Robert Rauschenberg: atzera begirakoa
Titulurik gabea [pintura beltz satinatua], gutxi gorabehera 1951
Cy + eskailera erromatarrak, 1952
Iruzkinak
Pintura zuria [zazpi panel], 1951
- Izenburua:
- Pintura zuria [zazpi panel], 1951
- Erakusketa:
- Robert Rauschenberg: atzera begirakoa
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Gainazala | Kolorea | Black Mountain College | Josef Albers | Kazimir Malevich
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rauschenberg, Robert
Imajinatu pintura honek eta eskuinaldeko serie honetako beste hiru Pintura zuriek jendearengan eragin zuten txundidura. Bakoitza tamaina batekoa izan arren, elkarren ondoan jarritako mihise-kopuru desberdinetan eginak, guztiak erabat zuriak dira, eta arrabolaz zabaldutako horma-pintura zuri arruntez uniformeki estaliak daude, gainazala leuna eta laua gera dadin. Besteak bezala, zazpi paneleko pintura handi hau 1951n egina da, Rauschenberg-ek Ipar Carolinako Black Mountain Collegera egindako itzulerako bisitaldietako batean zehar, 1948an Frantziatik Estatu Batuerata itzuli ondoren ikasten hasi zen arte-eskolan. Garai hartan Pintura zuriak, ikusi zituzten haientzako, tradizioz koadro batek osatzen duen guztiaren ukapen probokatiboa ziren. Ez dago kolorerik, ez formarik ez eta gorabeherarik ere. Pintzelkadarik ez dago, ez eta ikusmena piztuko duen aldaketarik ere pinturaren loditasunean eta kalitatean.
Artearen historiari buruz zerbait baldin badakizu, hau baino askoz ere lehenago pintoreek egin izan dituzten eta guztiz kolorebakarrak diren beste zenbait koadro ezagutuko dituzu —ezagunenak, beharbada, Kasimir Malevich artista errusiarrarenak dira, 1910eko hamarkadan eginak—. Baina Malevichen hondo zuriko koadro zurietan tonuan edo pintzelkadan agertzen diren aldaketa txikietan irudi geometriko sinpleak antzeman daitezke argi eta garbi —lauki zuri bat hondo zuri baten gainean, adibidez—; Rauschenbergek, berriz, ez du uzten gainazalaren lautasuna oztopatuko duen ezertxo ere onartzen.
Harrigarria bada ere, Pintura zuriak eta, bide batez, beltzak ere, koloreari buruz egindako hausnarketa baten ondorio izan ziren neurri batean. 1948an, Black Mountain Collegen, Rauschenbergen irakasle garrantzitsuena Josef Albers izan zen, aurretik Alemaniako Bauhaus arte-eskola iraultzailean irakaskuntzan aritutakoa. Albersen kezkarik nagusienetako bat kolorea zen, bereziki itxuraz koloreek aldatzeko duten modua, ondoan jartzen zaizkien beste koloreen arabera. Albersek, Rauschenberg ikasle gatazkatsutzat zuenak, kolore bakoitzak baino gehiago beren arteko erlazioak zuen garrantziaz konbentzitu nahi izan zuen. Rauschenbergek gerora honela zioen:
Kolore bat beste baten ordez erabiltzea nire menpe ez zegoela konturatu nintzen, gustuak ez bai ninduen gehiegi interesatzen. Materialak bereizita aztertu nahi nituen, eta horrek kezkatzen ninduen; ez nuen nahi pintatzea kolore bat beste bati zerbait egiteko erabiltzeko ekintza soil bat izatea, esaterako gorria erabiltzea berdea indartzeko, horrek gorriaren menpekotasuna edo antzeko zerbait inplikatzen baitzuen. Zalantza handiak nituen formak nahiera diseinatzearekin eta aurrez ezarritako nolabaiteko emaitza lortuko luketen koloreak aukeratzearekin, horrelako zerbait defendatzeko argumenturik ez bai nuen. Beste hitz batzuetan esanda, ez nuen nahi kolorea nire zerbitzura egotea. Horrexeagatik ekin nion Pintura zuriak eta beltzak egiteari, behintzat horixe izan zen arrazoietako bat.
Izan ere, Pintura zurien atzean zegoen arrazoietako bat besterik ez zen. Gertutik begiratzen baduzu, itzal-joko sotil bat eta isladak antzeman ahal izango dituzu aretoko argiak bai eta zeuk ere sortuak, mihisearen parean zutik edo mugitzen ari zaren bitartean.
Beti pentsatu izan dut pintura zuri haiek ez zirela pasiboak, oso sentikorrak edo, hobe esanda, hipersentikorrak baizik. Pintura haiek behatuz gero, pertsonek sortutako itzalei begiratuz gero, aretoan zenbat jende zegoen edo egunaren zein ordu zen jakin ahal izaten zenuen.
Itzalek eta isladek egiten dute koadroa. Gainera, edozein koadro, maisu zaharren lan bat edo konposizio garaikide bat izan arren, begiratzen deneko ingurunearen eraginpean daudela gogorarazten digu horrek. Koadroa munduaren zati bat da, ez, ordea, mundutik bereizia dagoen zerbait. Eta, erakusketa honetan ikusiko duzun bezala, Rauschenbergen betiko kezka izan da arte-lanaren eta bizitzaren arteko mugak haustea.