Hilma af Klint
Sarrera
Obra goiztiarra
Hilma Af Klint, Udako paisaia, 1888
Iruzkinak
Biografia laburra
- Izenburua:
- Biografia laburra
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta erlijioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Bostak emakume-kluba | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Espiritualtasuna | Teosofia | Hezkuntza | Natura | Stockholm | Espiritismoa | Zientzia | Kartografia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
Hilma Af Klint 1862an jaio zen Stockholmeko nabigatzaile-familia nabarmen batean, eta artista gisa arrakasta izateko behar zuen laguntza eta estimulua aurkitu zuen etxean. Gurasoek ondotxo zekiten zeinen garrantzitsua zen semea ez ezik alabak ere arlo guztietan heztea, baita zientzietan ere. Af Klinten aita, Fredrik Viktor —gerora itsas komandante izan zena—, astronomia, nabigazio, matematika eta nautikako irakaslea zen besteak beste, eta kartografo bikainez osaturiko leinu luze bateko semea zen. Hilma af Klintek txiki-txikitatik ikasi zituen jakintza haiek, eta presente daude haren lanaren bilakaeran; izan ere, kartografiaren eta beste zientzia batzuen elementu bereizgarriak baliatu zituen bere mezu espirituala mihisera eramateko, eta emaitza biziki abstraktuak lortu zituen haiekin.
Hamazazpi urte zituela, espiritismo-saioetan parte hartzen hasi zen. Praktika horrekiko are zaletasun handiagoa sortu zitzaion hamar urteko ahizpa hil zitzaionean, artistak berak hamazortzi zituela. Af Klintek gogotik irakurtzen zuen erlijioaren eta okultismoaren inguruko irakaspenei buruz, budismotik hasi eta teosofiaraino, hau da, garaiko artista ugarirengan eragina izan zuen mugimendu erlijioso esoterikoraino. 1882ko irailean, ia 20 urte zituela, Suediako Arte Ederren Errege Akademiako emakumezkoen sailean onartu zuten Hilma Af Klint. Sail hura 1864an sortu zuten, eta emakumeei modelo bizietatik abiatuta aurrez aurreko marrazketa egiten utzi zien lehenetarikoa izan zen munduan.
Ia bi hamarkadatan, Stockholmeko estudio partekatu batean aritu zen lanean Af Klint, eta erretratu naturalistak, paisaiak eta botanikari buruzko lanak margotzen zituen bertan. Ondoren, erakusketetan jartzen zituen ikusgai lan haiek. Aldi berean, espiritismo-talde bat sortu zuen beste lau emakume artistarekin: Bostak, edo De Fem suedieraz. Espirituek gidaturik, entitate mistikoekin komunikatzen saiatzen ziren bost emakumeak, eta idazkien eta marrazkien bidez dokumentatzen zituzten kontaktu haiek. Af Klintek adierazi zuenez, espiritu batek Tenplurako pinturak sortzeko enkargua eman omen zion 1906ko urtarrilean egindako espiritismo-saio batean. Sail hori askotariko gai transzendentalei buruzko ziklo piktoriko bat da, eta espiral-formako tenplu batean ikusgai jartzea zen xedea. Artistak hamar urte behar izan zituen multzo hura osatzeko, baina tenplua ez zen sekula eraiki.
Giza existentzia ulertzeko eta ikusezina ikusgai bihurtzeko helburuz heldu zion Af Klintek artegintzari. Hauxe idatzi zuen 1917an: [Af Klintek berak kontatuko balu bezala esan] “Arrakasta lortzen badut, nire eginkizuna izugarri garrantzitsua izango da gizateriarentzat, kapaz bainaiz arimaren bidea irudikatzeko, bizitzaren ikuskizunaren hasieratik amaierara arte”.
Hamaikatxo dokumentu utzi dizkigun arren, oraindik ere asko dago ezagutzeko Hilma Af Klinten arteari dagokionez. 1944an hil zen Stockholmen, tranbia-istripu baten ondotik, 81 urte zituela.