Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Mona Hatoum, Gure etxea (Home), 1999
Javier Pérez, Levitas, 1998
Iruzkinak
Susana Solano, Jaosokor, 1997
- Izenburua:
- Susana Solano, Jaosokor, 1997
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta kultura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Geometria | Lan-prozesua | Materialak | Guggenheim Bilbao Museoa | Inperialismoa | Elementuak | Bartzelona | Bidaiak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Post-Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Solano, Susana
Susana Solano 1946an jaio zen Bartzelonan, eta 1980ko hamarkadan lortu zuen nazioarteko ospea; bere belaunaldian espainiar estatuan izandako artistarik garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Haren eskulturak formalki soilak baina oso oroigarriak dira, eta minimalismoaren geometria sinplea eta posminimalismoak prozesuari ematen dion garrantzia gogorarazten dituzte. Era berean, ordea, presentzia gorpuzduna hezurmamitzen dute, zeinaren bidez ederki islatzen baita artistak eginiko etengabeko bilaketa-lana, gizakien existentzia aurreikusteko ezintasuna irudikatzeko.
Laurogeita hamarreko hamarkadan, Solanoren lana haren bidaia luzeak islatzen hasi zen, mendebaldekoak ez diren kulturekin izandako topaketak. Jaosokor izeneko eskultura honek, zeina 1997an egina baita, kanoa formako burdinazko egitura bat du, tarte erregularretan lotuta dauden plastikozko zerrenda garden eta koloregabeekin estalia. Obraren tonua soila eta lasaia da. Aretoko argien azpian, mugitzen ari den ur-ispiluan islatutako eguzkiaren argia gogorarazten du sotilki eskulturaren gainazalak.
Material industrialekin egina dagoen arren, egiturak artisautza tribalaren eskuzko trebetasuna iradokitzen du, edo ozeanoak itsasertzera bultzaturiko hondakinekin egindako erritu-objektu bat. Nolabait ere, aurrea hartzen dio itsasoko uren gainean dabiltzan mikroplastikoak gaur egun eragiten ari diren larrialdi globalari. Solanok Indonesiako Jaosokor herrixka bisitatu ondoren sortu zuen obra hau. Herrixka hori Irian Jaya eskualdean dago, Ginea Berriko mendebaldean, Papua izenez ere ezaguna den inguruan. Eskulturarekin batera argazki bat ageri zaigu: Hegoaldeko Itsasoetako uharteetako biztanle baten aurpegiaren lehen plano bat. Lehenbiziko aldia da Solanok bere obran elementu etnografiko bat erabili zuena.
Egia esan, forma eta motibo indigenak mendebaldeko material sintetikoekin uztartzean, Solanok bi munduren arteko norgehiagoka irudikatzen du. Eskulturak hauskorra eta ezegonkorra dirudi gainazalean, baina haren egitura irmoa da. Eta hori kultura indigenek mendebaldearen agresibitatearekiko duten erresistentziaren adierazpen gisa interpreta daiteke. Plastikoa eta halako material sintetikoak eta argazkiaren moduko dokumentu intimo bat uztartuta, Solanok agerian uzten du herri indigenen erresistentziaren memoria, mendebaldeko kulturaren inpaktuaren aurrean.