Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
Peter Paul Rubens, Artzain-paisaia ortzadarrarekin
Jan Fyt, Azeri-ehiza
Iruzkinak
Andries van Eertvelt, Espainiar flotaren eta itsasontzi holandarren arteko bataila, 1573ko maiatzan, Haarlem-eko setioa bitartean
- Izenburua:
- Andries van Eertvelt, Espainiar flotaren eta itsasontzi holandarren arteko bataila, 1573ko maiatzan, Haarlem-eko setioa bitartean
- Erakusketa:
- Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
- Gaiak:
- Pertsonaia mitologikoak | Artea eta erlijioa | Artea eta historia | Artea eta mitologia | Sorkuntza artistikoa | Gerra-margoa | Historia-margoa | Itsas paisaia | Espainia | Herbehereak | Flandes | Haarlem
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- van Eertvelt, Andries
Andries van Eertvelt-ek 1620ko hamarkadaren erdialdera margotu zuen bizitasunez beteriko itsas guda hau. Herbeheretako historiako gertaera berezi bat irudiztatzen du: 1573an espainiarrek Haarlem setiatu zutenekoa. Haarlemek paper nabarmena jokatu zuen Herbeherek Espainiaren menpetik askatzeko egindako matxinadan, eta hainbat hilabetez setiatu zuten. Baina, herbeheretarren erresistentzia heroikoa gorabehera, Espainiak hiria hartuko zuen.
Dakusagun guda hori Haarlemdik hurbil dagoen golko batean gertatu zen, 1573ko maiatzaren 26an, eta Espainia garaile atera zen. Artistak garbi erakusten du espainiar itsas armada dela nagusitzen ari dena. Herbeheretako itsasontziak txikiagoak dira, eta hiru koloreko banderak dituzte. Haietako zenbait ekintza nagusiaren atzealdea eratzen dute. Beste batzuk, lehen planoan hondoratzen ari dira. Baina ohorezko tokia, mihisearen erdigunean, espainiar itsasontzi bati eskaintzen zaio, haren bandera, haizeak darabilela, konposizioaren punturik gorena izanik. Itsasontzi horretako tripulazioa herbeheretar ontzi bat abordatzen ari da. Banderadun ontziaren belarik handiena haizeak puztua dago; bela horretan, nekez antzeman daiteke erlijiozko eszena bat.
Erlijioaren elementua garrantzitsua da. Flandestarra izanagatik, artista espainiarren alde ageri da, dudarik gabe. Hamazazpigarren mendean, Espainiak gobernatu zuen Flandes, eta bertakoak katolikoak ziren gehienak. Eertveltek argi eta garbi iragartzen du noren alde zegoen. Beheko ezkerraldeko ertzean, mitologia klasikoan itsasoko jainkoa den Neptuno irudikatu du. Neptuno olatuetan zehar bere gurdiarekin erasora doala ageri da. Hipokanpo batek, zaldi burua eta suge buztana duen izaki mitologiko batek, tiratzen dio gurdiari. Neptunoren hiruhortzetik hegaldatzen, inskripzio bat pintatua duen bandera bat dago: gudan, espainiar itsas-flotak herbeheretar matxinoak menperatuko dituela iragartzen du. Argi eta garbi dago, Eertvelten ikuspegitik, jainkoak espainiarren alde zeudela.