Lee Krasner. Kolore Bizia
Autorretratua [Self-portrait], 1928 inguru
Aurrez aurreko biluzi-estudioa [Nude study from life], 1940
Iruzkinak
Biluzi-estudioa [Study from the nude], 1933
- Izenburua:
- Biluzi-estudioa [Study from the nude], 1933
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Giza gorputza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Biluzia | Depresio Handia | AEB | New York | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Arkatz
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
Depresio Handia gertatu zenean, Krasnerrek National Academy utzi eta irakasle ikasketak egin zituen doako ikastetxe batean, City College-n hain zuzen. Zerbitzari gisa ere jardun zuen Greenwich Village-n, eta Job Goodman-ekin ikasi zuen aurrez aurreko pintura. Thomas Hart Benton amerikar pintore erregionalistaren ikaslea zen Goodman, eta artistek hainbat mendez erabilitako ikaskuntza-metodoa erabiltzen zuen hark ere, hau da, iraganeko maisu handiak kopiatzea, bereziki Bentonen kutuna zen Michelangelo.
Marrazki hau Michelangeloren Kapera Sixtinoko sabaiko “Ebaren Sorkuntza” eszenari dagokio. Krasnerrek erreprodukzioetan baino ez zuen pieza hura ikusterik izan. Kapera Sixtinoa bisitatzeko aukera eduki izan balu, ordea, Trentoko Kontzilioaren argibideei jarraituz Daniele da Volterrak 1565ean margotutako araztasun oihal batez estalita ikusiko zukeen ignudi izenez ezagutzen diren hogei gizonezko pertsonaia biluzietako baten irudi hau. Zorionez, Volterrak bere aginduari ekin aurretik, XVI. mendeko beste artista batek, Marcello Venustik, bobedaren kopia bat marraztu zuen, eta XX. mendearen amaieran, bobeda hura zaharberritu zenean, funtsezko iturri historikoa izan zen Venustiren pintura.
Ez zen denbora asko ignudi haiek albiste izanak zirela. Hain zuzen ere, 1933ko urtarrilean, Estatu Batuetako Aduana Bulegoko New Yorkeko ordezkaritzak lizuntzat jo eta atxiki egin zituen Venustiren pinturaren errotograbatu bidezko erreprodukzioak erakusten zituzten hamar liburuxka, New Yorkeko galeria batek eskatuak. Horregatik, lan honetarako gaia ezarria edo Krasnerrek berak hautatua izan, oso litekeena da agintarien itxurazalekeriaren aurrean probokatzeko asmoa ere egotea haren atzean.
Ikusirik nolako trebetasunez margotu zuen Krasnerrek Conté arkatzez irudi gihartsu eta sentsual hau, berdin-berdin bihur zitekeen artista konbentzionalagoa. Lan hau ikusita ondoriozta daiteke, gainera, ez ziola inolako lotsarik ematen giza gorputzaz atsegin hartzeak. Librepentsalarien babesleku zen Greenwich Village-n biluzia oso gauza normala zen, eta Krasner bere heziketa erlijioso zorrotzetik urrunduta zegoen erabat: marrazketa eskoletan modelo gisa aritzeaz gain, bere mutil-lagun Igor Pantuhoff-en kameraren aurrean ere agertua zen biluzik, hondartzan. Gainera, harekin bizi zen, ezkutuan ibili gabe.
Pollock-ek berak ere, oraindik elkar ezagutzen ez zutela, Goodmanekin ikasi zuen, eta eginak zituen, baita ere, Kapera Sixtinoaren sabaiko ignudiei buruzko estudioak; edonola ere, Krasner beste etapa batean zegoen ordurako.