Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Susana Solano, Jaosokor, 1997
Francesco Clemente, Amaren gela, 1995–97
Iruzkinak
Javier Pérez, Levitas, 1998
- Izenburua:
- Javier Pérez, Levitas, 1998
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Artistak | Ibilbide artistikoa | Sormena | Beira | Materialak | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Natura | Euskal Herria | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Pérez, Javier
Levitas instalazioan, figura absente batek arrasto misteriotsu bat utzi du, aretoan jarritako beirazko esfera formagabez osaturiko bidean. Esfera horietako bakoitzean, giza oin baten arrastoa inprimatu du Javier Pérezek. Horrekin, presentzia iragankorra eta ibiltzearen tasun dinamikoa iradokitzen ditu.
Javier Pérez euskal artistak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik darama gorputza eta harekin dugun harremana aztertzen, eta marrazkiak, eskultura-instalazioak, argazkiak, bideoak eta performanceak baliatzen ditu horretarako. Europa aldean, generoan eta identitatean zentratu da Body Art edo Gorputz Artearen mugimenduaren parte esanguratsu bat; Pérezen lanek, berriz, gorputzaren izaera fisiko eta iragankorra esploratzen dute, gizakiaren zaurgarritasunaren eta bizitzaren beraren hauskortasunaren metafora gisa.
Artistak beira puztuz sortutako lehenbiziko lana da Levitas; material horrek, haren esanean, lotura handia du gorputzarekin. Pérezek azaltzen duenez, barneko nia kanpoko munduarekin lotzeko modu bat da beira puzteko erabiltzen den aire kanporatua. Horri buruz, hauxe esan du artistak:
“Hori da beiraren magia; hasperen baten emaitza da, solidotzen den material elastiko batean aurkitzen duen erresistentziaren emaitza. Barnealdetik kanporanzko prozesua ere bada, muga guztiekin; horregatik, bolumenak ez dira handiak, baizik eta gizakiaren birika-gaitasunak har ditzakeen adinakoak. Niri, pertsonalki, gustatzen zait piezen dimentsioak gizakiaren neurriaren isla izatea.”
Lan honetan, artistak narratiba metaforiko bat sorrarazten du beira erabiltzeko duen moduarekin. Oinaren forma kristalezko esferetan harrapatuta dago, eta horiek, berriz, aire-ganbera garden gisa jokatzen dute, gorputzaren bizi-indarraren fluxuan barrualdea eta kanpoaldea orekatzeko ahaleginean. Halaxe geratzen da agerian gorputz fisikoaren izaera iragankorra, eta kanpoko munduarekiko kontaktuaren bilaketa beirazko kanpoko beste azal batek mugatzen du. Oinek pasabide hegaldunak iradokitzen dituzte (nitik ihes egiteko irrika), baina bizitoki dituzten beirazko esferek finkatu egiten dituzte lurrean, eta eragotzi egiten diete hegan egitea.