Hilma af Klint
Obra goiztiarra
Hilma Af Klint, Udako paisaia, 1888
Jatorrizko kaosa
Jatorrizko kaosa, WU/Arrosa saila, I multzoa (Urkaos, Serie WU/Rosen, Grupp I), 1 zk., 1906
Iruzkinak
Marrazki espirituala, Bostak (Spiritistisk teckning, De Fem), ca. 1903
- Izenburua:
- Marrazki espirituala, Bostak (Spiritistisk teckning, De Fem), ca. 1903
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Marrazkigintza | Bostak emakume-kluba | Espiritualtasuna | Feminismoa | Suedia | Anna Cassel | Espiritismoa
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
Bere garaikide askok bezala, Hilma Af Klintek ez zuen ikusten gatazkarik mundu espiritualaren eta zientifikoaren artean. Aitzitik, pentsatzen zuen biak zirela baliagarriak pentsamendurik ortodoxoenaren bidez lor zitekeena baino egia gailenago batera iristeko. Uste horrek bultzaturik hasi ziren Af Klint eta bere gertuko lagunak saio espiritistetan parte hartzen, eta halaxe sartu zen artista garai hartan sortuz joan ziren erakunde espiritualetan ere: Edelweiss elkartean lehenik eta Elkarte Teosofikoan gero. Baina, agian, De Fem edo Bostak sortzea izan zen Af Klinten obra nagusia garatzeko kapitulu erabakigarria. Talde hartako kide ziren Anna Cassel, Hilma Af Klint, Mathilda Nilsson, Sigrid Hedman eta Cornelia Cederberg, eta beste munduarekin harremanetan jartzeko elkartzen ziren. Bost sortzaile haiek Suediako emakumeen eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduetan ere aritzen ziren.
Bostak espirituekin komunikatzeko gai omen ziren zenbait bide erabilita, hala nola marrazketa automatikoa edo psikografoa —azken hori idazketa automatikorako bereziki diseinatutako gailu bat zen, ouija baten antzekoa, baina sofistikatuagoa—. Emakume haiek uste zuten gidari edo maisu goren deituriko izaki mistikoen mezuak jasotzen zituztela, eta, haien laguntzarekin, jakintza-ordena gorena eskura zezaketela. Hemen ageri diren adibideetan ikus daitekeenez, “automatikoki” eginiko marrazki eta testuen bidez dokumentatzen zituzten mezu haiek, eskuari aurrez pentsatu gabe mugitzen utziz. Praktika horien bidez, Af Klint bere heziketa akademiko tradizional hertsitik askatzen hasi zen, eta, pixkanaka-pixkanaka, artearen nolakotasunari buruzko ideia berriak barneratzen hasi zen. Hala, haren ikonografiak gainditu egin zuen mundu materiala. 1908an, taldea desegin zenean, Bostek hamabost zirriborro-koaderno utzi zituzten: bozeto haiek inskripzio erritmiko eta errepikakorrak zituzten, bai eta forma abstraktuak ere, plano espiritualean sendo errotuak.
Marrazki honetan ikusten ditugun lore- eta landare-motiboak Af Klinten lanik tradizional eta figuratiboenarekin lotzen dira, eta handik gutxira lantzen hasi zen forma abstraktu originalen abiapuntua dira.