Lee Krasner. Kolore Bizia
Sarrera
Biluzi-estudioa [Study from the nude], 1933
Iruzkinak
Autorretratua [Self-portrait], 1928 inguru
- Izenburua:
- Autorretratua [Self-portrait], 1928 inguru
- Erakusketa:
- Lee Krasner. Kolore Bizia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Ingurunea eta natura | AEB | New York
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
Gauza bat da artista izan nahi izatea, eta beste bat irakasleen oniritzia lortzea. Hamalau urte zituela, Lenore Krasner ez zuten onartu Washington Irving High School-en. Hura zen bigarren hezkuntzan neskei heziketa artistikoa eskaintzen zien New Yorkeko ikastetxe bakarra. Urtebete egin zuen bere auzoko institutuan, zuzenbidearen alorrera bideratuta, eta, ondoren, Washington Irving High Schoolera aurkeztu zen berriro ere. Bigarren horretan onartu egin zuten, eta ikasgai guztietan nabarmendu zen… arteko ikasgaian izan ezik. Bere buruari jarri zion hurrengo helburua Cooper Union ospetsuan sartzea izan zen. Arteko irakasleak gogoz kontra jarri zion 65eko nota, hau da, gainditzeko behar zen gutxienekoa. Cooper Unionen bi urte egin ondoren, National Academy of Design-era aldatu zen. Kontuan hartuta irakasle gutxiri gustatu ohi zitzaiela Lenoreren lana, eskola horietan sartu ahal izatea nahiko gauza ohiz kanpoa izan zen.
19 urte zituela margotu zuen Krasnerrek Autorretratua izeneko lan hau, National Academy kontserbadoreko aurrez aurreko pintura ikasgaian sartzeko proba gisa. Irakasleek itxura txarra hartu zioten, ordea, lanari. Ez zuten sinesten autorretratu hura aire zabalean margotua zenik, eta iruzur egin izana leporatu zioten Krasnerri, estudioan margotu eta, ondoren, atzealdean zuhaitzak erantsi zituela uste baitzuten. Krasnerrek protesta egin zuen, eta behin eta berriro adierazi zuen gurasoen lorategiko zuhaitz batean ispilu bat zintzilikatuta egin zuela bere buruaren erretratu hura. Ikusten denez, Krasner ezkerreko eskuaz margotzen agertzen da, nahiz eta berak eskuineko eskua erabili ohi zuen. Egia da irudiaren inbertsioak eta pinturaren tratamendu solteak urrundu egiten dutela margolana errealitatetik, irakasleek nahi baino gehiago. Baina ba al dago artistaren espresio desafiatzailea baino egia emozional handiagorik? “Azkenean onartuko nauzue zuen ikasgaian” esaten duela ematen du, beste edozein aukera baztertuz. Eta hala gertatu zen: azkenean, lortu zuen.
Garai hartan hasi ziren ikaskideak “Lee” izenez deitzen.