Lee Krasner. Kolore Bizia
Autorretratua [Self-portrait], 1928 inguru
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Judaismoa | Natura | AEB | New York | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
Ongi etorri LEE KRASNER. KOLORE BIZIA erakusketara. Hauxe da bide berriak zabaldu zituen iparramerikar artista honi espainiar estatuan eskaintzen zaion lehen atzerabegirakoa. Aretoz areto, artistaren izaera urduria eta nortasun indibidualista ezagutuko ditugu. Krasnerrek ez zuen sailkatua izan nahi, eta orobat ez zuen estilo jakin batean gelditu nahi.
Lee Krasner New Yorken jaio zen, Brooklynen hain zuzen, 1908. urtean. Judua zuen familia, errusiar inperioan beren herria suntsitzen ari ziren pogrom-etatik ihesi etorria. Bost neba-arrebatatik laugarrena zen Lee, eta bera izan zen Estatu Batuetan jaio zen lehena. Bere familia, Odesa hiritik hurbil zegoen shtetl batekoa izaki, oso erlijiozalea zen. Sabbatak irauten zuen bitartean, emakumeek sinagogan egon behar izaten zuten… edo sukaldean.
Txikitan irakurle sutsua izan zen, eta Edgar Allan Poe-ren lanak maite zituen bereziki. Haren poemetan inspiratuta beharbada, Lenore izen amerikartua hartu zuen institutuan. Liluratuta zegoen naturaz, eta izugarri gustatzen zitzaizkion Maurice Maeterlinck belgikar idazleak naturari buruz egindako azterketak. Gaztaroko azken urteak Brooklyn ekialdean igarotzeko zortea izan zuen, garai hartan landa lurrak baitziren han nagusi. Betidanik izan zuen artista izateko ametsa, oroimena zuenetik behintzat, eta gogor borrokatu zen amets hura lortzeko.
1945. urtean, Jackson Pollock-ekin ezkondu zen. Handik gutxira, Life aldizkariak Estatu Batuetako margolari bizi handientzat jo zuen Pollock. Urte askoren buruan, honela gogoratzen zuen Leek: “Harremana hasi genuenean, nire lana hutsala bihurtu zen. Bera zen garrantzitsua”. Hala ere, ez zion margotzeari utzi. “Margotzen jardun nuen Pollocken aurretik, Pollocken bitartean eta Pollocken ondoren” adierazi zuen. Gaur egun, Krasner hil eta hainbat hamarkada igaro ondoren, 1984an hil baitzen, haren lanak eragin handia du oraindik ere artista-belaunaldi berriengan.