Surrealismoaren gauzak
Elsa Schiaparelli-ren dendako erakusleihoa
Gaueko berokia, Elsa Schiaparelli Jean Cocteau-rekin elkarlanean
Iruzkinak
Hezurdura eta Urratua, Elsa Schiaparelli Dalí-rekin elkarlanean
- Izenburua:
- Hezurdura eta Urratua, Elsa Schiaparelli Dalí-rekin elkarlanean
- Erakusketa:
- Surrealismoaren gauzak
- Gaiak:
- Artea eta ekonomia | Artea eta moda | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Kolorea | Materiala | Jantzi-diseinua | Kontsumoa | Luxua | Edward James
- Mugimendu artistikoak:
- Surrealismoa
- Aipatutako artistak:
- Dalí, Salvador | Schiaparelli, Elsa
Soineko hauek Elsa Schiaparelli-ren lan surrealistenetako bi dira. Asmamen handikoak eta morbosoak dira biak, modaren mugekin jolas egiten dute, eta, hala ere, jantzi ederrak eta eramangarriak izaten jarraitzen dute. Salvador Dalí-rekin lankidetzan diseinatu zituen, eta Edward James mezenas ingelesak erosi zituen Ruth Ford aktoresa amerikarrarentzat.
Beltz kolore matezko gaueko soineko luzeak Hezurdura izena du, eta zetazko krepez eginda dago. Dotorea eta txundigarria da. Gorputzera erabat moldatzen den forma honek bigarren larruazal bat dirudi; irteten diren josturek, berriz, kanpoaldeko hezurdura bigun bat eratzen dute. Izan ere, saihetsak, pelbisa eta hanka batzuen hezur luzeak suma daitezke. Soineko hau mantelina beltz luze batekin eramaten zen, urrezko barraskilo oskol batekin atzerantz lotuta.
Urratua izeneko soinekorako, Dalík diseinatutako ehuna erabili zuen Schiaparellik. Itxuraz inprimaketa ausarta duen gaueko soineko konbentzional bat dirudi. Gertuagotik begiratuta, ordea, ehunaren ilusio optiko makabroak ikusi ahal izango dituzu. Atzealdeak, orain histuta, usteldutako haragiak hartzen duen urdin kolore berezi hori zuen. Begi-iruzurraren motiboak urratutako animalia-larrua erakusten du, alde ileduna barrurantz balego bezala, gorputza ukituz eramateko. Sastadaka ebakita dagoela ematen du, arrosa-kolore argia duten larru-zatiek azpitik magenta-koloreko haragi gordina erakusten dutela. Motiboa soinekoaren ehunaren gainean inprimatu zuten, eta mantelina ere apaindu zuten, bereizitako ehun-zatiak bailiran. Soinekoaren gonaren luzapenak berak ere urratu itxura du. Eta eskularruek, arrosa kolorekoek, haragia dirudite berriro ere.
Schiaparelliren talentu handia honetan zetzan, jantzien psikologiaz zuen ezagutza eta surrealismoaren irudi txundigarriak eta funtsezko ideiak konbinatzen jakin zuela. Halaxe esan zuen behin: “Ez inoiz soinekoa gorputzera moldatu; horren ordez, gorputzari irakatsi soinekora moldatzen”. Bere diseinuetako batzuk erostetxe handiek kopiatu zituzten: tiradera-formako poltsikoak zituen jaka adibidez, Bergdorf Goodman-en, New Yorken, salgai egon zen.