Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Miquel Barceló, Uholdea, 1990
Txomin Badiola, Familiarteko konplota. Bigarren bertsioa, 1993–95
Iruzkinak
Juan Luis Moraza, Estasia, Estatusa, Estatua, 1994
- Izenburua:
- Juan Luis Moraza, Estasia, Estatusa, Estatua, 1994
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Perspektiba | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Euskal Herria
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Moraza, Juan Luis
Juan Luis Moraza euskal artistak eskulturaren kontzeptu konbentzionalei aurre egiten dieten objektuak eta instalazioak sortzen ditu, eta, aldi berean, kultura altu eta baxu deiturikoen eta maskulinitatearen eta feminitatearen arteko harremana ikertzen du. Moraza 1980ko hamarkadan hasi zen esplorazio horiek egiten, Zaintza Artistikoko Batzordeko kide zen garaian. María Luisa Fernández lankidearekin batera sortu zuen batzorde hori, zeina gaztelaniazko CVA siglekin ere ezagutzen baita. Morazaren sorkuntza goiztiarrak apaindura-elementuak zituen oinarri, hala nola arte jasoa baino garrantzi txikiagoko markoak eta apaingarriak.
Estasia, Estatusa, Estatua izeneko 1994ko instalazio horrek erretxinazko ehunka molde ditu, gizon eta emakumeen oinetakoen takoiekin eginak. Takoiek atentzioa ematen dute, objektu delikatu eta ederrak izateagatik. Haien formak eta tamainak aldatu egiten dira, eta ahuspez jarrita daude lurrean zuzenean, sareta bat osatuz. Antolaketa soil baina hedatu horrek eskultura minimalista ekartzen du gogora, baina baita pieza eta objektuen erakusketa taxonomiko edo sailkatzaile tradizionalak ere.
Takoiek beraiei dagozkien —eta falta diren— gorputzak gogorarazten dituzte, eta, hartara, elementu gorpuzdun bat instalazioan sartzea iradokitzen dute. Era berean, Morazaren lanak zalantzan jartzen du generoaren nozio bitarra: takoi altu eta baxuek femeninotasuna eta maskulinotasuna adierazi arren, takoien garaieraren aniztasunak eta barietateak bi generoen arteko erdibideko eremuak pentsarazten dituzte.
Morazak idulkiak eskulturan duen funtzioari buruz etengabe egiten duen gogoeta islatzen da, orobat, Estasia, Estatusa, Estatua lanaren bidez. Instalazio horretan, irauli egiten dira idulkia eta haren funtzioa, eta hautsi egiten da eskulturak eta pinturak behatzeko dugun ohiko ikuspegia. Takoiak zuzenean lurrean eta gainazal lau batean daudenez, bisitariek ezin dute ikusi obra hurbiletik eroso; aitzitik, goitik eta distantzia batera begiratu behar diote, osorik ikusi nahi badute.