Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Annette beltza, 1962
Iruzkinak
[Alberto Giacometti. Atzera begirakoa]. Sarrera
- Izenburua:
- [Alberto Giacometti. Atzera begirakoa]. Sarrera
- Erakusketa:
- Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Gizakia | Erretratua eta autorretratua
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Giacometti, Alberto
Alberto Giacometti suitzar artistari buruz egin den erakusketarik osoenetako bat da hau: 200 eskultura, margolan eta marrazki baino gehiago biltzen ditu, eta 40 urtez formatu guztietan egindako ekoizpena jasotzen du.
Giacometti Suitzan jaio zen 1901ean eta bertan hil zen 1966an; halere, bizitzaren zatirik handiena Parisen igaro zuen. Bere lanaren bitartez, inguruan zuen munduaren ikuskera oso berezia sortu zuen artistak.
“Mundua ikustea, ulertzea, hura biziki sentitzea eta esploraziorako dugun gaitasuna ahalik eta gehien handitzea”. Hitz horiekin deskribatu zuen Alberto Giacomettik bere ibilbide osoan zehar gidatu zuen sormen-bulkada: garai kubista eta surrealistatik hasi, eta 1940ko hamarkadatik bere bizitzako amaierara arte egindako obra-multzoraino; azken aldi hori figuraziorako itzulerak markatu zuen.
Erakusketa honek aukera ematen digu Giacomettik artista gisa izandako bilakaera hobeto ulertzeko. Gai asko haren ibilbide osoan mantendu ziren, eta erretratua da, zalantzarik gabe, horietako bat. Erretratuaren bitartez, isolamenduaren sentsazioa ikertzen du Giacomettik, jendez betetako espazio batean bada ere. Figura eta norbanakoa bihurtzen dira haren lanaren egiazko oinarriak; gainera, gaurkotasun eta garrantzi handiko gaiak dira, inondik ere, XXI. mendean ere.
Erakusketa honek artistaren lanaren ikuspegi ezin hobea eskaintzen du, eta bereziki nabarmentzen du Parisko Fondation Giacometti erakundeak gordetzen duen arte eta artxibategiko material bilduma oparoa, Giacomettiren alargunak, Annette-k, jaso zuena. Gida honek Giacomettiren elkarrizketa eta idatzietatik jasotako tarteak eskaintzen ditu. Horietan, artistak gogoeta egiten du bere bizitza eta lanaren inguruan, eta artista izateak zer esan nahi zuen azaltzen du.
Alberto Giacometti: “Nik neronek ikusten dudanaren arabera, masak norbanako multzoa besterik ez dira. (…) eta gorena, nire ustez, misterioa, norbanako bakar horien aurpegietan datza, hain zuzen ere”.