Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Ellsworth Kelly, Kurba horia (Yellow Curve), 1972
Mark Rothko, Titulurik gabea (1952–53)
Iruzkinak
Lee Krasner, Palingenesia (Palingenesis), 1971
- Izenburua:
- Lee Krasner, Palingenesia (Palingenesis), 1971
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Oreka | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Natura | AEB | Jackson Pollock
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee
Lee Krasner Brooklynen jaio zen 1908an, Errusiatik emigratutako familia judu ortodoxo batean. Naturazale amorratua izaki, gaztaroaren zati bat Brooklyn ekialdean emateko zortea izan zuen, zeina soroz estalita baitzegoen garai hartan. Gazte-gaztetatik izan nahi zuen artista, eta gogotik borrokatu zen hori lortzeko.
Krasner izan zen arte-sorkuntzaren ikuspegi erabat abstraktua aplikatzen hasi zen New Yorkeko lehen artistetako bat, eta, 1950eko hamarkadan, espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat bihurtu zen. Haren lana energiaz eta kolorez betea da, gerraosteko New Yorkeko espiritu posibilistaren isla. Halere, Jackson Pollocken emaztea izateak bigarren mailan utzi izan du, sarritan, Krasnerrek artista gisa duen garrantzia. Bere garaikide askok ez bezala, berak uko egiten zion estilo propio eta bereizgarri bat garatzeari: zikloka lan egiten zuen, gogo onez onartzen zuen aldaketa, eta etengabe bilatzen zituen bene-benetakoak ziren adierazpide berriak.
1970eko hamarkadaren hasieran, forma leunak eta biomorfoak erabiltzetik konfigurazio abstraktu garbiagoak nahiago izatera igaro zen Krasner. Palingenesia izeneko tamaina handiko pintura hau 1973an New Yorkeko Marlborough Galleryn aurkeztu zituen hamabi lanetako bat da. “Palingenesia” greziar jatorriko hitz bat da, eta “berpizkundea” esan nahi du; bere ibilbidearen amaierako pinturekin, Krasnerrek berrasmatu egin zuen bere burua beste behin ere.
Aurreko margolanetan bezala, artistak mugatu egin zuen kolore-paleta —kasu honetan, mugurdi-arrosetara eta irlandar berdera—, baina koloreak beroagoak dira, eta formak, berriz, garbiagoak, inguru zuriekin; kartoi mehezko ebakinak dirudite. Krasnerrek collagearen alorrean egindako lana gogorarazten dute, bai eta Matisserekiko zuen betiko miresmena ere. Beharbada minimalismoak artearen munduan izan berri zuen nagusitasunari erantzunez, Krasnerren formak trinko eta sendo bihurtu ziren, ondo azterturiko tentsio- eta lasaitasun-oreka batean. Artistak berrogei urte luzez koloreari eta lerroei buruz eginiko ikerketen zantzuak nabari zaizkie, baita haien inspirazio-iturri izan ziren mundu naturalaren aztarnak ere: pintura horri begiratuta, nekez geratuko gara lorategi batekin pentsatu gabe.
1973an, Krasnerren margolan handien erakusketa batean egon zein ikusgai zen Palingenesia New Yorkeko Whitney Museum of American Art-en. Krasnerren obra hiriko museo batean erakusten zuten lehen aldia izan zen, baita azkena ere artista oraindik bizi zela.