Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
Alambre-sare biribilkia trapu gorriarekin, 1970
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte informala | Arte Povera | Post-Minimalismoa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Eskultura-objektua | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Tàpies, Antoni
Guggenheim Bilbao Museoak ongietorria egin nahi dizu Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964–2009) erakusketara. Artistaren laurogei obratik gora daude ikusgai eta horietatik hogei aztertuko ditugu. Artelan-corpus estetikoa eta koherentea osatuz joan zen Antoni Tàpies haren bizitzan. Ibilbide honetan, Tàpiesek eskulturaren arloan egindako bidea ikusiko duzu. Hainbat teknika eta materialekin esperimentatu zuen eta horien bidez ezagutuko duzu Tàpiesen unibertsoa.
Antoni Tàpies Bartzelonan jaio zen 1923an eta XX. mendeko artista espainiar karismatikoenetako bat da.
Hamahiru urte zituen gerra zibila lehertu zenean. 1941ean biriketatik gaixotu zen, eta orduan hasi zen pinturan, urte batzuk eman baitzituen sendabidean.
1948an Dau al Set aldizkaria sortu zuen, Joan Brossa eta beste artista batzuekin batera. Surrealismoa berreskuratzeko saiakera bat izan zen aldizkari hura, Espainian gerra aurretik izandako azken abangoardia-mugimendua, hain zuzen. Bizi osoa arteari eta eskulturari eskaini zizkion. Lanean aritu zen, 2012an, 88 urte zituela, Batzelonan hil zen arte.
Tàpies hasieran surrealismoari lotua egon arren, laster hasi zen ezaugarri abstraktuko lanak egiten: bestelako materialekin esperimentatzen hasi eta informalismora hurbildu zen. Tàpiesen lanak esanahiz beteta daude, eta misterioa eta sendotasuna darie. Zaila da mugimendu jakin batean sailkatzea, oso pertsonalak baitira. Ikertzaile nekaezina izan zen eta horrek eraman zuen, denboraren poderioz, eskulturan eta objektuen transformazioan lan egitera. Mota guztietako material eta formekin esperimentatu zuen. Objektuak, materialak eta teknikak nahasi eta elkarren ondoan ipini zituen. Argazki askotan azaltzen da Tàpies tailerrean lanean. Langile saiatua zen: materiala prestatu, makurtu, luzatu, zikindu eta mota guztietako tresnak erabiltzen zituen.
1960ko hamarkadaren amaieran, Europan Povera artea sortu zen eta Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, Postminimalismoa. Garai hartan hasi zen Tàpies objektu arruntekin, eskasekin eta egunerokoekin lanean. 1981etik aurrera, txamotadun lurra eta buztina probatzen hasi zen eta 1987tik aurrera brontzea erabili zuen eskulturetan. Artelan bat sortzearekin batera, ikerketa-ildo bat zabaltzen zuen Tàpiesek: osagaien eta materialen ezaugarriak aztertzen murgiltzen zen. Eskulturarekiko interesa izan zuen bere bizitzaren amaierara arte.
Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du erakusketa hau, eta Álvaro Rodríguez Fominaya du komisario. Artistaren eskulturak eta objektuak biltzen ditu, eta hiru dimentsioko obrak lantzeko moduak, materialen aniztasuna eta gaien errepikapena sakonean aztertzen ditu. Aukera ematen du Tàpiesek gaur egungo artean izandako eraginaren beste irakurketa bat egiteko.
Tàpiesen ibilbideari buruzko informazio gehiago izateko, haren proiektu publikoak ezagutzeko edota erakusketaren katalogoa kontsultatzeko, joan didaktika-gunera. Korridorean (areto klasikoen parean) eta 201. aretoan dago.
Erakusketa hau Iberdrolaren babes eskuzabalari esker dago ikusgai.