Lee Krasner. Kolore Bizia
Aurrez aurreko biluzi-estudioa [Nude study from life], 1940
Kolore birrindua [Shattered color], 1947
Iruzkinak
War Service-rako erakusleihoak
- Izenburua:
- War Service-rako erakusleihoak
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Argazkigintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Federal Art Project | Bigarren Mundu Gerra | Depresio Handia | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Fotomuntaketa
- Artelan motak:
- Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
Depresio Handiaren garaian, Franklin D. Roosevelt lehendakariak hainbat neurri jarri zituen indarrean lanpostuak sortzeko, eta horietako bat Works Progress Administration [Herri Lanen Aurrerapenerako Administrazioa] sortzea izan zen. Erakunde hark sustatzen zituen programetako bat Federal Art Project [Arte Proiektu Federala] zen. Proiektu haren bitartez, hamar mila artista eta artisau hautatu zituzten horma-irudiak eta estatuak egiteko eskoletan, ospitaletan eta bestelako herri eraikinetan. Federal Art Project hark ehunka milaka artelan agindu zituen. Trukean, 23,60 dolar kobratzen zituzten artistek asteko. Soldata hari esker atera zuten bizibidea eta askok, tartean Lee Krasnerrek berak; are gehiago, Federal Art Projecten zerbitzura horma-irudiak margotzea artista gisa egin zuen lehen urratsa izan zen Krasnerrentzat.
Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerran sartu zirenean, beste programa batek hartu zuen bere baitan Federal Art Project hura: War Services Program [Gerra Zerbitzuetako Programa] izenekoa, hain zuzen. Krasner oso bizkor igo zen mailaz, eta saltoki handietarako hogei erakusleihoren ekoizpena ikuskatzea egokitu zitzaion. Lan haien bitartez unibertsitate-ikastaroak sustatzen ziren, besteak beste kriptografia edo lehergailuen kimika bezalako diziplinetakoak, gerraren premien zerbitzura betiere. Dokumentatzeko prozesuaren barruan, Krasnerrek eskolak hartu eta argazkiak atera zituen, hainbat fotomuntaketatan txertatzeko; muntaketa haietan tipografiaren ikuspegi ludikoaz baliatzen zen, errusiar konstruktibisten erara; haiek bi hamarkada lehenago garatua zuten estetika hura, propaganda helburu argiekin.
Krasnerrek honela gogoratzen zuen bere esanetara lan egin zuen taldea: “Artista talde bat esleitu zidaten —“ez-egokituak” deitzen zieten—, haiekin lan egiteko: Baziotes, De Kooning eta Pollock, besteak beste”. Pollocken kasuan, ordea, Krasnerrek berak eskatu zuen taldean sar zedin. Ezagutu berriak ziren taldeko erakusketa batean, eta Krasner liluratuta gelditu zen haren lanarekin. Geroago, honela adierazi zuen Krasnerrek: “Ezagutu nuenean jabetu nintzen Jacksonek garrantzizko zerbait zuela esateko”. Hilabete gutxira, haren apartamentura joan zen Krasner bizitzera.