Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Abigail Lazkoz, Azken joeren 130.000 urte, 2006–07
Gilbert & George, Esnatzen (Waking), 1984
Iruzkinak
Sol LeWitt, Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing No. 831 (Geometric Forms)], 1997
- Izenburua:
- Sol LeWitt, Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing No. 831 (Geometric Forms)], 1997
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Arkitektura | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Artelana. Ezaugarriak | Forma | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | New York
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Horma-pintura
- Artelan motak:
- Horma-pintura
- Aipatutako artistak:
- LeWitt, Sol
Sol LeWitt jatorriz artista grafiko gisa trebatu zen, eta New York aldera joan zen 1950eko hamarkadan, espresionismo abstraktuaren gorakada bete-betean. Laster aldendu zen mugimendu artistiko hartatik, eta obra kontzeptual konplexuak sortzen hasi zen, forma geometriko sinpleen errepikapenak eta aldaketak erabiliz. Artelana objektu bakar eta preziatua dela dioen definiziotik aldenduz, LeWitt Horma-irudiak sortzen hasi zen: zuzenean galeria eta museoetako hormetan margotzeko obrak. Horma-irudi haietako bakoitzak artistak formulatutako jarraibide batzuk ditu, ondoren beste batzuek exekutatzen dituztenak. Sorkuntza artistikoaren gaineko elkarlan-ikuspegi hori da LeWitten lanaren ezaugarri bereizgarrietako bat. Hauxe idatzi zuen artistak berak:
“Artistak pentsatu eta planeatu egiten ditu horma-irudiak... Marrazkilariak artistaren plana hautematen du, eta, ondoren, berrantolatu egiten du, bere esperientziaren eta adimenaren arabera... Artistak ez ditu marrazkilariaren ekarpenak aurreikusten”.
LeWittek 1997an egin zuen Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak), Guggenheim Bilbao Museoa inauguratu zenean. Obra instalatuta dagoen tokiaren berezitasunek zehazten dituzte, hain zuzen, marrazkia osatzen duten kolore deigarriko formen neurriak. LeWittek Museoaren bigarren solairuan dagoen 208 aretorako sortu zuen obra hori. Gune horrek bi horma kurbatu handi ditu, eta kanpoko argia sartzen da bertara argizulo batetik. Obra areto horretantxe instalatu zuten berriro 2004an; erakusketa honetarako, ordea, 302 aretoan jarri dute. Berez antzeko ezaugarriak dituzte bi aretoek, baina oraingo honek bere geometria propioa du. Museoak orpoz orpo jardun du lanean artistaren oinordekoekin, hark utzitako jarraibideak kokaleku berrira egokitzeko. Aurreko aldian bezala, bertoko artista-talde batek eta bere garaian LeWitten estudioa zeneko zenbait kidek egin dute lan horma-irudiaren bertsio berri hau egiten.
LeWitten Horma-irudiak kokaleku duten guneko arkitekturarekin uztartzen dira, eta artearen iraunkortasunaren eta balioaren ideiak zalantzan jartzeko gonbita egiten digute. Obra bera artistaren idatzizko argibideek eta diagramek osatzen dute. LeWitten arabera, artelan kontzeptualak betiko dira, fisikoki behin-behinekoak izan arren, obraren ideian existitzen baitira.