Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Jannis Kounellis, Titulurik gabea, 1988
Mona Hatoum, Gure etxea (Home), 1999
Iruzkinak
Richard Long, Bilboko zirkulua (Bilbao Circle), 2000
- Izenburua:
- Richard Long, Bilboko zirkulua (Bilbao Circle), 2000
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Argazkigintza | Artea eta paisaia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Zirkulua | Lerroa | Materialak | Materialtasuna | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Euskal Herria | Bidaiak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Land Art
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Long, Richard
Richard Long artista britainiarrak orduak, egunak nahiz asteak ematen ditu mundu zabaleko landagune malkartsuetan, eta formatu handiko argazkietan erregistratzen ditu bidaia horiek. Ondoren, legendak, mapak eta deskripzio-terminoen zerrendak gaineratzen dizkie, obra indibidual gisa erakusgai ipintzeko. Longek 1967an egin zuen tankera horretako lehenbiziko lana, Inglaterrako Wiltshire eskualdeko zelai batean egindako ibilaldi baten ondotik. Bere piezak sortzeko, hainbat paraje bisitatu ditu, hala nola Inglaterra, Irlanda edo Eskoziako landazabala, Nepal eta Japonia aldeko mendiak, eta Afrika, Mexiko eta Boliviako lautadak.
Longek paisaiarekin hartu-emanean jarduten du bere bidaietan, eta eskultura organiko apalak sortzen ditu naturan aurkitzen dituen materialetatik abiatuta. Zirkuluak edo lerroak marrazten ditu —bere motibo bereizgarriak—, dela, oinatz errepikatuekin, dela harriak, egur-zatiak, algak edo bestelako landa-materialak elkartuz, eta multzo bat osatzen du haiekin guztiekin. Artistak behin-behinean esku hartzen du paisaian; izan ere, haizeak, euriak edo mareek desegin egiten dituzte lan iragankor horiek, gizakiak naturaren gainean omen duen nagusitasuna ukatuz. Oro har, Longen argazkiak dira haren presentziaren froga bakarra. Inoiz edo behin, artistak hauxe esan du:
“Nire lanak lotura handiagoa du askatasunaren ideiarekin eta ia ezerezetik artea egitearekin, besterik gabe oinez ibiliz edo oinatzak utziz egiten den horrekin. Inoiz ez dit interesik piztu monumentuak egiteak. Munduko artista bat naiz”.
Longek eskulturara eta marrazkietara eraman ohi ditu naturan izandako esperientzia pertsonalak, eta museoetan eta arte-galerietan erakusten ditu ondoren. 2000. urtean, Bilboko zirkulua sortu zuen Guggenheim Bilbao Museorako. Horretarako, Kornuallesko Delabole harrobiko arbel zatiak baliatu zituen —bertakoek harro esaten dute Ingalaterran martxan dagoen arbel-harrobi zaharrena dela—. Harria da Longen material kutunetako bat, gizakiak tresnak egiteko erabili zuen lehen substantzietako bat. 13 metroko diametroa duen zirkulu hau eraikitzeko, arbel zati labur samarrak erabili zituen, harriaren izaera eta forma naturala ahalik eta gehien babesteko. Arbela, era berean, oso ohiko minerala da Euskal Herriko itsasertz menditsuan, eta, beraz, eskulturak lotura handia du Museoaren lurraldearekin eta kulturarekin. Goitik begiratuta, zenbait labore-sailetan edo Stonehenge bezalako historiaurreko formazioetan ageri diren motibo zirkularrak gogorarazten ditu lanak, edo are Euskal Herriko historiaurreko aztarnategi zirkularrak ere.
Longen obra guztiek gizakiaren eta lurraren arteko harremana espiritualagoa zeneko garaiak gogorarazten dituzte. Long da 1960ko eta 1970eko hamarkadetan garatutako Land Art mugimenduak (hau da, lurreko arteak edo ingurune-arteak) eman duen figura britainiar garrantzitsuenetako bat. Mugimendu hartako artistek uko egiten zioten artea merkaturatzeari, eta beren egin zuten garai hartako mugimendu ekologista berria; hala, ingurune naturalean integratzen diren eta topografia autoktonoarekin harremana ezartzen duten artelanak sortu zituzten.