Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Bikotea, 1927
Lepoa moztutako emakumea, 1932
Iruzkinak
Objektu desatsegina, 1931
- Izenburua:
- Objektu desatsegina, 1931
- Erakusketa:
- Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Lan-prozesua | Psikoanalisia | Subkontzientzia
- Mugimendu artistikoak:
- Surrealismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Giacometti, Alberto
Oso interesgarria da Giacometti ikustea material desberdinekin lanean. Zalutasunez mugitzen da igeltsua nahiz zura, marmola zein brontzearen artean. Biziki interesatzen zaizkio material horiek eta horien bitartez objektu berbera modu desberdinetan agertzeko eskaintzen duten aukera.
Eskultura hau Giacomettiren aldi surrealistaren fruitua da. Surrealismoa literatura eta arte korronte bat izan zen, erdigunea Parisen izan zuena. 1924an sortu zen eta Bigarren Mundu Gerra osoan iraun zuen. Arrazionalismo modernoaren aurka oldartu zen Surrealismoa, irudimenaren ahalmena baliatuta. Psikoanalisiaren eta mitoaren eraginpean, surrealistek uste zuten subkontzientean barneratzeak sexualitate, desio eta bortizkeriazko barne-mundu konplexuak agerrarazteko aukera ematen zuela. Barne mundu horiek irudi sail ezezaguna erabiliz agerraraztea bilatzen zuten surrealistek.
Alde baten gainean etzanda, falo formako eskultura hau modu desberdinetan ukitzeko eta ikusgai jartzeko moduan sortu zen. Objektu desatsegina artelanak mutur zorrotza du, arantzaz hornitua; hala, sexualitate baldar eta sadismoz kutsatu baten metafora gisa uler daiteke. Hemen, desioa eta nazka, ezaguna eta ezezaguna ikertzen ditu Giacomettik. Jarraian, artistaren aipu bat entzungo duzu; bertan, subkontzienteak bere eskulturetan izandako eragina deskribatzen du:
“Nire eskulturei buruz zeharka baizik ezin dut hitz egin, zerk eraginda sortu nituen, hala moduz bada ere, azalduko dudalakoan. Urteak dira gogoan erabat osaturik agertu zaizkidan eskulturak bakarrik gauzatzen ditudala, eta horiek espazioan berregiten ditut, ezer aldatu gabe, nire buruari galdetu gabe zer esan nahi ote duten (…). Lan bat eraikita dagoenean, nire joera izaten da bertan bilatzea irudiak, inpresioak eta gertakizunak, eraldatuak eta lekutuak, niregan eragin sakona izan dutenak (askotan ni neu ere ohartu gabe), eta baita ere, oso ezagunak egiten zaizkidan formak, baina kasu askotan ezin identifikatu ditudanak eta, beraz, askoz aztoragarriagoak bihurtzen direnak”.