Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Mark Rothko, Titulurik gabea (1952–53)
Jorge Oteiza
Iruzkinak
Cristina Iglesias, Titulurik gabea (Alabastrozko gela), 1993
- Izenburua:
- Cristina Iglesias, Titulurik gabea (Alabastrozko gela), 1993
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Arkitektura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Guggenheim Bilbao Museoa | Euskal Herria | Pertzepzioa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Iglesias, Cristina
Aretoko hormetan ainguratutako markesina inklinatu handi hauek eraldatu egiten dute espazioari buruz dugun pertzepzioa. Cristina Iglesiasek, bere ibilbidean zehar, desafio egin dio eskulturaren eta arkitekturaren arteko bereizketa tradizionalari esperientzian oinarritutako instalazio murgiltzaileen bidez. Bata bestearen alboan ipintzen ditu, batetik, material industrialekin egindako formak eta, bestetik, beira, alabastroa eta gisako material dotoreekin egindakoak. Horri esker, Iglesiasek paisaia arkitektoniko artifizialak eraikitzen ditu, eta espazio edo lurralde berriak esploratzen ari dela irudikatzera bultzatzen ditu ikusleak. Haren egiturek oreka delikatua lortzen dute fisikotasunaren eta bisualtasunaren artean, eta, ondorioz, ikusleek zalantzan jartzen dute ingurunearekin duten interakzioa.
Lan honetarako, Iglesiasek altzairuzko estruktura batean kokatutako alabastrozko panelak sortu ditu, eta aretoaren paretatik zintzilikatzen ditu, buru-parea baino goraxeago. Alabastro-harria porotsua, biguna eta argia da, historiaz betea, antzinatik erabili izan baita dekorazio-objektuak zizelkatzeko. Hemen, harriaren argitasun bereziari esker, argia eskultura-espaziora iragazten duen pantaila bihurtzen da elementu arkitektoniko hori. Pantailek argia hedatzen dute, eta koloretako beirateak gogorarazten dizkiguten tonu beroak sortzen dituzte. Iglesiasen pieza askotan bezalaxe, inguruneko argia eta espazioa bera material fisikoak bezain funtsezkoak dira obra honetan ere. Piezaren inguruan ibili eta harekin elkarreraginean aritzerakoan, ikusleek babes hartzeko aterpe baten tankera har diezaiokete eskultura azpiko guneari.
Cristina Iglesias Donostian jaio zen, eta Torrelodonesen bizi da, Madrildik gertu. 1990eko hamarkadan nazioartean sona lortu zuten espainiar estatuko eskultore-belaunaldi bateko kide da. Honelaxe deskribatzen du Iglesiasek bere lana:
“...pentsamenduaren tankerako piezak, haietan barrena begiratzeko moduko tokiak, errealitatearen eta irudiaren arteko espazioak, presentziaren eta irudikapenaren artekoak, beste espazio batzuei buruz hitz egiten duten espazioak".