Niki de Saint Phalle
Esfingea (Sphinx), 1995
Neurritasuna (Temperance), 1993
Iruzkinak
Indarra (La Force), 1987
- Izenburua:
- Indarra (La Force), 1987
- Erakusketa:
- Niki de Saint Phalle
- Gaiak:
- Pertsonaia mitologikoak | Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Feminismoa | Antoni Gaudí | Ferdinand Cheval | Tarota
- Artelan motak:
- Arkitektura | Eskultura | Kokapen zehatzerako artea | Maketa
- Aipatutako artistak:
- de Saint Phalle, Niki
Entzuteko gida honetan aipatu dugun Enperatriza lana bezala, Indarra izeneko lana ere —maketa duzue hemengo hau— Tarotaren lorategiko eskulturetako bat da. Saint Phalle 1983tik 1989ra aritu zen lan honetan. Toscanako eskultura-lorategian, herensuge hegaldun hau uhalez eutsita du emakume gazte batek. Herensugearen eta haren zaindariaren irudiaren esanahia gertu dago artistari inspirazioa ekarri zion Marseillako Tarotaren Arkano Nagusiaren kartak duen esanahitik. Karta horretan, ohikoa da emakume bat, lehoi basati baten barailak indarrez zabaltzen irudikatzea. Emakume batek indarra mendean izatearen ideia ziur barruraino iritsiko zitzaiola Saint Phalleri, haren ikuspegi feministen harira. Enperatriza lanaren ondoan jarri zuen Indarra lana Tarotaren lorategian: horrela herensugeak eta haren zaindariak, jainkosa, ama eta etxea den Enperatrizaren eta bertan bizi denaren segurtasuna sinbolikoki bermatzen dute.
Toscanan sortu zuen eskultura-lorategiaren ideia artistaren kezka nagusietako bat izan zen urte askoan. Esaten zuen 1955ean bururatu zitzaiola hasierako ideia, Bartzelonan Antoni Gaudí-ren Güell parkean lehen aldiz izan zenean:
“Ipuin batetik ateratako lorategi bat ikusi nuen nire begien aurrean. Forma kurbatu ederrak, eskailerak, zutabeak, iturria. Dena hautsitako faientza eta ontzi-pusketa koloretsuz estalia”.
Ferdinand Cheval-en Jauregi Ideala ere aipatu zuen irudimena piztu zioten iturrien artean; baita Florentzia ondoan dagoen Villa di Pratolino-ren parkea eta Lazioko Bomarzo lorategietako munstro manieristak ere. Bi horietan dauden monumentu-estatuetan barrura sar daitezke bisitariak. Parkearen eta bertako 22 eskulturen gaiaren ideiak Marseillako Tarotaren 22 Arkano Nagusietan du jatorria.