Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
Arropa-saskia, 1993
Iraulitako gurutzea, 2002
Iruzkinak
Oheburua eta metala, 1993
- Izenburua:
- Oheburua eta metala, 1993
- Erakusketa:
- Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
- Gaiak:
- Heriotza | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Espiritualtasuna | Gerra | Introspekzioa | Sentimenduak | Gogoeta | Indarkeria
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Tàpies, Antoni
Tàpies-ek 1993ko udan egin eta Waddington Galleries-ko erakusketan ikusgai egondako beste obretako bat da honako hau. Veneziako XLV. Bienalean parte hartu eta berehala egin zituen artistak eskultura hauek. Urrezko Lehoia eskuratu zuen Bienalean.
Erakusketako katalogoan, Anatxu Zabalbeascoak Tàpiesek Venezian aurkeztutako Rinzen obrari buruzko azalpenak ematen dizkigu: “Instalazioak izenburu japoniarra du; “bat-bateko esnatzea” izan daiteke itzulpena. Balkanetako gerraren garaian sortu zuen eta gatazka haren aurkako eta indarkeriaren aurkako protesta bat da. Lau metro luzeko ohe bat, aulkiak eta hormetan pintura eta grafitoa ditu. Metalezko ohea zuria da eta atariko hormetan dago zintzilikatua. Ezkon-ohetik ateratzen dira somierrak, egonkortasunik gabeko orekan jarrita. Horman zenbaketa bat hasten da eta aulki metalikoak dauden lekura, erdiko terrazara, eramaten gaitu. Bizitza hasi eta amaitu egiten da, askotan, ospitaleko ohe batean. Sufrimenduaren eta zoriontasunaren ikono horrek bizi-zikloa ixten du, baina gaixo bat zaintzeak harekin hiltzea esan nahi zuen garai bat izan zela ere gogorarazten du”.
Obraren izenburua, Rinzen (bat-bateko esnatzea), kontzientziaren bat-bateko esnatzeari buruzkoa da. Kontenplazioaren bidez, barneko argitasuna pizten da, subjektibotasunaren egoera gorena.
Bienaleko edizio hartan Cristina Iglesias eskultorea ere gonbidatu zuten eta honela gogoratzen du Tàpiesekin izandako elkartzea:
“Uda hasiera zen. Egun haietan gelak lantzen ari nintzen. Burdinezko eta alabastrozko eskulturak muntatzen ari nintzen eta in situ egiten nituen zuzenketak: horman marrak berriro marraztu, burdinazko errailak berriro soldatu eta alabastrozko harriak doitu.
Pabilioi berean egon ginen biok. Erdiko gela zuen berak eta inguruko bostak nik. Egun batzuk lehenago iritsi nintzen ni instalazio-lanak egiteko. Eguerdi aldera iristen zen eta erdiko gela hartan, bere gelan, sartua egoten zen laguntzaileekin; gelaren sarreran oihal zuri bat zuten jarrita eta ez zen ikusten barruan zertan ari ziren.
Egun batean, arratsaldez, sarrera ondotik igarotzen ari nintzela, Tàpiesek gelditu eta haren espazioan sartzera gonbidatu ninduen. Ikusiak nituen somierra eta beste elementu batzuk, iritsi zirenean ikusi bainituen, baina harritu egin nintzen pieza horman ikustean. Ezusteko une bat, bai eta goratze-une bat, zen hura. Lo gaudela bat-batean, aztoratuta esnatzen garen une hori agian. Eta baita goratzea ere, adierarik espiritualean. Ohe horizontala horman bertikal ipinita eta burkoak nahasita. Konposizioa oreka hauskorrean. 1, 2 eta 3. Aulki bizigabeak.
Insomnioa etorri zitzaidan gogora”.
“A” eta “T”, Antoni Tàpiesen inizialak, edota Antoni eta Teresarenak, edo hasiera adierazten duen “A” eta amaieraren ikur den “T” edo gurutzea. Horiek dira obra hau nabarmen sinatzen duten letrak. Berriro ere, gaixotasunari, ospitaleari, eriondoari, bizitzari eta heriotzari buruz hitz egiten digu obra honek.