Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Jannis Kounellis, Titulurik gabea, 1988
Iruzkinak
Doris Salcedo, Titulurik gabea, 2008
- Izenburua:
- Doris Salcedo, Titulurik gabea, 2008
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Guggenheim Bilbao Museoa | Kolonbia | Indarkeria | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Salcedo, Doris
Doris Salcedo kolonbiarra Bogotan jaioa da, eta bertan bizi da. Eskulturak eta instalazioak ekoizten ditu, itxuraz egunerokoak diren objektuz osatuak, hala nola zurezko altzariak, arropa, hormigoia, belarra eta bestelako material organiko batzuk. Salcedo hasiera batean margolari gisa trebatu zen, baina eskulturara jo zuen 1980ko hamarkadaren hasieran. Hala, New Yorkera joan zen Arte Ederretako master bat egitera, eta han ezagutu zuen Joseph Beuys artista eta arte-teorialari alemaniarraren lana. Beuysek arteaz egiten zuen definizio hedatuaren baitan bazegoen artistak berak “eskultura sozial” deitzen zuen zerbait: artearen bidez harreman sozialak hezurmamitzen zituzten obrak, alegia, gizartea eta politika birmoldatzeko gai zirenak.
Ikasketak amaitu ondoren, Salcedo Bogotara itzuli zen, eta arte-eskolak eman zituen Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean laurogeiko hamarkada amaiera arte. Garai hartan, areagotu egin ziren Kolonbiako ezegonkortasun politikoa eta gerra. Testuinguru horri erantzunez, Salcedo artelanak sortzen hasi zen, gertatzen ari zen muturreko indarkeriaren eguneroko ondorioak gogora ekartzeko.
Titulurik gabea (2008) obra 1989an hasitako sail mardul baten parte da, zeinak hamarkada bat baino gehiago iraun baitzuen. Hamarraldi hartan, artistak etxeko osagaiak hartu eta elkarrekin muntatzen zituen bere herrialdeko historia politiko nahasia esploratzeko. Sail horrek erabiliaren poderioz higatutako mahai- eta armairu-multzoak biltzen ditu, artistak berriro muntatu zituenak forma hibridoak sortzeko. Objektu horiek Kolonbian gertatutako hilketa politikoen biktimak gogorarazten dituzte. Salcedok haien espazio hutsak bete zituen, eta hormigoiz estali zituen haien gainazaletako batzuk. Horri esker, gizakion bizitzaren kontakizun imajinatuen lekuko isil gisa jardun dezakete, zeinak isildurik geratu baitira basakeriak, traumak, galerak eta desplazamenduak suntsiturik. Artistak berak azaldu duenez:
“Orain arte egin ditudan obra guztiek Kolonbiako gerraren benetako biktima batek bertatik bertara bizitako ebidentziak jasotzen dituzte”. “Gizaki baten esperientzia indibidual eta xumea jartzen dut erdigunean. Hori ateratzen eta obran islatzen saiatzen naiz. Biktima anonimoen oroitzapenak ezkutuan geratzen dira beti. Oroitzapen hori berreskuratu nahi dut, ahal bada, behintzat. Baina, jakina, ez dut lortzen”.
Hemen, Salcedok ingurune intimo bateko zurezko altzariak erabiltzen ditu, etxekoak, eta bat-batean etendako giza gorputz baten bizitza dakar gogora haien bidez. Pieza horiek egiteko, artistak ikerketa-lan sakona egin zuen, eta gerraren eta errepresio bortitzaren biktimen testigantzak bildu zituen. Izenbururik gabeko lan horrek leku jakin bateko —Kolonbiako— egoera politikoa jasotzen du, baina baita indibidualtasun, memoria eta ahanzturaren adierazpen unibertsalak ere.
“Ahal dudan guztietan, elkarrizketak egiten ditut. Norbait bizirik geratzen denean, harekin hitz egiten dut. Holokaustoko esperientziekin nahasten dut, edo beste herrialde batzuetako eta beste gatazka batzuetako biktimen esperientziekin. Hala, piezaren parte gisa batzen dira antzeko zerbait jasan duten biktima gehiagoren esperientziak... Lotura gisa ikusten dut neure burua. Hainbat pertsonari hainbat garaitan, hainbat herrialdetan eta hainbat eremutan gertaturikoak lotzen ditut”.
Honako obra hau Guggenheim Museoaren Bildumarako erosi zutenean, Doris Salcedo zen Museoko funts artistikoetan jasotako lehen artista latinoamerikarra.