Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Dena opari (I Give Everything Away)
Iruzkinak
Dama laguntzailea (Lady in Waiting)
- Izenburua:
- Dama laguntzailea (Lady in Waiting)
- Erakusketa:
- Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
- Gaiak:
- Artea eta mitologia | Artea eta emozioa | Denbora | Espazioa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Sentimenduak
- Artelan motak:
- Eskultura | Tapiza
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise
Leihoz egindako espazio itxi honetan [Dama laguntzailea (Lady in Waiting)], giza irudi txiki bat besaulki barroko eskerga baten gainean eseria dago. Emakumezko giza irudia oihalez eginda dago, besaulkiaren bezalako oihalez. Era horretan, bereizezinak izatearen sentsazioa ematen dute. Hala ere, giza gorputzetik zazpi armiarma hanka hazten dira, zilarrez eginak. Metamorfosi-une bat da. Emakumearen ahotik, hari finak ateratzen dira, espazio estua zeharkatzen dute eta txirrika-ilara batera heltzen dira. Ez dago argi giza irudia haria jaten ari ote den edo, armiarma bat bezala, botatzen ari ote den, txirrikaren inguruan biltzeko.
Bourgeois-en obran, armiarmek ama adierazi ohi dute. Aldiz, azken geletan, autorretratu bihurtu direla ere ematen du: bizitzako oroitzapenak jaulki eta josten dituen pertsona baten irudi dira; oroitzapenak ehundu egiten dituzte eta, aldi berean, horietatik elikatzen dira. Amaren irudiak eta bereak elkarrekin bat egin dute. Bourgeoisentzat interesgarria zen armiarmak amarauna haren gorputzetik bertatik ehuntzen zuela, eta ideia hori beraren eskultura prozesuaren metaforatzat hartu zuen.
Beharbada Bourgeois Atenearen eta Arakneren mitoko armiarma bihurtutako emakumearen ideiarekin jolasten da. Araknek erronka bota zion Atenea jainkosari, nor baino nor, hobe nork iruten zuen ikusteko. Araknek jainkoen ahuldadeei buruzko kontakizunak erakusten zituen alfonbra handi bat ehundu zuen. Ateneak, orduan, amorruaren amorruz, Arakne zigortu zuen, armiarma bihurtuz. Bourgeoisen amak antzinaro klasikoko mitoak irudikatzen zituzten tapizak konpontzen zituen. Alabak, aldiz, bere artelanetan, jainkoen ahuldadeak baino, haiek sinbolikoki adierazten dituzten gizakien ahuldadeak irudikatzen zituen.