Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Lee Krasner, Palingenesia (Palingenesis), 1971
Cristina Iglesias, Titulurik gabea (Alabastrozko gela), 1993
Iruzkinak
Mark Rothko, Titulurik gabea (1952–53)
- Izenburua:
- Mark Rothko, Titulurik gabea (1952–53)
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Perspektiba | Tamaina | Eskala | New Yorkeko Eskola | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
Mark Rothko New Yorkeko Eskolako figura nagusietako bat izan zen, eta bere konposizio handiengatik da ospetsua, zeinak bata bestearen gainean jarritako azalera laukizuzenez eta kolore argitsuz osatuak izaten diren. Rothkok uko egiten zien bere lanaren interpretazio formal edo estetikoei, eta berak “oinarrizko giza emozio” deitzen zituenak adierazteko baliatzen zuen abstrakzioa. Rothko intentsitate handiko obrak sortzen saiatzen zen, eta “esperientzia erlijioso” gisa deskribatzen zuen margotze-prozesua.
Titulurik gabeko margolan hau 1952 eta 1953 bitartean egina da, eta Rothkoren estilo bereizgarriaren hastapenak ageri ditu, hondo monokromo baten gainean gainjarritako forma angeluzuzenekin. Bertan, ikus dezakegu artistak menperatzen duela lengoaia abstraktu hutsa, eta bere hiztegi bisualeko elementu berezitzat hartzen dituela kolorea eta konposizioa. Obraren tamaina itzela eta oso ohikoa ez den orientazio horizontala kontuan harturik, artistaren neurri handiko lehen pinturetako bat dela esan daiteke. Hala ere, Rothkok geroago azaldu zuenez, bere asmoa ez omen zen zerbait handia bilatzea; berak eskala horretan margotzen omen zuen...
“... hain zuzen ere, intimo eta gizatiar izan nahi dudalako. Koadro txiki bat pintatzea esperientziatik kanpo kokatzea da... Baina koadro handi bat pintatzen duzunean barruan sartzen zara. Ez da menderatu dezakezun zerbait”.
Margolan hau 1954an ipini zuten ikusgai lehenengoz Chicago Art Institutean. Sabaitik zintzilik jarri zuten, sarreratik gertu; hala, bisitariek aurrez aurre ikusi behar zuten ezinbestean, distantzia edo perspektiba hartzeko aukerarik gabe. Rothkok oso argi zuen nola esperimentatu behar zen bere lana, eta obra instalatzeko moduari buruzko jarraibide zehatz askoak eman zizkion erakusketaren komisarioari.
“Koadrorik handienak gertu-gertutik ikusi behar izateko moduan zintzilikatzen ditut, lehenengo esperientzia obraren barruan egotea izan dadin”.
Hauxe da Rothkok formatu horizontalean egin zuen lan urrietako bat. Berak nahi bezain gertutik begiratzen badiogu, ikuslearen ikuspegi periferikotik haratago hedatzen da formatu areagotu hori; beraz, badirudi obra zabaldu egiten dela eta gainditu egiten dituela bere mugak. Guggenheim Bilbao Museoak 1996an erosi baino lehen, koadroa bitan baino ez zen erakutsi jendaurrean.