Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Logela gorria (gurasoak) [Red Room (Parents)]
Gela XXI (Cell XXI)
Iruzkinak
Logela gorria (haurra) [Red Room (Child)]
- Izenburua:
- Logela gorria (haurra) [Red Room (Child)]
- Erakusketa:
- Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
- Gaiak:
- Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Denbora | Sorkuntza artistikoa | Sentimenduak
Gela honek, Logela gorria (haurra), aurretik ikusitako Logela gorria (gurasoak) gelarekin lotura du. Biak ere Manhattango epaitegi bateko ateekin eginak daude, jendea errudun edo errugabe jotzen duten toki batekoak. Baina itxura eta barrualdea oso bestelakoak dira. Umearen logelara ere ezin gara sartu: begiratu baino ezin dugu egin. Gurasoen logela txukuna ez bezala, umearena anabasa da. Elkar heltzen duten eskuak ikus ditzakegu, harea-erlojuak, belarririk gabeko animalia baten buruaren igeltsuzko modeloa, eskailera bat, lanparak, haria, josita “moi” (“neu”) eta “toi” (“zeu”) dituzten eskularru parea eta gauza gehiago.
Psikologian, niaren eta gainontzekoen arteko bereizketa urrats erabakigarritzat jotzen da umearen garapenerako. Sokak eta harea-erlojuek denbora adierazten dute; hariak eta eskuek, berriz, giza harremanak eta denboraren igarotzea. Animalia-buruak lesio bat ematen du aditzera eta, aldiz, josteko orratzek sendatzea eragiten dute. Objektuak elkarrekin harremanean nola kokatzen diren, esanahi-geruza desberdinak agertzen dira. Euskarri batek hari gorriko eta urdineko txirrikak eusten ditu. Gurasoen logelak esfera urdin eta gorri bana dauzka. Egun batean, artistak honakoa adierazi zuen:
“Gorriak edozein baieztapenetan, kosta ala kosta [...] kontraesana adierazten du, erasokortasuna adierazten du, erasoa. Uneko emozioen intentsitatearen sinboloa da. Urdinak, berriz, bakea adierazten du, meditazioa, eta ihesa”.