© Murakami
Kaikai eta Kiki, 2007
Marmoka-begiak (Jellyfish Eyes), 2001
Iruzkinak
Time Bokan –Urdina (2001), Gorria (2001) eta Lima (2009) [Time Bokan – Blue (2001), Red (2001) and Lime (2009)]
- Izenburua:
- Time Bokan –Urdina (2001), Gorria (2001) eta Lima (2009) [Time Bokan – Blue (2001), Red (2001) and Lime (2009)]
- Erakusketa:
- © Murakami
- Gaiak:
- Heriotza | Artea eta gizartea | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Bigarren Mundu Gerra | Suntsipen atomikoa | Japonia
- Artelan motak:
- Animazioa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Murakami, Takashi
Pintura-sail honen izena, Time Bokan, 1970eko hamarkadan telebistan ematen zuten marrazki bizidunen sail batetik hartutakoa da. Sail hartako emanaldi bakoitza eztanda batekin amaitzen zen, eta eztanda horren ondorioz hil egiten zen pertsonaia maltzurra. Onddo itxurako hodei bat zen haren heriotzaren sinbolo, burezur baten irudia erakusten zuena; dena den, maltzurra beti agertzen zen berriro hurrengo emanaldietan.
Irudi hark eragin handia izan zuen Murakami-rengan: zur eta lur utzi zuen esperientzia latz hura bizi eta hamarkada gutxiren buruan japoniar kulturak trauma kolektibo bat telebistako umore-programa bilakatzeak. Hemen, burezurraren motiboak adierazten duen izugarritasuna arindu egiten du artistak hainbat koloretako atzealdeak erabiliz. Gainera, haren lanaren bereizgarri diren loreak gehitu ditu heriotzaren irudi honen betzuloetan. Murakamiren obran ohikoa den osagai dekoratiboen eta makurren bategitea, azken finean.
Japoniarrei onddo itxurako hodeiaren irudiek nahitaez gogora ekartzen dizkiete Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa traumatikoak, Bigarren Mundu Gerrari azkena eman ziotenak. Murakamiren obrak gerra ondorengo urteetan Japoniak izan zuen “amerikanizazio” prozesuaren ikuspegia jasotzen du. Artistak adierazi izan duenez, gerra osteko mendekotasunak beharrez bultzatu zituen japoniarrak “helduak sortzen ez dituen” sistema bat hartzera. Testuinguru umiliagarri horretan, Japoniako anime eta manga generoak behin eta berriro itzuli izan dira Hiroshimaren irudi apokaliptikora.
2005ean, Estatu Batuetako Aireko Indarrek Hiroshiman jaurti zuten bonbaren izena hartu zuen Murakamik, Little Boy alegia, berak komisariatutako erakusketa baterako eta Time Bokan obra aurkeztu zen erakusketa hartan; artistak erakusketa horri Little Boy: Japoniako azpi-kultura lehergarriaren arteak izena eman zion.