Pertzepzio aldakorrak: Guggenheim Museoaren Panza Bilduma
Jan Dibbets
Joel Shapiro
Atalak
Jene Highstein
- Izenburua:
- Jene Highstein
- Erakusketa:
- Pertzepzio aldakorrak: Guggenheim Museoaren Panza Bilduma
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Ingurunea eta natura
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Environmental Art | Primitibismoa | Prozesu-Artea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Highstein, Jene
Jene Highstein-ek (1942an jaioa) forma abstraktu sinpleak sortzen ditu, arrotzak eta aldi berean ezagunak egiten zaizkigunak. Obra horiek espazioari, masari eta bolumenari buruzko ikerketa zorrotzak izan arren, bere sorkuntza organikoak hobeto ulertzen dira erraietako sentimenduei so eginez. Bere eskulturek, sarritan “primitibotzat” hartu izan direnak, hitzaren aurreko egoera bat edo gorputzaren sentsazioek zuzendutako egoera bat gogora ekartzen digute. Ikusleak bere eskulturen aurrean dituen esperientzia fenomenologikoak interesatzen zaizkio bereziki.
60ko hamarkadaren erdian, New Yorkeko Studio School-en ikasi zuen eta geroago Londresko Royal Academy-n. Bere lehenengo obretako asko aire zabalean instalatu zituen eta prozesu-arteari (Process Art) eta lurraren manipulazioan oinarritutako arteari (Earth Art) loturiko ideien eraginpean zeuden. Joera artistiko horiek zalantzan jartzen zuten entitate autosufiziente gisa hartutako artearen definizio tradizionala, ondo behatzeko museo edo galeria baten testuingurua behar zuena. 1970ean New Yorkera itzuli zenean, Highstein berak bezala ingurunearekin bateratutako artean interesa zuten artista-talde batean sartu zen.
Giza mailako beltza (1975) izan zen Parisko IX. Bienalerako sortu zuen obra-sorta bateko lehena, eta Parisko Musee d’Art Moderne de la Ville-ko bi eraikinen artean dagoen plazan instalatu zuten. Obraren forma zirkularra aldez aurretik landa-lanik egin gabe behar bezala baloratu ezin diren formetan artistak zuen interesaren erakusgarri da. Ikuspegi desberdinetatik begiratuta, obra zirkulu izatetik elipse izatera igarotzen da, objektu izatetik oztopo izatera, egitura izatetik espazio zehatza izatera. Gainazalaren akatsek bere ingerada aldakorrak behatzeko premia azpimarratzen dute. Bere eraikuntza industriala eta bere testuingurua museoa izan arren, eskulturak antzina-antzinako paisajeak gogorarazten dizkigu, esaterako antzinaroko bermak eta tumuluak.