Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
Zerrauts-kutxa, 1969
Ohea, 1988
Iruzkinak
Aulkia eta arropak, 1970
- Izenburua:
- Aulkia eta arropak, 1970
- Erakusketa:
- Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
- Gaiak:
- Bizitza | Artea eta erlijioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Espiritualtasuna | Gogoeta
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Tàpies, Antoni
Egurrezko aulki xume bat dugu hemen, edozein etxetan ikusi izan ditugunetako horietako bat; gainean arropa-pila bat du. Egunerokotasuna da artelanaren ezaugarririk txundigarriena; hamaika aldiz ikusitako objektuaren izaera. Logela batean balego, ez genioke arretarik jarriko, baina testuingurutik kanpo, harridura sortzen du. Geure burua gogoraraziko digu agian, edo geure mamuak, baina hausnarketara ere eramango gaitu.
Tàpies-en pinturetan zein eskulturetan eta muntaietan, behin eta berriro azaltzen dira aulkiak. Eguneroko objektu bat dira, giza jarduera askotan erabili ohi ditugunak. Entzun dezagun Tàpiesek zer dioen:
«Ekialdeko erlijioen arabera, ez da inoiz ezer gutxietsi behar, dena berragertu egiten da, dena itzultzen da... Nire pinturetan aulki asko egin izan ditut, baina ez dut inoiz bakar bat ere errepikatu; astakeria izango litzateke hori-eta. Denak elkarrengandik ezberdinak dira, nire margolanetako gaiak bezala, ez baitaude bi berdin. Batzuetan, nire obren katalogoari begiratzen diot eta urte hauetan guztietan zer egin dudan ikusita konturatzen naiz, nire obrek, betidanik, nire hizkera propioa berretsi nuenetik alegia, islatu dutela mundu aldakor baten ikuspegia, bakoitzari dagokion une sozialaren eta politikoaren arabera. Bizitzak beti eragin izan didala esan nahi du horrek».
Horiez gain, mota guztietako arropak daude Tàpiesen obran; arropa erabilia, zimurra eta zartatua; Tàpiesek hondakinak jasotzen ditu, bizitzan funtzio bat izaten jarrai dezan. Artistak, seguru asko, ez zuen halabeharraren esku ezer utzi nahi. Edo bai? Arropa hori hor jarri du eta badirudi kasualitatez hor utzita dagoela, ez dagoela oso argi janzteko arropak, etxeko arropak, izarak, eskuoihalak, arropa zikinak, zimurrak, garbitzeko arropak edo botatzeko arropak ote diren. Nolanahi ere, eguneroko errealitatetik hartutako objektuak dira.
Marjetica Potrĉ-ek dioen moduan, “objektu batek bizitzarik ez badu, zer du bere baitan? ‘Gauzek bizitza propioa dute [...], gauzei arima esnatzea da kontua’, idatzi zuen Gabriel García Márquez-ek Cien años de soledad liburuan. Tàpiesek eskulturari egindako ekarpena objektualitatearen garaian gauzen arima esnatzea izan zen. Erreparatu, adibidez, Aulkia eta arropak (1970) lanari: erabilitako arropa mordo bat, aulki zahar baten gainean botata, halabeharrez bezala. Gauza desordenatuak denboran zintzilik daude, gertatu denaren eta gertatuko denaren artean: beraz, iheskorrak dira. Arkeologo-artisau batek, Bartzelonako gizon batek, guretzat muntatutako presentzia iragankor bat ikus daiteke”.