Hilma af Klint
Biografia laburra
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Espiritualtasuna | Arrosagurutzea Ordena | Bizitza | Antroposofia | Teosofia | Stockholm | Suedia | Espiritismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora eta Hilma Af Klint suediar artista aitzindariari eskainitako erakusketa honetara. XX. mendeko lehen urteetan, Af Klint pintura ausarta, kolorista eta zeharo abstraktua egiten hasi zen ia batere erreferentziarik egin gabe ageriko errealitateari; ordura arte ez zen halakorik ezagutzen. Urteak igaro ziren beste artista batzuek abstrakziorantz antzeko bidea hartu aurretik. Alabaina, Af Klintek oso gutxitan jarri zituen ikusgai bere pinturarik abangoardistenak; konbentziturik mundua ez zegoela obra haietarako prest, 1932an bere koadernoetan idatzi zuen ez zirela jendaurrean erakutsi behar harik eta bera hil ondotik hogei urte igaro arte. Azkenean, ez zituzten ikusgai jarri 1986ra arte. Urte hartan, artean margolari suediar ezezagun bat zelarik, figura erabakigarri gisa aurkeztu zuten Af Klint Los Angelesen eginiko Espiritualtasuna artean: pintura abstraktua 1890–1985 izeneko erakusketan. Harrezkero, gero eta arreta handiagoa izan dute haren pinturek eta paper gainean egin zituen obrek.
Hilma Af Klint Stockholmen jaio zen 1862an. Bere sorterriko Arte Ederren Errege Akademian graduatu zen, eta margolari figuratibo errespetatu izatea lortu zuen. Halaber, lotura sendoa garatu zuen espiritismoarekin, arrosa-gurutze mugimenduarekin, teosofiarekin eta antroposofiarekin. Espiritualtasun-korronte horien zale izan ziren beste artista batzuk ere, hala nola Vasily Kandinsky, František Kupka, Kazimir Malevich eta Piet Mondrian.
Af Klinten ikuspegi artistikoak eta haren praktika espiritualek bilakaera paraleloa izan zuten. 1906an, beste lau emakumerekin eginiko espiritismo-saio batean kontaktatutako espiritu batek Tenplurako pinturak sortzeko eskatu zion Af Klinti. Pieza haiek erabateko haustura ekarri zuten bere alderdi publikoan aurkezten zituen lan tradizionalenekiko. 1915ean amaitu zuen ziklo hura: guztira 193 pintura eta paper gaineko lan. Harrezkero, lengoaia abstraktu berri hura hedatzen jarraitu zuen Af Klintek; formarekin, gaiarekin eta serialtasunarekin esperimentatu zuen, eta orduan sortu zituen bere lanik zorrotzenetako batzuk.
Erakusketan zehar Af Klinten 200 margolan eta koaderno inguru topatuko dituzu. Obra horiek artistaren ibilbide osoa biltzen dute: hala lehenbiziko lan figuratiboak, nola garairik emankorrenean eginikoak, hau da, 1906tik 1920ra bitartean sortuak; artista orduantxe hasi zen pintura ez-objektibo biziki irudimentsuak osatzen, eta lan horiek modernitatea eta haren bilakaera berriz ebaluatzera gonbidatzen gaituzte.