Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Gela I (Cell I)
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
- Gaiak:
- Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Giza gorputza | Emakumea artean | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Arkitektura | Eskultura | Grabatua | Instalazioa | Performance | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak erakusketara.
Louise Bourgeois XX. mendeko sortzaile berritzaileenetako eta eragingarrienetako bat izan zen. Artistak bizitza luzea izan zuen, ia ehun urtekoa, Parisen 1911 jaio eta New Yorken 2010ean zendu baitzen. Bere ibilbidean eskulturari lotu zitzaion batez ere, baina marrazkiak, pinturak, grabatuak eta instalazioak ere egin zituen.
Arte-teknika ona zuen eta emakume ikasia zen: haurretan gurasoen tapizak zaharberritzeko tailerrean ikasi zuen eta gerora filosofia-, matematika- eta arte-ikasketak egin zituen. 1950eko hamarkadarako, aitzindaria zen piezak girotze-instalazio moduan antolatzen eta, geroago, antzerkiaren eta performancearen formatuak erabili zituen eskulturak egiteko. Gainera, bere artegintzan psikoanalisiaren eta feminismoaren alderdiak jorratu zituen, ordura arte artearen diskurtsotik at zeudenak.
Ekoizpen oparoa izan zuen, eta Gelak lan berritzaileen artean daude; baita hausnarketa sakona eragiten dutenen artean ere. Tamaina handiko artelanak dira; eskulturen antzera sortutakoak, baina toki bat irudikatzen dutenak; beraz, arkitekturarekin lotura dute. Gainera, “eszenatokitzat” ere har daitezke. Mezu esanguratsuak gordetzen dituzte, eta intentsitate psikologiko handiko mikrokosmos bat eratzen dute: horietako bakoitzean askotariko objektuak eta eskultura bereziak daude, emozio biziak sorrarazteko moduan kokatuak. Objektu horien artean daude eguneroko gauzak, aurkitutako objektuak, arropak, oihalak eta altzariak; eskulturak Bourgeoisek egindakoak dira. Barrualdea artistaren barneko munduaren isla da eta Gelak berak kanpoko mundutik babesten du, hesiarena egiten du, eta konnotazio asko ditu. Espazio hauen bidez, artistak bere oroitzapenak aztertu zituen, beraren burua hobeto ezagutzeko eta oreka aurkitzeko.
Erakusketa hau Gelak serieari buruzko lehenengoa da, eta gaurdaino sailetik bildu ahal izan den pieza kopuru handiena du ikusgai.
Louise Bourgeois. Izatearen egiturak. Gelak erakusketa handia da, eta artistak espazioari eta memoriari, gorputzari eta arkitekturari, kontzientziari eta inkontzientziari buruz zeuzkan ideiak agerian uzten ditu.
Artistak lotura bat ezarri zuen bere lanen eta trauma pertsonalen artean. 1982an, testu autobiografiko ilustratu bat sortu zuen Artforumentzat, haurtzaroko bere esperientzia traumatikoei buruz. Urte horretan, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak omenaldia egin zion, ordurako 70 urte zituela, atzera begirako handi bat eginez.