Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Gela I (Cell I)
Barruan eta kanpoan (In and Out)
Iruzkinak
Gela III (Cell III)
- Izenburua:
- Gela III (Cell III)
- Erakusketa:
- Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
- Gaiak:
- Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Giza gorputza | Sentimenduak
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise
Seriearen izenburuko “cells” hitzak bi adiera ditu ingelesez: zelulak eta gelak. Biologian, zelulak izaki bizidun baten unitate txikientzat hartzen dira, hots, bizitzat jo ohi den unitate txikientzat. Bestalde, monjeen edo presoen gelak edo ziegak ere badira ingelesezko “cells”, alegia, erretirorako edo giltzapean egoteko tokiak. Louise Bourgeois-en Geletan bi adierak nahasten dira. Itxitako esparruak dira, atez zein saretez itxitakoak edo altzairuzko kaiolak bezala taxututakoak. Gelak mikrokosmosak dira; “bizi-unitate” horietan azaleratu nahi zuen artistak subkontzientea.
“Nire ustez, seguru ez nagoen arren, subkontzientziarekin dudan konexio zuzena ez dator ametsetatik, bizitza errealetik baizik”.
Bourgeoisek Gelak Sigmund Freude-k toki “makurtzat” joko lituzkeen bezala eratu zituen. Freuden arabera, makurra dena erreprimitzen dugunaren adierazpena da. Bourgeoisen gelak oroitzapen erreprimituen hiru dimentsioko irudiak dira, eta, aldi berean, artearen bidez, horiei aurre egiteko modu bat dira. Artistaren iraganean dute sorburua, baina barne-eszenategi unibertsal bihurtzen dira.
Hemen, Gela III lanean, giza irudi bat, bizkarra okertua duena, ebakitze-mahai baten gainean dago. Gillotina mehatxagarri bat du gainean, histeria une batean eta tentsioan dagoen gorputza mozteko prest. Handik ez oso urruti, marmolezko hanka bat dakusagu zoruan. Hankaren aurrean, berriz, ispilu obalatu bat dago hormatik eskegita, eta itxura falikodun iturri bat aldamenean.
Gorputza zatikatzeko mehatxuak, irudiak islatzen eta zatikatzen dituzten ispiluak eta sinbolo falikoak Gela askotan ikus daitezke. Horien konbinazioak eszena poetiko bat sortzen dute, makur egiten zaiguna.