Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gilbert & George, Esnatzen (Waking), 1984
El Anatsui, Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Iruzkinak
Jeff Koons, Idi-bihotzak (Tulips), 1995 – 2004
- Izenburua:
- Jeff Koons, Idi-bihotzak (Tulips), 1995 – 2004
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Espazio publikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lan-prozesua | Proportzioa | Sinbologia | Museoak | Guggenheim Bilbao Museoa | Bizitza | Zoriontasuna | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Koons, Jeff
Idi-bihotzak lore-sorta koloretsu bat da, proportzio erraldoiak hartu arte erabat puzturiko globoen itxurakoa; Jeff Koons artista da egilea, eta 1994an hasitako Ospakizunak saileko parte da. Sail horretako pinturek eta eskulturek urtebetetze-jaiekin, oporrekin eta bestelako festa-ekitaldiekin lotzen ditugun objektu generikoak dituzte oinarri, eta Koonsek haurtzaroko sinboloekin duen betiereko konpromisoa islatzen dute. Izan ere, bizitzako plazer sinpleak goraipatzen dituzte, zoriontasun partekatuko uneak.
2007an Guggenheim Bilbao Museoak Idi-bihotzak obra erosi zuenetik, obra museo-atariko terrazan egon zen, itsasadarraren parean. Pieza museo-espazioaren barrura eraman ostean, bisitariak gehiago hurbildu eta eskultura ikoniko horrek beste artelan batzuekin duen elkarrizketaz ohar daitezke; izan ere, inguruko irudiak, objektuak eta gainerako elementuak islatzen ditu.
Obra hori hain ondo egikarituta egoteak ezkutatu egiten du altzairu herdoilgaitzez egina dela. Artistak eraldatu egiten du material astun horren sendotasuna, eta itxura arin eta sotila ematen dio.
Koonsen eskulturek ezagutza tekniko sakonak eskatzen dituzte; urteetako ikerketa-lana behar da materialei, eraikuntzari eta diseinu-teknikei buruz, halako akabera perfektu eta iraunkorrak lortzeko. Idi-bihotzak lanaren kasuan, tamaina txikiko modeloekin hasi zen obraren fabrikazio-prozesu konplexua, eta hainbat hustuketa eta molderekin jarraitu zuen, harik eta azken pieza altzairu herdoilgaitzez urtu zuten arte. Azkenik, zati desberdinak soldatu, leundu eta margotu zituen obra amaitzeko. Koonsek Idi-bihotzak lanaren bost bertsio berdin egin zituen, kolore-konbinazio banarekin.
Bikain planifikatuta eta kalkulatuta ageri dira eskala- eta material-aldaketak, nahiz eta ikusle axolagabeari eskultura arin-arina eta sofistikaziorik gabea iruditu. Koonsek bere lanak irisgarriak izatea nahi du, batere konplexutasun-arrastorik gabeak. Haren nahia da bizitzako gauza ederrek irautea, ikusleek deskubri ditzaten. Beste behin ere, kritikarik edo ironiarik gabeko obra sortzen du Koonsek. Alabaina, energia positiboz beterik ageri da, eta gure gizartea hobetzeko aldaketak proposatzen ditu. Artistak berak esan zuen bezala:
“Puzgarriok eszenaratzen direnean, ni puztuaren baikortasuna zabaltzen jarraitzen dute. Arnasa sakon hartzea bizitzaren eta baikortasunaren sinbolo da; azken hasperena eta azken hatsa ematea, berriz, heriotzarena. Hustutako puzgarri bat heriotzaren sinbolo da. Hauek, ordea, kontrakoa dira”.