Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Sol LeWitt, Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing No. 831 (Geometric Forms)], 1997
Jeff Koons, Idi-bihotzak (Tulips), 1995 – 2004
Iruzkinak
Gilbert & George, Esnatzen (Waking), 1984
- Izenburua:
- Gilbert & George, Esnatzen (Waking), 1984
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Argazkigintza | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Eskala | Guggenheim Bilbao Museoa | Bizitza | Londres
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Argazkia
- Aipatutako artistak:
- GIlbert ang George,
Kolore deigarriak eta adierazkortasun izugarria dituen argazki-pieza hau 1984an egina da, eta Londresen bizi diren Gilbert & George artistek eskala handian eginiko lehen lanetako bat da. Obraren izenburuak —Esnatzen— Gilbert & Georgen aburuz pertsona baten bizitzan unerik garrantzitsuena denari egiten dio erreferentzia: hau da, egun berri baten hasierari. Artistak eurak konposizioaren erdigunean ageri dira, itxura zurrunarekin, eta gazteak eta haurrak dituzte inguruan, helduaroaren eta sexualitatearen garapen-etapa desberdinak irudikatzen dituzten jarreretan. Lan hau egiteko, egileek Londresko beren East End auzoko gazte-talde bat kontratatu zuten. Material eskultoriko gisa tratatu zituzten modelook, eta estudioko argazki-saioetan zuzendu zituzten, kontu handiz landutako kontakizunen protagonista bihurtzeko.
Pieza honetan, artisten figurak hiru eskala desberdinetan errepikatzen dira, eta horrek haurtzarotik heldutasunerako igaroaldia adierazten du. Atzealdean maskara bihurtuta ageri diren aurpegi erraldoiek, berriz, trantsizio horrekin batera etortzen den barne-esnatzearen aurreko beldur-sentsazio modukoa iradokitzen dute. Honelaxe azaldu zuten artistek:
“Iragana, oraina eta etorkizuna. Beti uste izan dugu arteak horiek guztiak bateratu beharko lituzkeela... Nolabait ere, bizitza moteltzea lortzen dugu gure obretan, osoagoa izan dadin. Horretantxe saiatzen gara: bizitza mantsotzen, hari buruz pentsatu ahal izateko”.
1960ko hamarkadaren erdialdean elkar ezagutu zutenetik, Gilbert & Georgek beren identitateak bateratu dituzte, eta ezin da haietako batean pentsatu bestea kontuan izan gabe. Galerietan eta kultura-ekitaldietan “eskultura bizidun” gisa egindako agerpenengatik egin ziren ezagun, jantzi berdinak soinean jarrita eta brontzezko patinaz estalita azaltzen baitziren. Autorretratuek toki nabarmena dute haien lanean, eta mota guztietako euskarrietan lantzen dituzte, hala nola argazkietan, marrazkietan, pinturan, zineman eta testu idatzietan. Gilbert & George artistek ez dituzte bereizten bizitza eta artea: eurak dira beren artelan.