergatik uharte-estatu txikiek eta herrialderik pobreenek, hala nola Nepalek, Bangladeshek eta Etiopiak, behin eta berriz esaten zuten 1,5 °C-ko helburua sartu behar zela testuan; une hartan, uste dut gutako gehienok pentsatu genuela uharte txikiak urpean ez geratzeko zela. Baina Nazio Batuen txosten berriak adierazten du helburu hori beteko balitz mundua seguruagoa izango litzatekeela gu guztiontzat, eta hamabi urte baino gutxiago geratzen zaizkigula neurri egokiak hartzeko [Klima-Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak (IPCC, ingelesezko siglen arabera) “1,5 °C-ko beroketa globala: IPCCren txosten berezia” zabaldu zuen 2018ko urriaren 8an]. Isurketak ehuneko berrogeita bost murriztu beharra dakar horrek. Hain da kontu argia, hain premiazkoa, non biziki akuilatu bainau. Atzo Belfasten izan nintzen, Galwayra noa bihar, eta One Young World-ekin [irabazi-asmorik gabeko erakunde globala, lider gazteei zuzendua] aritu izan naiz lanean Hagan; guztietan azaltzen dut eskertu egin behar diegula uharte-estatu txiki horiei eta gutxien garatuta dauden herrialdeei puntu hori testuan sartzeko tematu izana. 2 °C eta 1,5 °C arteko aldea zein den eta 1,5 ºC-an nola mantendu azaltzeko eskatu zitzaien gero zientzialariei.
Ordura arte zientzialari bakar batek ere ez zigun halakorik azaldu. Eskerrak eman beharko genizkieke uharte-estatu txiki horiei.
[OE:] Oso positiboa zarela iruditzen zait, nahiz eta azken txostena batere itxaropentsua izan ez. Nola lortzen duzu?
[MR:] Desmond Tutu artzapezpiku emerituarengandik ikasi nuen irakaspena da. Duela zortzi urte inguru, Tutu oraindik The Elders taldeko [bakearen aldeko erakundea, irabazi-asmorik gabea] presidentea zenean, elkarrekin ginen kazetari estatubatuar batek moderatzen zuen New Yorkeko mahai-inguru batean. Kazetariak —emakumea bera— galdetu zion, bat-batean: “Tutu artzapezpiku jauna, zergatik zara hain baikorra?”. Bera begira geratu zitzaion, harrituta; buruari eragin eta esan zion: “Ai, laztana —‘laztana’ esan zion!—, ni ez naiz baikorra, itxaropenaren morroi baizik”. Aspalditik ezagutzen nuen nik Tutu artzapezpikua. Hegoafrikan igaro nuen etapa ikaragarri zailean ezagutu nuen, apartheidaren aurkako mugimenduan parte hartu nuenean; gogoan dut bera zela Hegoafrikako Egia eta Adiskidetzearen aldeko Batzordearen burua, eta gogoan dut negarrez aritu zela telebistan, testigantza batzuk oso mingarriak zirelako, zinez lazgarriak. Eta “itxaropenaren morroi” izatearen komentario hori garrantzitsua da, esan nahi baitu agian ez duzula edalontzia erdi betea ikusten, baina edalontzi horretan lanerako balio dizun zerbait aurkitzen duzula. Eta horretaz dihardu nire liburuko istorio bakoitzak: bizitza oso zaila da, bidegabea da, baina ez diozu denbora askorik eskaintzen horretan pentsatzeari. Aitzitik, pentsatzen duzu: “Tira, zer egin dezaket? Nola egin diezaioket aurre?”. Izan ere, txostena zeinen izugarria den deskribatzera mugatzen bagara —halakoxea da, esaten baitu ez gaudela mundu seguru baterako bidean, eta ez garela gai norabidea aldatzeko, antza denez—, horri buruz hitz egiten badugu soilik, zeinen larria den eta zeinen izugarria den esanez, eta hamabi urte baino ez zaizkigula geratzen eta ez garela ezer egiten ari, orduan energia guztia joaten zaigu eta ez zaigu ezer egiteko gaitasunik geratzen. Beraz, oso garrantzitsua da itxaropena izatea, itxaropenaren morroi izatea.
[OE:] Ados nago. Erabakiak hartzeari buruzko ikerketak erakusten du, era berean, ezin dela lortu jendea klimaren gaineko ekintzan inplikatzea izututa baldin badago, beldurra handiegia baldin bada; kontrara, jendea sorgortuta geratzen da. Alderdi baikorra ikusi behar da klimaren erronkan, jendea benetan motibatzeko. Nik uste dut garrantzitsua dela itxaropenaren kontzeptu horri jendeak eskura duenarekin egin dezakeenari buruzko ideiak eranstea. Zer jarrera-aldaketa da zentzuzkoa? Ez duzu uste beharrezkoa dela Nazio Batuen IPCCren klimari buruzko txosten berezia idatzi zuten pertsonek herritarrek egin ditzaketen gauzen zerrenda bat proposatzea? Jakina, aldaketa sistemikoak behar dira. Agerikoa da, halaber, politikariak ez direla nahitaez jarduten ari. Artista gisa, asko interesatzen zait jakitea zer dagoen eskura nire mikro-sisteman. Zergatik ez da horri buruzko txostenik egiten?
[MR:] Ni neu aspalditik ari naiz esaten gure ohiturak aldatu behar ditugula: zer jaten dugun, zer kontsumitzen dugun; ez genituzke gure ekonomiak itxaropen faltsu bat oinarri hartuta paketatu eta eraiki behar. Buruargiagoak izan behar dugu ongizateari eta bizitza hobeari dagokienez. Uste dut kultura eta kulturarekiko zein intuizioarekiko arreta izugarri garrantzitsuak izan litezkeela espazio horretan.
[OE:] Bat nator zurekin, erabat. Baina, era berean, uste dut Nazio Batuek rol garrantzitsuagoa hartu beharko luketela gizarte zibila eta pertsonak gidatzeko orduan. Zeren, bistan denez, irtenbide sistemikoak eskaintzen dituzte, baina gobernuek oso konfiantza eskasa agertzen dute irtenbide horiek praktikara eramateko. Eta baliteke sektore pribatuan lidergoa handiagoa izatea.
[MR:] Eta badaukagu, harrigarria bada ere. The B Team taldeko liderrek Europar Batasunari —estatuburuei, lehen ministroei eta dagokien ministro guztiei— bidaltzeko gutun bat lantzen aritu naiz. Gutun horretan esaten da, lehenik eta behin, EBk ikaragarri gehitu behar dituela 2030erako dituen asmoak, eta, bigarrenik, EBk adierazpen bat egin behar duela esanez 2050a baino lehen heldua izango dela berotegi-efektuko gasen emisioen zero mailara. Eta badakizu zein diren dagoeneko hori lortu duten herrialdeak? Marshall eta Fiji uharteak —uharte-estatu txikiak biak—, Costa Rica eta Etiopia. Ez Estatu Batuak, bistan da; ahaztu hori Trumpen mendean. Baina EBk era horretako lidergoa erakutsi behar du. Hori egiten badu, eta benetan esaten badu: “2050erako berotegi-efektuko emisioen zero-mailara iritsiko gara”, orduan atzekoz aurrera egin daiteke lan. Espazioko lasterketa bezalaxe da! One Young World-ekoei hitzaldi bat eman nien Hagan, eta anekdota eder hori kontatu nien, 1961ean John F. Kennedyk iragarri zuenekoa Estatu Batuek gizon bat jarriko zutela Ilargian. Handik zortzi urtera, gizakia Ilargira iritsi zenean, NASAn lan egiten zutenen batez besteko adina hogeita sei urtekoa zen; hau da, 1961ean Kennedy entzun zutenean hemezortzi zituzten. Beraz, hori izan zen Hagako gazteriari eman nion mezua; plastikoekin zer egiten ari ziren azaltzen zuten haiek: saio oso bat izan genuen plastikoei eskainia, eta gauza pila bat ari ziren egiten haiek nola ezabatu proposatzeko eta alternatibak asmatzeko. Eremu horretan aitzindariak zirelako zeuden han, horrexegatik bakarrik. Eta hori nahiko txundigarria zen.
[OE:] Itzul gaitezen kulturara, Mary; sektore publikoaz eta sektore pribatuaz hitz egin dugu. Nire ustez, kulturak konfiantza-maila handia du gizartean, oro har. Zentzurik zabalenean ari naiz kulturaz; eliteez ez ezik, tokian tokiko poesia-elkarteez eta haien zaletasun gogokoenetan aritzen direnez, denaz. Eta zentzu horretan, nik uste dut bestela entzungor egiten zaien giza ideiak eta emozioak adieraz ditzakeela kulturak. Zergatik uste duzu kultura jarduera periferiko gisa ikusten dela ia beti, baita NBEren baitan ere? Zu sektore publikoaren aitzindari bikaina zara. Azal diezadakezu kultura zergatik ez den gehiago ikusten gizarte zibilaren gorputz fisikoaren bihotz taupakari gisa?
[MR:] Hara, lehenik eta behin, atrebentzia ez bada, parte-hartzeari buruzko komentario bat egin nahiko nuke. Nire liburuaren promozioak hainbat jaialdi artistikotara eraman nau —jaialdi artistikotara, ez literariotara—, eta parte-hartzea zoragarria izan da. Galderak egiteko gogotsu zegoen publikoarekin egin dut topo; galde-erantzun saioak oso aktiboak izan dira. Baina, auskalo zergatik, NBEk ez du inoiz izpiritu hori benetan bereganatu. Berez, oso kultura indartsua du, baina, nola esan, “barrukoentzako” gizarte zibil moduko bat da. Etxe barruan, beren akronimoak eta beren NBE hizkera berezia dituzte, eta horrek ez digu askorako balio [barreak]. Bertakoarekin eta sormenarekin konektatu behar dugu kalean, orain arte egin ez den modu batean konektatu ere. Eta benetan uste dut Nazio Batuen azken txostena hain dela argia, ezen edozein taldek onartuko duela hartaz hitz eginez gero; hori izan da, behintzat, nire esperientzia. Halako gauzez hausnartu ez duten pertsonekin hitz egin izan dut, eta batere zalantzarik gabe onartu dute. Orain entzuteko prest daude, lehen baino askoz ere gehiago, zeren, nolabait ere, badakigu erabat ulertu ezin dugun zerbait ari dela gertatzen. Gainera, arrazoia duzu diozunean handiagoa dela orain kulturan dugun konfiantza; pentsatzen dut lotura horiek sortzen laguntzea dela kulturak benetan egin dezakeena.
Garrantzitsua da gauzak esatea, baina ez agintzen saiatzea. Adibidez, zera esaten dugu Mothers of Invention podcast-ean: “Klima-aldaketa gizonak eragindako arazo bat da, irtenbide feminista bat eskatzen duena”. Eta gero azaltzen dut, iruditzen zait-eta azaldu egin behar dela oraindik ere, “gizonak eragindakoa” esatean, emakumeak ere barnean hartzen direla; irtenbide feminista batek gizonak ere barnean hartzen ditu, noski. Baina guk ez diogu inori esaten nolakoa izan behar duen konponbide feminista horrek. Podcast-ak oso modu irekian esploratzen du gonbidatuek paternalismoari, Black Lives Matter auziari eta era horretako gauzei buruz esaten dutena. Oso interesgarria da, ez baikara ezer agintzen ari, entzuten ari gara, besterik gabe. Eta umorea dago, nirekin saioa egiten duen pertsona, Maeve Higgins, antzezle komikoa baita. Umoreak ere asko laguntzen du.
[OE:] Bete-betean asmatzen duzu diozunean gauza ez dela jendeari zer egin behar duen esatea. Eguzki-energian oinarritutako nire Little Sun enpresa sozialaren bidez, klima-justiziaren gaia ulertzen duten pertsona pila batekin jarri naiz harremanetan.
Zuk esandakoak lagundu egin dit Little Sunen eta ahalduntze kontzeptuaren atzean dagoen arrazoibidearen zati bat hitzez adierazten. Adibidez, Little Sunen kasuan, kontua ez da etiopiarrei esatea klimarako irtenbideekin zer egin behar duten. Haiei entzutea da kontua, aurkitu dituzten konponbideen berri entzutea.
[MR:] Horixe.
[OE:] NBEren gomendioetako batzuk aplikatzeko orduan praktikan baliagarriak izan daitezkeen hainbat estrategia daude kulturan. Esango nuke NBEk indar bakegileak bidali behar baditu norabait, nahiz eta hori, bistan denez, traumatikoa izan, hogei edo hamar urte lehenago kultura-eragilerik bidali ez zutelako gertatzen dela. Badakit pixka bat sinplifikatzen ari naizela, noski. Kontuz ibili behar genuke kontua demokratizazioa besterik ez dela esatean, baina, nolanahi ere, ez dago zalantzarik osagai kulturala aktiboa dela eta ez pasiboa; horrexegatik gustatzen zait hilabete honetan bertan zure liburua kaleratzeko plataforma kulturalak erabiltzen aritzea, nire estudioa bera, adibidez.
[MR:] Bai, asko eskertzen dizut. Zoragarria da zure estudio bikainera itzultzea.
2018ko urria
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]