Azteken Inperioa
Hogeita bosgarren erakustokia
Iruzkinak
Hogeita seigarren erakustokia
- Izenburua:
- Hogeita seigarren erakustokia
- Erakusketa:
- Azteken Inperioa
- Gaiak:
- Erlijioa | Kristautasuna | Historia | Kolonaurreko kulturak | Azteken inperioa | Tarasco | Kolonialismoa | Tenochtitlan | Mexiko | Espainiako Karlos I.a | Hernan Cortes | Suntsipena | Boterea | Indarkeria
Hernan Cortes espainiar esploratzailea 1519an iritsi zen Mexikoko kostara. Handik, azteken inperioa konkistatzeari ekin zion, bere gizon‑ostearekin batera. Espainiarrek 1521eko abuztuaren 13an menderatu zuten Tenochtitlan, azteken hiriburua. Cortesek Tenochtitlanen kokalekua husteko agindu zuen, han hiri berria egiteko.
Karlos V.a Enperadore Saindu Erromatarraren aginte indartsuaren pean, espainiarrak erlijio erromatar katolikoaren nagusitasuna bermatzeko borrokatu ziren euren lurralde guztietan. Mexikon, topatzen zuten erlijio indigena oro desagerrarazten zuten, eta, haren ordez, katolizismoa inposatzen. Misiolariek ospitaleak, monasterioak eta eskolak jarri zituzten abian eremu hiritartuetan, eta biztanle indigenei gaztelania irakasten jardun zuten, kristautasunera alda zitezen.
Eskualdeko aberastasunez jabetu ziren, eliza katolikoaren loria areagotze aldera. Azteken eta taraskoen urrezko altxorrak urtu egin zituzten, eta Espainiara bidali. Zilarrezko minak topatu zituzten, bai eta ustiatu ere. Oraindik ere, Espainian badira aparteko zilarrezko lanak, komentuetan, elizetan zein bilduma pribatuetan; gehienak ere, erlijio katolikoari lotuta. Azteken arte eta arkitektura lan batzuei zeregin berriak eman zizkieten. Eraitsi zituzten azteka egituretako harriak eta eskulturak eraikuntza berrietan erabili zituzten, egiazko jainkoak sasijainkoak garaitu zituela gogorarazteko. Arrano itxurako ontzi handi bat, aztekek tenplu nagusiko sakrifizio zeremonietan giza bihotzak gordetzeko erabiltzen zutena, bataiarri bihurtu ere egin zuten. Diego Duran fraide domingotarraren hitzetan: «Ontzi honetan deabruari eskainitako giza odola gorde zuten. Guztiz egokia da orain Espiritu Santuaren bataiarria izatea, eta kristauen arimak hor garbitzea.»