Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
Sarrera
Gela III (Cell III)
Iruzkinak
Gela I (Cell I)
- Izenburua:
- Gela I (Cell I)
- Erakusketa:
- Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak
- Gaiak:
- Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Gizakia | Giza gorputza | Emakumea artean
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise
“Oinazea da nire gaia”
“Oroitzapenak behar ditut. Nire dokumentuak dira”
“Oinazea da formalismoaren prezioa”
“Artea zentzutasunaren bermea da”
Esaldi horiek hari gorriz josiak daude Frantziako posta-zaku batzuetan. “Amorrua” hitza ere antzeman daiteke: “rage”. Emozio biziak, oroitzapenak, zentzutasuna eta forma jakin baten bilaketa artea egiteko zergatiak izan ziren artistarentzat. Gela I izeneko lan honetan, Bourgeois-ek haurtzaroa igaro zuen herrialdeko posta-zakuetan josi zituen bere pentsamenduak. Ideia horiek brodatzea erabaki zuen, alegia, emakumeekin lotutako arte forma bat erabiltzea; gainera, teknika horrek umetako garaira ere eramaten gaitu, familiak tapizak zaharberritzeko tailer bat baitzuen. Zakuek ohe bat estaltzen dute; ohea amesteko toki izan daitekeen arren, artistarentzat lorik ezaren tokia zen. Insomnioa zuen eta zahartu ahala okerrera joan zitzaion.
“Beti esan izan dut artea nire psikoanalisia dela”.
Horixe esan zuen elkarrizketa batean. Bere barruko egonezinak, batzuetan haurtzaroan errotuak, espazio hauetan, Geletan, mamitu zituen; batzuetan, gune horietara sartu eta barruan zehar ibiltzeko aukera dugu, eta, beste batzuetan, ingurutik ibil gaitezke. Gela honen barruko jarritako objektuak iraganeko aztarnak dira. Zoruan, gau-ontzi bat, botila batzuk eta botika-poto batzuk daude eta mesanotxean tuberkulosiaren inguruko liburu bat; horiek guztiek Bourgeoisen amak luze pairatutako gaixotasunari egiten diote erreferentzia. Artistak gaztetan ama zaindu behar izan zuen, baina aitari ezkutatu zioten ama larri zegoela. 1932an hil zen ama.
Artistak Gela sailean lanean izan zen 2010 arte, eta bere obra berantiarraren fase baten adibide da. Serieak hasiera eman zion beste lan mota batzuei; izan ere, espazioa ia eszenatoki bihurtu zuen. 1991n lehen sei Gelak aurkeztu zituen Pittsburgheko Carnegie Museoan, Pennsylvanian, eta ondorengoa azaldu zuen:
“Gelek hainbat oinaze mota irudikatzen dituzte: fisikoa, emozionala eta psikologikoa, eta buruarena eta adimenarena. Noiz bihurtzen da oinaze emozionala fisikoa? Eta fisikoa emozionala? Sorgin-gurpil bat da. Oinazea edozein unetan eta edozein lekutan has daiteke eta edozein norabide hartu”.