Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
Sarrera
Peter Paul Rubens, Artzain-paisaia ortzadarrarekin
Iruzkinak
David Teniers Gaztea, Festa
- Izenburua:
- David Teniers Gaztea, Festa
- Erakusketa:
- Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta umorea | Sorkuntza artistikoa | Landa-eszenak | Flandes
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Teniers Gaztea, David
David Teniers Gaztea flandestar maisu garrantzitsuak pintatu zuen artelan hau, 1646an. Festa izena du, oso gai zabaldua flandestar pinturan.
Baina Teniersek bere ekarpen pertsonala gehitu dio gai horri. Xehetasunari arreta itzela eskainita lantzen du gaia, eta asmamen handiarekin. Landa-giroko jaien ideia erabiltzen du, ekintza ugariko eszena eratzeko: eszena txiki anitz jokatzen du hainbat taldek, aldi berean. Eta taldetxo bakoitzak bere historia propioa kontatzen du. Esaterako, margoaren ezker‑ezkerrean, emakume bat zutik irauten laguntzen ari zaio senar mozkorrari. Teilatu makurreko txerritokiaren ondo‑ondoan daude; Teniersek, beharbada, hango esaera zahar bat irudiztatu nahi zuen: «txerria dena txerritokikoa da».
Aipagarria da, orobat, lehen planoaren erdialdean ageri den taldea, ekintzaren erdigunean. Taldearen ezkerraldean, morroi batek pitxer bati eta azpil bati eusten die, ondoan eserita dagoen bere ugazaba noblea zerbitzatzeko prest. Baina ugazaba bestelako lanetan dabil buru‑belarri, emakume-nekazari gazte bat besarkatzen. Haien atzean zutik dagoen gizonak, seinalatuz, bikotearengana erakartzen du arreta. Eta, eszenaren atzealdean, bada gizon mozkor bat, atetik kanpora botatzen ari direna. Badirudi atzerantz haiei begiratzen ari dela, eta horrek areago nabarmentzen du taldetxoa.
Eszenaren bizitasuna eta umorea, bai eta duen giza interesa ere, Teniersen lanaren bereizgarri dira. Nolakotasun horiek ederki azaltzen dute artistak bizi zela izan zuen arrakastaren zergatikoa.