Robert Rauschenberg: atzera begirakoa
Odaliska, 1955-58
Aparejadorea, 1961
Iruzkinak
Danteren Infernorako ilustrazioak, 1958-60
- Izenburua:
- Danteren Infernorako ilustrazioak, 1958-60
- Erakusketa:
- Robert Rauschenberg: atzera begirakoa
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Sinbologia | Erakusketak | Castelli Gallery | Dante Alighieri | Adlai Stevenson | John F. Kennedy | Richard Nixon
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Inprimaketa
- Aipatutako artistak:
- Rauschenberg, Robert
Lehen aldiz 1960ko abenduan New Yorkeko Leo Castelli Gallery-n erakusgai egon zen marrazki-sorta hau, alde batetik, Rauschenberg-en artearen eta ideien sintesi nabarmena izateaz gain, apartekoa da bere obran, narratiba berezi baten irudiak baitira. Idatzizko testu batean bezala, ezkerretik eskuinera irakurri behar dira. Irudi delikatu hauen inspirazio-iturria Danteren Inferno izena duen XIV. mendeko poema epiko bikaina da, eta bakoitzak hogeita hamalau kantuetatik bat irudikatzen du.
1958ko udaberrian, Rauschenbergek lehendik 1952an ezagutu zuen teknika bat sakontasunez aztertzeari ekin zion, aldizkari ezagunetatik paperera irudiak transferitzeko. Teknika honetan, lehenik gainazal inprimatuetan disolbatzaile kimiko bat aplikatzen da, eta gero buruz behera jartzen dira marrazteko paper zati baten gainean. Rauschenbergek, ondoren, irudi inprimatuaren atzealdea txartatzeko tresna baten bidez igurzten zuen, hala, irudia paperera eramanez. Igurztean hartutako norabidea edo egindako presioa aldatuz manipula ahal izaten zuen jatorrizko irudiaren itxura. Rauschenbergek aldaketa gehiago sartu zituen irudi transferituan, urkoloreak gehituz baita zati batzuk ezabatuz ere. Danteren marrazkietan, pintatutako azalerak eta txartatzeko tresnak utzitako markak aldartea, soinua eta usaina bezalako ezaugarri ukiezinak adierazteko erabili zituen. III. kantuan, adibidez, pintura gorriaren geruzek infernuko sua eta kolore urdinak izoztutako zuloak adierazten dituzte.
Transferitutako irudia collage baten zati gisa agertzen da, bizitzaren zati bat balitz bezala, baina paper-gainazalaren osagai bihurtzen delako, hain zuzen, collagetik nahiko bereizten da. Funtsean, transferentzia-marrazki hauek pintura Konbinatuen efektuetako batzuk gainazal lau batera eta eskala intimo batera eramaten dituzte. Hiru dimentsioko objektu errealak eta paper inprimatuak eta ehun-zatiak txertatuta baino gehiago, orain, aurkitutako irudiak koadroaren gainazalaren jarraipen gisa agertzen dira.
Irudietarako, Rauschenbergek sinboloak erabili zituen, eta Dantek deskribatutako pertsonaien eta gertakarien baliokide modernoak bilatu zituen. Dantek bere infernuko jendea irudikatzeko pertsonaia publikoak erabili zituen bezala, Rauschenbergek aldizkarietan arakatu zuen politikoen irudien bila. Marrazkietako batzuetan Kennedy eta Nixon antzeman daitezke, bai eta Adlai Stevenson ere, Danteren Virgilio bezala, Purgatorioaren toki desberdinetarako gida gisa jardunez. Atletek eta soldaduek, gas-mozorroak jarrita dituztelarik, penatan dauden arimak irudikatzen dituzte; eta poliziek, koheteek, armamentuek eta karrera-kotxeek infernuko giro hori gogorarazten digute.
Rauschenbergek Danteren Infernoko kantu bakoitza irakurri ahala irudikatu zuen, hurrengoa irakurtzen hasi aurretik. Lan hartan denbora asko eman zuen —bi urte eta erdi behar izan zituen—. Seriea osatzeko, Rauschenberg Floridako leku urrun batean isolatu zen.