Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a
Momia baten erretratua: Gizon bizarduna (II. mendea Kristo ondoren)
Lorenzo Lotto: Urregile baten hiru ikuspegi (1525/1535 g.g.b.)
Iruzkinak
Hans Holbein Gaztea: Jane Seymour (1536 g.g.b.)
- Izenburua:
- Hans Holbein Gaztea: Jane Seymour (1536 g.g.b.)
- Erakusketa:
- Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Bitxiak | Jantziak | Erretratua eta autorretratua | Historia | Britainia Handia | Ingalaterra | Enrike VIII.a | Erasmo Rotterdamekoa | Jane Seymour | Tomas Moro | Klase sozialak | Aristokrazia
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Kalkoa | Marrazkia
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Holbein, Hans
Jane Seymour Ingalaterrako errege Enrike VIII.aren hirugarren emaztea izan zen, eta Britainia Handiko tronuan ondorengotzat nahi zuten Eduardo VI.aren ama. Ingalaterrako gortean, erregearen aurreko bi emazte Katalina Aragoikoaren eta Ana Bolenaren dama izan zen Jane eta Enrike VIII.aren arreta lortu zuen. Hala, berarekin ezkontzeko nahiak Ana Bolenaren kontrako epaia bizkortu zuen eta, izan ere, hura exekutatu eta hurrengo egunean iragarri zuen Janerekin ezkontzeko hitza emanda zuela. Hamar egun eskas igaro zirenean bihurtu zen erregearen hirugarren emazte. Jane berehala geratu zen haurdun eta gizonezko bat erditu zuen, gerora Ingalaterrako errege izango zen Eduardo VI.a. Haurra jaio osteko hamabi egun luze eta latzen ondoren hil zen Jane Seymour.
Erregina izan zen hamazazpi hilabete eskas haietan, Holbeinek behin baino gehiagotan erretratatu zuen Jane Seymour. Aurretik, erretratatu behar zuen pertsonaren marrazkiak egiten zituen Holbeinek eta, ondoren, marrazki horietan oinarrituta egiten zituen pinturak. Pertsonaren aurpegia xehetasun handiz marraztu eta haren irudia zirriborratzen zuen. Erretratu hau marrazkiari estu lotua dago, irudiaren tamainari eta ingeradei dagokienez. Marrazkia koadroaren euskarrira eramateko kalko-teknika erabili zuen ziurrenez. Koadroaren oinarritzat hartutako bozetoak, infragorrien bidez azaldutakoak, erretratua egitean Holbeinek xehetasun batzuk aldatu zituela erakusten digute. Adibidez, eskumuturreko apaingarri handia ezabatu zuen eta gehiago nabarmendu zuen ezkerraldeko erpurua. Soinekoa eta apaingarriak ez datoz bat marrazkian agertzen diren horiekin: Jane Seymourrek perlazko eta harribitxizko lepoko bat darama, marrazkian irudikatutako lepoko perla handidunaren ordez.
Xehetasunetan jarritako arreta begien bistakoa da jantzian: begiratu itzazu belus gorriaren gaineko argi-islak, edo testuren arteko desberdintasuna irudikatu duen modua: soinekoaren kanpoaldeko oihalen zurruntasuna eta besokoen forroaren leuntasuna.
Errenazimentuko erretratugile handienetako bat izan zen Holbein. Europako hainbat herrialdetan ibili zen bidaian, eta Londresera egin zuen bigarren bidaian Gorteko pintore izan zen. Garaiko pertsona gailenen erretratuak egin zituen, esate baterako Enrike VIII.a bera, Erasmo Rotterdamekoa, eta Tomas Moro.