Georges Braque
Biluzi Handia (Grand Nu), 1907-1908
Pianoa eta mandora (Piano et Mandore), 1909-1910
Iruzkinak
L'Estaqueko biaduktua (Le viaduc à l’Estaque), 1908
- Izenburua:
- L'Estaqueko biaduktua (Le viaduc à l’Estaque), 1908
- Erakusketa:
- Georges Braque
- Gaiak:
- Artea eta paisaia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Erakusketak | Paisaia | Ingurunea eta natura | Natura | Frantzia
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Kubismoa
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Braque, Georges
1908ko maiatzean, laugarren aldiz L’Estaque-ra itzuli zenean, Braque-k paisaia haiek kolore-paleta ilunagoarekin interpretatu zituen. Braquek bi hamarkada lehenago Cézanne-k erretratatutako motiboak hartu zituen berriz, biaduktuarekiko lilura bereziarekin. Hainbat bertsio egin zituen. Hemen dugun mihisea geometria hutsa da. Kubo-etxe hauen horma eta sabai piramidalek kontrastea egiten dute lau arkuen kurbekin eta, areago, zerua osatzen duten pintzelkada laburrekin. Koadro honetan Braquek egindako formen kontraste handinahia kubismoaren lehen etapako ezaugarrietako bat da. Etapa horri dagokio kolore-paletan austeritatea izatea ere. Artistak okrea eta berdea besterik ez du behar, agian urdin pixka bat, argi eta itzalen aldakuntzak ondo adierazteko.
Honen moduko mihiseak udan egin zituen Braquek eta urte hartako Udazkeneko Erakusketako epaimahaiak onartu egin zituen. Alemaniako Daniel Henry-Kahnweiler arte-merkatari ezagunaren interesa piztu zuten. Arte-merkatari hura ezaguna zen hasi berriak ziren eta gerora artearen historian funtsezko bihurtu ziren artistak ezagutarazi zituelako. Hala, 1908ko azaro hasieran, galeristak Georges Braqueren lanaren lehen erakusketa egin zuen Pariseko Vignon kalean ireki berri zuten lokal txiki-txiki batean. Apollinaire-k egin zuen katalogoaren hitzaurrea, eta kritikak pintura iraultzaile hura zuhurtziaz aztertu zuen. Halaxe izan zen Louis Vauxcelles-en kasua. Gil Blas-ek argitalpenean idatzi zuen.
“Braque gazte oso ausarta da; forma eta dena gutxiesten du, lekuak eta irudiak eta etxeak, dena murriztu du eskema geometrikotara, kuboetara”.
Matisse-k ere “kuboak” hitza erabiliko zuen, diminutiboan, pintatzeko modu berri hori izendatzeko. Erakusketa hari esker kubismoa sortu zen. Arte zaletu askori interesatu zitzaien erakusketa, bereziki Gertrude Stein arte abangoardistaren goi mailako bildumagileari. Bitartean, Braque Picasso-rengandik gero eta gertuago zegoen, Picassok gerora kontatu zuen moduan:
“Ia arratsaldero Braque ikustera joaten nintzen haren tailerrera, edo bera etortzen zen nirera. Guretzat, ezinbesteko beharra zen egunean zehar egindako lanaz hitz egitea”.
Laguntasuna gauez ere luzatuko zen, Montmartreko gauetan, André Derain, Guillaume Apollinaire, Marie Laurencin, Max Jacob eta beste poeta eta artista batzuekin batera.