Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
John Chamberlain, Dolores James, 1962
Iruzkinak
Cy Twombly, Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus), 1963
- Izenburua:
- Cy Twombly, Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus), 1963
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Heriotza | Mitologia | Arte klasikoa | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lerroa | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Twombly, Cy
Cy Twomblyk berezko estiloa zuen: marra, zirrimarra eta grafiti estiloko lerro aztoratuak erabiltzen zituen. 1950eko hamarkadaren erdialdean garatu zuen estilo bereizgarri hori, espresionismo abstraktuarekin estu lotu izan dutena, Ameriketako Estatu Batuen Armadan kriptografo-lanetan ziharduela.
1957an Erromara joan ondoren, hiri hartako historia aberatsa aurkitu zuen Twomblyk. Horren ondorioz, keinu-hizkuntza aldatu eta Antzinaro klasikotik, literaturatik eta mitologiatik ateratako motiboak txertatu zituen bere lanean.
Historiako alderdi dramatiko, epiko eta mitikoekin liluratu egiten zuten eta, horren harira, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadaren hasieran magnizidioei buruzko zenbait lan sortu zituen. Erabaki horrek, ziurrenik, izan zuen zerikusirik John F. Kennedy AEBko presidentea 1963ko azaroan hil izanarekin.
Komodori buruzko bederatzi gogoeta lana Aurelio Komodo II. mendeko enperadore erromatarraren krudelkerian, eromenean eta megalomanian oinarritzen da. Marko Aurelio enperadore ospetsuaren semea izan zen Komodo. Eta, Herkules erdi-jainkoaren berraragiztatzea zela sinetsi ondotik, handitzen joan ziren haren basakeria eta tirania, harik eta akabatu zuten arte. Haren hilketa bihozgabeak markatu zuen Erromatar Inperioaren gainbehera.
Twomblyren mihiseek garai hartako asaldurak eta botere politikoaren baliabide korapilatsuak transmititzen dituzte. Koadro bakoitzean, materiazko bi espiralek hartzen dute konposizioaren erdigunea. Narratiba adierazkorra koadro batetik hurrengora hedatzen da, hodeien antzeko egitura bareak izatetik azken paneleko odol-orbanen apoteosi bortitza izatera igaroz. Hondo grisa espazio neutro gisa ageri da, zeinak isolatu eta nabarmendu egiten baitu enperadorearen hilketaren ebidentzia bisual odoltsua. Badirudi hondakin odolduak airean flotatzen ari direla, indarkeria-ekintzaren testuingururik eta zalantzarik gabeko zeinu gisa.
Horixe izan zen Twomblyk sail moduan antolatutako lehen lana, Kennedyren hilketaren irudiak komunikabideetan etengabe errepikatu izanak inspiratua, beharbada. Pintura-sekuentzia bateratzeko erabiltzen ditu, hain zuzen, kolore-paleta, mihise bat ez beste guztiak zeharkatzen dituen lerro horizontala, eta panel bakoitza egituratzen duten lauki eta eskemak.
1964an New Yorken lehenengoz azaldu zenean, Komodori buruzko bederatzi gogoeta obrak kritika negatiboak jaso zituen. Artista asko minimalismoaren eta pop artearen lengoaia artistiko berriak probatzen ari ziren garai hartan, kritikak ez zuen asmatu balioesten Twomblyk iraganean eginiko murgiltze konplexua, ez eta kontakizun historikoen kolapso korapilatsua ere, artistak bere obran islatzen dituen gertaera garaikideen argitan.