Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Julian Schnabel, Espainia, 1986
Juan Luis Moraza, Estasia, Estatusa, Estatua, 1994
Iruzkinak
Miquel Barceló, Uholdea, 1990
- Izenburua:
- Miquel Barceló, Uholdea, 1990
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Eskala | Testura | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Espainia
- Mugimendu artistikoak:
- Neoespresionismoa
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Barceló, Miquel
1990eko obra hau, Uholdea izenekoa, tamaina handiko hiru margolanez osatutako talde baten parte da. Bertan, Miquel Barceló artistak ibai bat irudikatzen du denborale baten erdian, abstrakzio-ariketa baten bidez. Multzoko azken pieza horretan, areagotu egiten da prezipitazioa, harik eta uholde-eurite bihurtu arte.
Uholdea obran, guregana datorkigu ibaia, eta hainbat ibaiadarretako ura biltzen du; azkenik, koadroaren beheko aldea hartzen duen ur-masa handi batean itsasoratzen da. Barcelók tonu urdin eta grisez margotu zuen paisaia zabala, eta lerro zuri bihurriez irudikatzen ditu urrunago ageri diren ibaiadarrak. Keinu-pintzelkadaz trazatutako geruza lodiek delineatzen dituzte gainezka egindako ibaiertzak eta hondoan ikusten diren korronteak. Lehenik eta behin, euri-tantek uraren gainazala jotzean sortzen dituzten zipriztinak nabarmentzen dira. Barcelók lerro inklinatuekin irudikatu zituen ibaiaren aurrerapena eta euri-jasa handia, eta, zerra elektriko batekin, ebakiak egin zituen koadroaren gainazalean. Baliabide horien bidez, artista gai izan zen uraren arintasuna eta ekaitzaren indar eta abiadura geldiezina atzemateko.
Barcelók bidaia ugari egin ostean sortu zuen obra hori: bizitzaren etapa hartan, Saharako basamortua zeharkatu zuen, Nigeriatik Maliraino, Niger ibaian zehar. Suitzako Alpeetako glaziarretara ere jo zuen, izotza eta elurra margotzeko. Bere ibilbideetako geografia askotarikoak eta mundu naturalarekiko lilurak egitura aberatseko mihise adierazkorrak sortu eta inspiratu dituzte.
Miquel Barceló 1957an jaio zen Balear Uharteetan, eta Espainiako mugimendu neoespresionistaren figura nabarmen bilakatu zen, zeina 1980ko hamarkadan garatu baitzen, Italian, Alemanian, Austrian eta Amerikako Estatu Batuetan sortutako antzeko beste korronte batzuekin bat etorriz. Margolari-belaunaldi berri horrek baztertu egiten zituen artearen ikuspegi formalistak eta kontzeptualistak, eta beste zenbait gai eta elementu adierazkor hartzen zituzten artearen historiatik, literaturatik, zinematik, herri-kulturatik eta beren esperientzia pertsonaletatik. Artista horiek sorturiko obrek tamaina handia izaten zuten maiz, bai eta ehundura oso markatuak ere, Uholdea lanean ikus daitekeen bezala.