Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
Sarrera
Plater pila, 1970
Iruzkinak
Alambre-sare biribilkia trapu gorriarekin, 1970
- Izenburua:
- Alambre-sare biribilkia trapu gorriarekin, 1970
- Erakusketa:
- Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Introspekzioa | Gogoeta
- Teknikak:
- Ensanblajea
- Artelan motak:
- Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Tàpies, Antoni
Álvaro Rodríguez Fominaya-k erakusketako katalogoan hauxe idatzi zuen: “Alanbre sare biribilkia trapu gorriarekin lana dohaintzan jaso zuenean Buffalo-ko Albright-Knox Art Gallery-k (1973ko irailaren 10ean), bertako zuzendariak, Robert T. Buck Jr.-ek ondorengoa esan zuen: ‘Pozik onartu dugu eskultura ezohiko eta probokatzaile hau’. Modu elegante eta ezkutuko anbiguotasunezko tonua erabili zuen Robert T. Buck, Jr.-ek Antoni Tàpies-ek bere bizitzan egin zituen eskulturei buruz izandako elkarrizketan”.
Erakusketa honetako hainbat obratan oihal metalikoa edota alanbrea erabili zituen Tàpiesek konposizioaren funtsezko elementu gisa. Tàpiesek berak esaten zuen moduan, horietako bakoitzak soinu berezia du, besteengandik bereizten duen zerbait. Baina hobeto ulertzen dira artelanak elkarren arteko loturak agerian jartzean, elkar osatzen baitute eta ulergarriago bihurtzen baitira.
Aurrean dugun eskultura, Alanbre sare biribilkia trapu gorriarekin, artelan horietatik zaharrena da. Zurezko bi listoik metalezko sareta baten biribilki bat zeharkatzen dute; listoietako batetik trapu gorri bat dago zintzilik. Muntaia edo assemblage bat da, alegia, artelanari, egiturari, fabrikatutako objektuak gehitu zaizkio. Tàpiesen obraren esanahia beti da misteriotsua, baina Rodríguez Fominayaren arabera: “sare metalikoa baliabide bat da, koordenatuen ardatz antzeko bat: espazioa mugatzeko era bat da, ikuspegia eraldatzeko modu bat. Lauki-sareak aukera eman zion Tàpiesi hiru dimentsiotasuna antolatzeko eta egonkortzeko”.
Kritikari batzuen ustez, oihal gorri zatiek Kataluniako bandera ekartzen dute gogora. Tàpiesek beti izan zuen irekitasunaren eta demokraziaren aldeko sektoreekiko konpromisoa; baita katalanismoarekiko konpromisoa ere, eta halaxe erakutsi zuen bere obra koherentean eta sakontasunean.
Aipagarria da, halaber, metalezko saretazko zein alanbrezko artelanen artean, Hodeia eta aulkia izenekoa. 1990ean sortu zuen Tàpiesek, Antoni Tàpies Fundazioaren eraikinari garaiera handiagoa emateko. Eskultura horren maketa erakusketan dago ikusgai. Hirurehun metro luzeko kable nahaspilatuzko katramilak osatzen du eskultura; kable beraz egindako aulki baten silueta irteten zaio gainaldetik. Aulkiak hausnarketari, pentsatzeari eta kontenplazio estetikoari egiten die erreferentzia; nahaspilak mundu honetako ideia-mordoiloari. Eskultura eraikin historiko modernista baten gainean dago, baina ez dio nortasunik kentzen eta arintasun- eta goratze-sentsazioa ematen dio. Fundazioaren ikur bihurtu da gainera. Elkartzeko eta hausnarketarako sortu zen Fundazioa; Tàpiesen obraren espirituak iraun dezan.