Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Richard Long, Bilboko zirkulua (Bilbao Circle), 2000
Susana Solano, Jaosokor, 1997
Iruzkinak
Mona Hatoum, Gure etxea (Home), 1999
- Izenburua:
- Mona Hatoum, Gure etxea (Home), 1999
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Erbestea | Londres | Palestina | Indarkeria
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Hatoum, Mona
Palestinar erbesteratuen alaba, Mona Hatoum Beiruten jaio zen 1952an. 1975ean, Londresen bisitan zela, Libanoko Gerra Zibila hasi zen, eta Hatoumek ezin izan zuen bere herrialdera itzuli. Gaur egun Londresen jarraitzen du, eta, hiru hamarkada baino gehiagoz, performanceak, bideoak, eskulturak eta instalazioak sortu ditu; haietan guztietan, behin eta berriz agertzen dira desplazamendua eta bereizketa bezalako gaiak.
1999ko Gure etxea instalazioan, Hatoumek “etxe” kontzeptu anbibalentea arakatzen du, eta beharbada “aberri” ideiari ere egiten dio erreferentzia. Etxea kanpoko munduaren babesleku aberasgarri gisa irudikatu beharrean, ondoeza eragiten duen gune gisa aurkezten du, ezinegonaren eta arrisku potentzialaren iturri den kartzela psikiko gisa.
Lan honetan, mahai luze bat ageri da, metal distiratsuz eginiko sukalde-tresnaz estalita, hala nola inbutu bat, arraspagailu bat, guraizeak, iragazki bat, irabiagailu-hagaxkak, puregailu bat eta pasta egiteko makina bat. Hatoumek kable eta pintzen bidez konektatzen ditu objektu arrunt horiek. Ondoren, korronte elektrikoa pasarazten du kableetatik, eta korronte horrek, aldian-aldian, zenbait objekturen azpian dauden bonbilla txikiak pizten ditu. Programa informatiko batek kontrolatzen ditu argien maiztasuna eta intentsitatea, eta bozgorailuen bidez anplifikatu egiten da elektrizitateak kableetatik igarotzean sorturiko txinparta-hotsa. Instalazioa altzairuzko kable finez osatutako hesi horizontal baten atzean dago, zeinak bereizi egiten baitu ikuslea hilgarria izan daitekeen korronte horretatik.
Hatoumen ohiko artelanen gisakoa da Gure etxea obra. Ziurgabetasun-giroa sortzen du, eta gogora ekartzen ditu irrika zapuztuaren intimitatea eta indarkeria. Bertan, artistak zalantzan jartzen ditu etxeko lanen monotonia eta genero-rol konbentzionalak, etxeko objektuei tankera bitxia eta mehatxagarria emanez. Honelaxe azaldu du artistak berak:
“Nire begietarako, obra honek hankaz gora jartzen ditu etxeko ingurunea leku segurutzat jotzen duen ideia, etxearen ideala eta emakumearena omen den eremuaren nozioa. Beti izan dut harreman anbiguoa etxe eta familia kontzeptuekin, egoera horrek berez izan beharko lukeen aberasgarritasunarekin; hortaz, itxaropen horiei kontra egitearren, gustuko izaten dut desoreka fisiko edo psikologikoa eragiten duen elementuren bat txertatzea nire lanetan”. “Hezi ninduten kulturan, sukaldaritzaren artea irakasten zaie emakumeei ezkontzarako prestakuntza gisa; beraz, horren guztiaren kontrako jarrera nuen nik”.