Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a
Natura hilari buruzko sarrera
Jan Brueghel Zaharra: Lore-sortatxoa buztinezko ontzian (1607 g.g.b.)
Iruzkinak
Giuseppe Arcimboldo: Sua (1566)
- Izenburua:
- Giuseppe Arcimboldo: Sua (1566)
- Erakusketa:
- Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a
- Gaiak:
- Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Natura hila | Kunsthistorisches Museum | Elementuak | Urtaroak | Fernando I.a | Maximiliano II.a
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa | Errenazimentua | Manierismoa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Arcimboldo, Giuseppe
Arcimboldo-ren obrak manierismoaren eredu onenen artean daude eta duten izaera alegorikoagatik eta sinbolikoagatik bereizten dira, baita nabarmenkeria apetatsuagatik ere. Errenazimentu berantiarraren eta Barrokoaren sorraldiaren artean Europan sortutako estiloa izan zen manierismoa, eta formen eta efektu artifiziotsuen gehiegikeriagatik nabarmendu zen. Milango pintore honen obra ezagunenen artean aipatzekoak dira Lau urtaroak eta Lau elementuak serieak. Vienako Kunsthistorisches Museum-ak Lau Urtaroetako Uda eta Negua ditu jasota, baita Elementuen serieko Ura eta Sua. Bi serieak elkar lotuak daude eta, beraz, elementu bakoitzak bere baliokidea du urtaro banatan: udari sua dagokio; neguari ura; udaberriari airea, eta udazkenari lurra.
Arcimboldok soslaiez irudikatutako busto bitxien itxurarekin erretratatzen ditu urtaroak eta elementuak. Suaren alegoria hau elementu horrekin zerikusia duten objektuez osatuta dago: matraila sukarri zati bat da; lepoa eta kokotsa piztutako kandela batez eta olio-lanpara batez osatuak daude; sudurrak eta belarriak kate-begien forma dute; bibotea argizariz estalitako ezpal-sorta batzuek eratzen dute, behealdetik sua emateko moduan; begia kandela-kondo bat da, sugarra itzalia duena; kopeta bildutako metxa bat; eta ilea su hartutako enbor-koroa bat. Bular-aldea suzko armez osatua dago: mortero baten eta kanoi baten ahoak, bolborarentzako ziria eta pistola baten kanoia. Urrezko ardi-larruak leku nabarmena du konposizio honetan eta, behean, burubiko eguzki-arranoa Habsburgotarren dinastiaren erreferentzia da, zehazki Maxilimiano II.a enperadorearena. Dirudienez, enperadoreak Vienako gazteluko bere gelan zintzilikarazi zituen Arcimboldoren zortzi buruak.
Arcimboldoren alegoriek hainbat interpretazio dituzte, irakurketa-mailaren arabera. Lehendabizi, bitxiak, komikoak eta harrigarriak direla esan daiteke. Bigarren maila, berriz, esanahi alegoriko-sinbolikoari dagokio. Buruak ez dira elementuen eta urtaroen alegoria soilak: Habsburgo dinastiako enperadoreen erreferentzia dira, gainera. Izan ere, haiei, Fernando I.ari eta Maximiliano II.ari eskainitako obra da hau. Analogia eta alusio-sistema konplexu baten bidez, iragarri egiten zen Habsburgotarren monarkiaren betiereko nagusitasuna.
Bizialdian ospe handia izan zuen arren, pintzelekin “magia” egiteko gai zela esateraino, hil ondoren, Arcimboldoren obra ahanzturan geratu zen baztertuta. Dena den, XIX. eta XX. mende bitartean surrealistek deskubritu zuten berriro, mugimendu artistiko honen aitzindaritzat hartu eta haren joko bisualen zentzu artistiko bikoitza baloratzen jakin zuten.